Etiketa: london

  • Londres atzean utzita

    Ontziak sortzen dituen olatuak Thames ibaian, Canary Wharf atzean utzita, neguko goiz eguzkitsu batean.

    Urtebete inguru eman dut Erresuma Batuko hiriburuan, 2014ko urtarrilaren 19an bertara iritsi nintzenetik, abenduaren 16ra arte. Hiria bera zoragarria den arren, ez zuen inolako zentzurik bertan geratzeak lanik gabe eta nengoen baldintzetan.

    Azken hilabeteak, gainera, makurrak izan dira: parkeak arratsaldeko lauretarako itxita eta museoak bostetarako, ezer gutxi egin daiteke pub edo kafetegietatik kanpo. Etxeko emakumea oihuka bere esperantza guztiak gainontzekoen sorbaldetan jartzeagatik, eta lapurreta saiakera… Zoratzekoa izan da, eta Londresen negua Gasteizen baino leunagoa izango den arren, I called it a year.

    Londres atzean utzita, urte berriari harrera egin beharko zaio.

  • Ezinezkoa dirudi

    Taula baten pantaila-argazkia, fokuz kanpo.
    Lan eskaeren jarraipena

    Bost hilabete baino gehiago daramatzat lan bila Londresen, eta ezinezkoa zait ezer aurkitzea. Jakin banekien arren zaila izango zitzaidala kazetari bezala jardutea atzerrian, hasieran kazetaritzarekin zerikusia zuten lanak eskatu nituen.

    Euskal Herrian ez dakit, baina hemen curriculuma bidaltzeaz gain, motibazio eskutitz bat idatzi behar duzu. Beraiek aipatzen ez badute ere. Eskutitz horretan lan eskaintzan aipatzen diren betekizun guztiak menperatzen dituzula sinestarazi behar dituzu. Konbentzitu behar ditu, bestela ez zara hurrengo fasera pasako-eta. Eta noski, ez du balio eskutitz modelo bat izatea: beti moldatu behar duzu; eskaintzaren neurrira egin behar duzu.

    Lan bat eskatzen duzunean, ondo; hamar, tira. 50 eskatu dituzunean, ordea… nazkatuta bukatzen duzu. Gainera, erabat irrealak dira motibazio eskutitz horiek, lan eskaintzan azaltzen diren betekizunen antzera. Gaitasun zerrenda amaiezinak lizentziatu berrientzat? Orrialde bakar batean ezin dira ∞ gaitasun justifikatu.

    Kazetari izateko deitzen ez zidatela ikusita, aukerak zabaltzen hasi nintzen. Badakigu kazetariak ez direla erredaktore hutsak, eta bideo edizio, WordPress kudeatzaile, aldizkarietarako iragarle-bilatzaile, itzultzaile eta antzekoak eskatzen hasi nintzen.

    Udako euli gorrotagarri horien antzera, zurrumurru bat entzuten nuen nire inguruan uneoro: espektatibak jaitsi behar nituela, hasierako lanak beti direla janari azkarreko jatetxe horietako batean, etab. Senior edo Manager postuetarako eskakizunak egiten ibiliko banintz bezala! Bada, ez: beti eskatu ditut praktikak, lehenengo lanpostu edo lizentziatu-berrien kategoriak.

    Jasan behar ditudan beste komentario konstruktibo batzuk:

    • «Es ke espainarra izanik ziur akatsekin bidaltzen dituzula curriculuma edota motibazio eskutitza»
    • «Eskaera asko jasotzen dituzte enpresek eta ez dituzte guztiak irakurtzen. Lagunen bat barruan dutenek lortzen dute lana bakarrik»
    • «Hemen dirua eta denbora galtzen ari zara, ez duzu ezer lortuko. Inoiz ez»

    Urrian, azkenean, itzulpengintza enpresa batetik idatzi zidaten, bigarren motibazio eskutitz bat bidaltzeko eskatuz. Skype elkarrizketa izan zen ondoren. Geroago zuzeneko elkarrizketa egin genuen. Azkenean ordenagailu froga egin zidaten: lanpostua itzulpenak maketatzeko zen InDesign erabiliz eta azaldu zidaten estiloak erabiltzen nekien ikusiko zutela. Besterik ez.

    Azkenean, kostata, berandu, nire epostari erantzun zioten, hurrengo fasera ez nintzela igaro esanez. «Gainerako biek esperientzia dute alfabeto ez latinoak maketatzen», gaineratu zidaten. Eta horretarako izan nauzue bi aste gora eta behera? Egindako froga “zuzenduta” itzuli zidaten, eta maketazioa pobrea zela zioten. Azal lodia behar da gero!

    Diseinatzaile grafiko postuak begiratzen ari naiz, baina itxaropen gutxirekin. Iragarkiek ez dute laguntzen, eta gehienak adarjotze hutsak dira.

    Lan-eskaintza bat. Testuak dio: Applicants must have laptop with design software installed already. Skills required: Graphic design, illustrator, photoshop. HTML coding. Flash. Dreamweaver. WordPress. MySQL.

    Honako eskaintza honek zera dio: Adobe Photoshop, Illustrator, Dreamweaver, Flash, HTML lengoaia, WordPress eduki kudeatzailea eta MySQL datu-base sortzaile eta kudeatzailea menperatu behar dituzula. Gutxi balitz, programok zure ordenagailuan izan behar dituzu jada [doakoak ez direnak, sorpresa!], eta ordenagailu horrekin lan egingo duzu. Zure ordenagailua. Orduan, zer da enpresa buruak jartzen duena, lokala besterik ez? Argindarra ere langileek ordaindu beharko ote dute? Txiza egin nahi duzun bakoitzean 30p kobratuko dizute?

    Lanen kategoria gero eta gehiago jaitsi dut eta duela gutxi eskalada-murru edo rokodromo batean eskatu nuen lana. Iragarkia:

    Lan-eskaintza bat. Testuak dio: We have some Part-time and Full-time work positions coming up over the next months, so come and join the team! No professional experience required, all training provided. Please send cv to us here.

    Ikusten duzuenez, ez dago batere argi zertarako den: instalazioak garbitu, bezeroen autoak aparkatu, sarrerak saldu… batek daki. Eskatu nuen eta hau da erantzuna:

    Many apologies, but on this occasion we are unable to offer you a position. We are looking for people whom can teach Introduction courses, therefore we are unable to offer you an interview.

    Hain zaila al zen iragarkian zehaztea? Zergatik diote ez dela inolako esperientziarik behar, beraiek emango dizkizutela behar diren ikastaro guztiak, gero 50 urteko esperientzia nahi baldin badute? Onartu behar da behintzat erantzun dutela, gehienek egiten ez dutena. «Ez da esperientziarik behar, baina bi urte edo gehiagoko esperientzia izatea gomendagarria da» zioen beste iragarki bat gogorarazi dit.

    Janari-azkarreko jatetxe-kate batean ere saiatu naiz [saiatu ez naizela leporatu ez diezadazuen], eta 12 ordutan nire eskaera atzera bota dute. Hamabi ordu! Nire izena eskaeretan eskaneatu eta automatikoki baztertzen nauen erroboten bat ote dago? Hori dirudi.

    Eta horrela guztia. Abenduaren erdialdean Gasteizera itzuliko naiz behin-behinean. Zertarako, ordea? Ez al dut hemen izaten ari naizen arazo bera izango?

  • Zaharrak berri

    Rope Streeteko logelako apalategia. Janaria, higienerako produktuak eta ontziteria, besteak beste.
    Logelako apalak

    Zer esan ez dakidala hasi naiz idazten, ezta nola esan ere. Larunbat gaua da eta txokolatezko galletak jaten ari naiz Johnny Flynnen azken diskoa entzuten dudan bitartean. Piztu ditudan hiru kandelek gaur bertan erosi ditudan flanela eta Egiptoko kotoizko izarak ikusteko beste argi ematen dute, baina ez askoz gehiago.

    Ez pentsa luxuzko izena duten produktu horiek hain onak direnik, baina: edozein Primark edo Tescon aurkitu daitezke. Hain beharrezkoa dudan goxotasuna ematen didate ordu gutxi batzuetarako bada ere. Logelako atea zeharkatzen dudanean hasten da mundu deseroso eta zakarra.

    Etxean, emakumeak bikotea bota zuen, eta bikote berriaren etxean pasatzen du denbora luze –ondo–, baina batzuetan etxera dator eta ez bakarrik: alaba ere ekartzen du, bederatzi urte dituena. Alaba honek, nire yogurt eta zukua edateaz gain –gaizki–, nire komuna erabili eta, libratu ondoren, ez du zisterna husten –oso gaizki–. Orain, gainera, sukaltarriko hodia buxatu egin da [o sea, blokeatuta dago] eta ezin platerak garbitu. Ezta pujata jarri ere, hoditeria bera darabiltelako (!!!).

    Kalean, eguzkia gero eta lehenago ezkutatzen da. Euria ere egiten du batzuetan, eta oskarbi dagoenean ere, belarrak hezea dirau, eguzkiak ez baitu lehortzeko indarrik dagoeneko. Tenperaturak behera egin du eta haizea bortitza izan da azken astean. Daukadan arroparekin pozik nabil kalean, baina badakit gero eta zailagoa egingo zaidala udan beste ordu kalean ematea. Lanean hasteko momentu egokia.

    Astean 5-7 lan-eskaera egiten ditut, baina ez dut erantzunik jasotzen gehienetan. Jasotzen dudanean ezezkoa da. Lau hilabetetan ez dut elkarrizketa bat bera ere lortu. Gaizki zer egiten ote nabilen galdetzen diot buruari.

    Robyn Hitchcock kantagilearen "The man upstairs" diskoa, sinatuta.
    The Man Upstairs diskoa

    Lan ez egiteak abantailak ditu ere, ez pentsa! Egunero 15 bat kilometro ibil naiteke eta argazki batzuk egin ditut azken aldian; hilabetea bukatu baino lehen igotzen saiatuko naiz. Webguneak diseinatzeko ikastaro batean izena eman dut ere. Eta, duela astebete, Robyn Hitchcock entzutera joan nintzen, The Man Upstairs diskoa aurkeztu zuenean Shoreditcheko musika denda batean. Diskoko abesti guztiak jo zituzten berak eta diskoa grabatu zuten beste hiru musikariek. Urteak neramatzan horrelako zerbaiten zain.

  • Bigarren fasea

    Thames ibaiaren ikuspegia lainotutako egun batean. Hodeiak dira nagusi.

    Gasteizera joan nintzen eta Londresera itzuli naiz. Pare bat aste eman ditut dagoeneko Erresuma Batuko hiriburuan eta luzaroagoan geratzea espero dut. Ez da ezer aldatu kanpoan egon nintzenetik, badakizue: si monchinos os dejé…

    Baina aldatuko dira. Hau da nire azken eskola astea; azken aldian ez dut uste gauza asko ikasi dudanik eta denbora eta dirua hobeto aprobetxatu nahi ditut. Proficiency azterketa prestatu nahi dut eta eskolan hori egingo genuela esan ziguten arren, asko hitz egiten dugu baina ezer konkretua praktikatu gabe.

    Faltan ditut hasierako Jonnyren eskolak: gramatika edo hiztegia ikasi eta ondoren hitz egiten genuen, lehenago ikasitakoa praktikan jarriz. Orain, aldiz, Kareni ez zaio gramatika ikastea gustatzen eta edozein aukera baliatzen du gaiz aldatu eta edozeri buruz hitz egiten hasteko. Entretenigarria da, baina hori bera pubean egin genezake eskola ondoren, ordaintzen duguna ordaindu gabe. Beraz, Jorge espainiarrari berak hemen kontratatu zuen irakasle partikularraren telefono zenbakia eskatu diot.

    Dirudienez Karenek berak Proficiency azterketa egiteko asmoa dauka eta prestatzeko liburu batzuk batera eskatuko ditugu, garraioa merkeagoa izan dadin. Elkarrekin ikas genezakela ere esan du baina batek daki azkenean zer gertatuko den. Bitartean curriculuma hobetu eta aurkezpen karta madarikaturen bat idazten ari naiz. Esan al nizuen gizarte-segurantza zenbakia jaso nuela?

    Etxeari dagokionez, aurreko asteburuan bikotearen alaba egon zen egongelan lo egiten, lagun batekin. Pare bat jogurt jan zizkidaten. Gurasoek azaldu zidaten berari ez ziotela esan hozkailuko nire apala zela hori, eta itzuliko zizkidatela. Baina nire apalean zukua eta gurina agertu dira alaba ez zegoenean. Zerbait egin beharko dut gogorarazteko apal hori nirea baino ez dela. Momentuz jogurt bat baino ez didate itzuli.

    Azukrea ere aldatu didate: nirea beraiek hartu eta niri ireki gabe zegoen bat utzi didate. Betek daki zergatik, ez dut pentsatu egin nahi ere zer egin duten nire azukrearekin. Horrez gain, aste honetan morroia baino ez dago: emakumea oporretara joan omen da. Eta tipoa aipatu dudala, gaixorik edo alergiak jota dabil. Nik ere arazoa daukat arnasa hartzeko eta pilulak hartzen ari naiz baina hobekuntzarik nabaritu gabe.

    Ostiralean Iñigo izeneko tipo bati deitu nion. Londres kanpoaldean bizi da eta kazetari bezala dihardu espainiar estatuko egunkari batean. Afaltzera gonbidatu nau emaztea eta bera bizi diren etxera. Lekutan dago, baina tira… beraz, bonboi batzuk-edo erosi beharko ditut.

    Erresuma batuko ohiturekin batera afalduko dugun arren (gutxi gorabehera), berandu etxeratuko naizelakoan nago eta beste egunen batean emango dizuet afariaren berri.

  • Metro madarikatua

    Victoria lineako metroko bagoi bat, erabat hutsik, Brixtonerako bidean.

    Apirilaren 25a. Bi hilabete Surrey Quays-ra iritsi nintzela eta, zorionez, kontratua amaitu zait. Ospatzekoa da hori. Itzuli didaten fiantzarekin baita ondo ospatzekoa ere! Baina ingurua hainbeste gustatu zitzaidanez, gertu geratzea erabaki dut. Suzanne irakasleak inguru ez oso segurua dela esan arren.

    Oraingo gela garestiagoa da, bai; baina bikote batekin baino ez dut konpartitzen pisua. Lehengo gela metrotik gertuago zegoen, bai; baina ez zituen bizitzeko baldintzak betetzen. Oraingoa duela gutxi berriztu zen eta oraindik egoera onean dago. Moketa nazkagarria atzean utzi dut eta bikoteak sukaldeko trasteak garbitzen ditu, ez lehengo etxeko drogazale horiek bezala.

    Kontua da metro geltokia bera dela. Eta hori ona eta txarra da. Overgrounda Surrey Quays-etik Canada Water-era, Jubilee orduan Bond Street-eraino, eta amaitzeko Central Notting Hill Gate-era iritsi arte. Baina Bond Street geltokia itxi dute eta ez dago aldaketa bertan egiterik.

    Delays
    Mugikorrerako Citymapper aplikazioaren pantaila-argazkia. Jubilee linea, nik hartu behar nuena, abisu batekin ageri da.

    Metro ibilbidea aldatu behar izateak gehi geltokitik urrunago bizi izateak, lehen ordu erdiko bidaia zena orain ordubetekoa bihurtu du. Eta ezin asmatu linien konbinaketarekin: Surrey Quays + Canada Water + Waterloo + Oxford Circus = Notting Hill Gate, edo Surrey Quays + Shadwell + Bank = Notting Hill Gate, edo Surrey Quays + Canada Water + Westminster = Notting Hill Gate, edo Surrey Quays + Green Park + Oxford Circus = Notting Hill Gate. Zoratzekoa. Ordu horietan, gainera, metroa gainezka doa. Baldin badoaz, askotan arazoak egoten baitira, atzerapenak eraginez.

    Bada, orain, horri guztiari, metroko langileen greba gehitu behar zaio. Metroko langile kopurua murriztu nahi dute eta iritzi publikoa alde izateko, egunean 24 orduz martxan izango dutela diote arduradunek (Metroa erdi publiko, erdi pribatua da), Londreseko jendea bat ez badator ere. Izan ere, autobusak 24 orduz dabiltza eta horrekin nahikoa dela uste dute. Primeran iruditzen zait greba egin dezaten etorkizuneko langile eta oraingo erabiltzaile bezala, baina gurasoak datozen egunetan izan behar al da?