Kategoria: Liverpool (2018)

  • Garaiz iritsiko ote naiz?

    Batzuetan denbora luzez pentsatzen ditugu gauzak, den-dena aztertzen dugu, eta aukera guztiak baloratu ondoren erabaki bat hartzen dugu. Normalean horrela egiten dut nik ere. Normalean.

    Baina beste batzuetan erabakiak bat-batekoak dira eta Manchesterreko aireportuan zaude, aurpegiko argazkia duen pasaporteko orrialdea ezkerreko eskuarekin mantentzen eskumakoarekin telefonoan zerbait idazten ari zaren bitartean.

    Hegaldia hegaldi gehienak bezalakoa izan da: ezkerraldean emakume oso lodi bat, eskumaldean ordenagailuan pelikula bat ikusten ari zen gizon handi bat, eta atzekaldean kakari eutsi ezin izan duen neskatila bat, negarrez hasi dena lehenengo ordua pasatakoan.

    Hegazkineko ateak ireki bezain bizkor hartu dut nire poltsa eta ziztu bizian abiatu naiz pasaporteen kontrolera. Pasatakoan korrika egin beharko dut Skylink izeneko pasarelan behera, terminal honetatik aireportuko tren geltokira iristeko.

    Hegaldia iragarritako denboran gauzatuko balitz, 34 minutu baino ez nituzke izango trenak alde egin arte. Ez dut aireportua ezagutzen eta ez dakit zenbat denbora beharko dudan. Dakidana da 1A plataforman dagoen trenera igoko naizela.

    Dena ondo badoa, ordu t’erdiren ondoren Liverpooleko Lime geltokian egongo naiz, 30 milia edo 50 bat kilometro urrutiago. Arazoren bat baldin badago, ordea, ez. Trenera garaiz iristen ez banaiz, zazpi ordu eman beharko ditut lur edo banku hotzen batean eserita. Eta tren okerra hartzen badut Cardiff-en ager naiteke.

  • Liverpool: astelehena

    Ez, ez nintzen garaiz iritsi. Hegazkina ordurako irten izan balitz, bai. Baina trenak alde egin zidan eta aireportuko tren geltokiko aulki hotzetan eseri naiz, zer egin ez nekiela.

    Eskale batek ticketen makinaren atzean lotan zegoen beste bati desodorantea kentzen ikusi dut, eta poliziak errieta egiten. Entretenimendua bermatuta zegoen, baina hotz handiegia egiten zuenez, aireportura sartu naiz.

    Mostradore guztiak itxita zeuden, eta hogei bat pertsona erdi lotan, esku batekin maletari heltzen ziotela. Nekatu egin naiz lurrean eserita egoteaz eta hegaldien iritsiera gunean eman ditut azkenengo lau orduak. Hor ere hotz.

    Azkenean, billete berri bat erosita, 5:51ko trena hartu dut eta arazorik gabe iritsi naiz Liverpoolera, goizeko zazpiak pasata.

    Hotelean hasierako arazoa konponduta (emakume baten gelako giltza eman didate), dutxatu eta oheratu naiz.

    Apur bat lo egin eta gero (ez asko, gela igogailuen parean dagoelako), EATera joan naiz, hogeita lau ordu baino gehiago baineramatzan otordu berorik gabe, eta jakin banekien hemen bokata beroak zituztela.

    Dendaren bat ikusi dut gero, ura eta galletak erosi, behar nituen kamisetak, eta hotelera itzuli naiz deskantsatzera.

    Handik gutxira Shaun etorri da eta ibaiertzera eraman nau. Ez dut piperrik ere ikusi, laurak baino lehenago iluntzen duelako, baina tira. Bihar itzuli beharko naiz.

    Lasagna bat afaltzen ari naiz orain eta berehala oheratuko naiz gaur. Hiri honetan hamabi ordu inguru baino ez daramatzadan arren, urteak bailira sentitzen dut.

  • Liverpool: asteartea

    Bart ilunetan ikusi nuena, egun argiz berrikustea erabaki dut. Hitz egiteko modu bat da, noski, esaerak dioen bezala “abenduko eguna, argitu orduko iluna” bete delako.

    Arratsaldeko ordubietan egin du eguzkiak laino artetik irteteko saiakera —lehena eta bakarra—. Orduan izan da ibaiadar ertzeko paseoa amaitutzat eman eta bazkaltzeko garaia zela erabaki dudanean.

    Ez dut larregi luzatu eta, Napoliko zaleak areagotzen ari zirela ikusita, onena lehenbailehen hiritik irtetea zela pentsatu dut. Hotelean nituen trasteak jaso eta New Brightonera etorri naiz.

    Oso inguru lasaia dirudi, udako turismoari zuzendutakoa. Ostiralean ere hona etorriko naiz eta Wirraleko penintsularen perimetroa oinez egingo dut, Seacombe-tik West Kirby-ra. Espero dut ostirala egun eguzkitsua izatea eta hondartza zabaleko harean ibili ahal izatea.

    Pizza bat afaldu dut eta dagoeneko prest nago lotara joateko.

  • Liverpool: asteazkena

    Gelako katilu eta kettlea baliatuz eta ondoko supermerkatuari esker, hoteleko gelan gosaldu dut. Mareak gora egin du eta ez dago hondartza luzearen arrastorik. Ostiralean ikusiko dut gertutik, baina espero dut haizea moteltzea, bestela desatsegina izango da oso.

    Trena hartuta Liverpoolera itzuli naiz. Maleta utzi eta inguru komertzialera gerturatu naiz, bazkaltzeko Shaun etorri den arte. Etxe bila dabil eta horietako bat ikustera berarekin joan nahi nuen galdetu dit.

    Wirraleko penintsulan dago, baina ez da New Brighton bezalako inguru polit bat: errepide nagusi baten zarata entzuten da eta ez oso urruti institutu bat dago. Arazo handiena, baina, zera da: tren geltokitik etxe horretara 5 kilometro daudela.

    Paseoa atsegina izan da erabat ilun zegoen arren. Tudor estiloko etxe dotoreak ikusi ditugu bidean zehar, mendixkatxoa igarotzerakoan, horietako asko eta asko gabonetako argiekin apainduta.

    Nekatu samar, hoteleko gelara itzuli gara supermerkatuan erositako produktu batzuekin eta bertan afaldu dugu. Nik porridge edo euskaraz olo-ahia. Biharkoa hobea izango da, ziur.

  • Liverpool: osteguna

    Hamabietan etorri da Shaun gaur. Denbora gutxi ezer handirik egiteko baina ikusi ditugu oraindik bota gabeko portuko biltegi zaharrak. Berregiten ari dira, luxuzko etxebizitza saltzeko ondoren, ziurrenik.

    Albert kaian bazkaldu dugu sandwich bana, eta bera etxera joan da ni itsas-museoa ikusten gelditu naizen bitartean.

    Itsas-museo izena duen arren, oso enfokatuta dago gerra garaiko garraioari eta Lusitaniari: naziek 1915eko maiatzaren 7an hondoratu zuten itsasontzia.

    Cunard eta White Star Line transatlantikoen enpresen egoitza hiri honetan zegoen, eta 1960. hamarkadara arte itsasontzia zen garraio sistema nagusiena.

    Transatlantiko horietan lan egiten zuten Liverpooleko askok eta askok, eta horregatik Titanic ontziaren esposaketa bat ere badago ikusgai solairuetako batean, Titanic Belfasten eraiki bazuten ere, Liverpoolen erregistratuta zegoelako, Lusitania bezala.

    Museoa ikusteko pare bat ordu behar dira gutxienez, eta hori Titanic-en eta esklabotzaren (Liverpool inperio britainiarraren portua zenean europako esklabuen hiru laurden hemen salerosten zela diote) esposaketak ikusi gabe.

    Museoa ikusitzat eman dudanean, katedrala bisitatzera joan naiz. Ia 190 metro luze da eta horrek munduko katedralik luzeena egiten du. Munduko bost katedral handienen artean dago.

    Horrela bukatu dut eguna eta hoteleko gelan apur bat deskantsatu eta gero, lasagna bat afaltzera joan naiz.