Arrivederci

Veneziako Canal Grande edo Ubide Handia, gauean. Alde batean etxe dotoreak ikusten dira eta bestean gondolak.

Etxera itzultzeko hegaldia joatekoa baino askoz hobea izan zen, turbulentziarik gabea;  goizeko 4etan izara zahar eta urratuen artetik jaikitzea, ordea, nahiko desatsegina iruditu zitzaidan. Bueltako bidaia azkar egin nuela uste dut, hegazkina 7etan irten zen eta eguerdiko ordubietan etxean nengoen jada. Gasteizko inauteri zoragarriek tranbia eta autobus zerbitzurik gabe utzi nindutela ere kontutan hartu behar da.

Etxean nagoela, aurreko asteko balorazio positiboa egiten dut. Etorkizunekoak are hobeak izateko, baina, bi gai konpondu beharko nituzke: bata beste norbaiten konpainia aurkitzea, eta bestea, herrialde horretako hizkuntza ahalik eta hoberen menperatzea.

Azkenengo honekin hasiz, hizkuntzaren aldetik ez dut inolako arazorik izan; dakidan italiar apurra nahikoa izan ez zaidanean, ingelesez aritu naiz eta, pertsona bakar batek izan ezik,  gainontzeko guztiek primeran ulertu naute. Baina ingelesa larrialdi hizkuntza izan behar da goazen tokira goazela, eta ez tokiko hizkuntzen ordezkaria.

Jendea orokorrean zuzena iruditu zait, agian nire –italiar– itxurak horretara bultzatzen zituen. Bereziki lagungarriak izan dira BurgerKing-eko saltzailea (oilasko hamburgesa guztien arteko desberdintasunak azaldu zizkidana) eta tren geltokian billetea erosten lagundu zidan morroi hura (ez da nik ez nekiela; bera presaka zebilela baizik). Baita Veneziako tren geltokiko langileak ere.

Gustatu ez zaizkidanak jatetxeetako zerbitzari itsaskor batzuk izan dira, euren terrazetan eser nedin eskatuz; Venezian aurpegia margotu nahi zidaten tipo astun horiek; eskuan oparia jartzen dizutenak eta gero euro bat askatu arte bakean uzten ez zaituztenak.

Bakarrik joateak askatasuna eman didan arren, beste norbait izan banu gutxiago kezkatuko nintzateke argazki bat egiten ari naizela badakidalako maleta eta gainerakoa lapurtuko ez didatela. Edo trenean eman ditudan orduetan norbaitekin hitz egiteko aukera izango nuelako. Espero dut udakorako hau konponduta izatea.

Eta Bilbo-Venezia hegaldia aprobetxatuko duten horientzat, bi gozotegi gomendatu zizkidaten: pasticceria Tonolo (San Pantalon kalea, 30123 Venezia) campo Santa Margheritatik gertu eta VizioVirtu (Sestiere San Polo, 2898, 30125 Venezia), campo San Toman. Ez nuen denborarik izan eta hurrengoan bisitatu beharko ditut.

Honekin «Italiako bidaia» post-saila amaitutzat emango dut. Argazkiak hemen.


Argitaratua

hemen:

,

nork:

Etiketak:

Iruzkinak

2 erantzun “Arrivederci” bidalketan

  1. ci vediamo!

    1. maite

      🙂

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude