Kategoria: London 2014

  • Bi aste Londresen

    Harry Potter pelikula errodatu zen korridoreetako bat, Oxforden.
    Oxfordeko Christ Churcheko klaustroa

    Bigarren astea pasa da eta apenas egon da aldaketarik. Eskolan morroi berri bat dugu eta espainola izan nadin nahi du. Gaurkoan jolas bat egin dugu: tipo hau eta Alexia lan bila ari ziren, eta ni elkarrizketa ari nintzaien egiten. Guztia lotu du sexu eta emakumeen bortxaketekin eta, imajinatzen duzuenez, ez diot lana eman. Bere azken argudioa zera izan da: biok espainolak ginenez, berari eman behar niola lanpostua.

    «Baina Xabi euskalduna da», azaldu dio orduan irakasleak. «Ez, espainola da», erantzun dio tipo honek. Eta horrela jarraitu dute haietako bat nekatu den arte. Atsedenaldiaren ostean, astelehenero bezala, ikasle berri bat gehitu zaigu, mexikarra, eta nongoak ginen galdetu digu. Nire txanda iritsi eta Euskal Herrikoa nintzela adierazi diodanean, atzetik «espainola» entzun da.

    Suposatzen dut morroia ez dela gustora sentitzen klasean, bere ingeles maila baxuagoa delako; eskolak maila baxuago bat gomendatu zion, baina berak mailaz igotzeko eskatu zuen. Zerbait ulertzen ez duenean niri galdetzen dit, eta ni ingelesez saiatzen naiz azaltzen (ingeles eskolan gaude!) berak explícamelo en español agintzen didan arte. Bokata jatera joan eta zerbitzariari ni bere itzultzailea nintzela esan dio zerbitzariak zer esan dion ulertu ez duenean! Ostirala bere azken eguna da, eskerrak. 20 urterekin sagarrak bere amak zuritzen dizkiola baino ez dut gehituko.

    Etxean, ostiralean jabea ez zen agertu, ez afaria prestatzeko ezta lo egiteko ere. Lagun batekin zegoen honen semearen zain, bere urtebetetzea zela eta ez-dakit-nondik zetorrela. Goizeko ordubatetan etxera itzultzeko berandu zela erabaki eta lagunaren etxean geratu zen.

    Kontzientzia garbitzeko-edo, igandean igeritokira eraman ninduen eta baita bertako sarrera ordaindu ere. Oso atsegin dabil azken egun hauetan. Igeritokiko betaurrekoak apurtu zitzaizkidan zoritxarrez, eta berehala atera behar izan nintzen. Kolekta bat egiten ari naiz berriak erosteko. Aurki kontu korrontearen zenbakia emango dizuet.

    Larunbatean Oxforden egon nintzen eta ondo, baina bidaia luzea da (ordu t’erdi) eta herria jendez gainezka dago. Fakultateak garestiak dira eta kontutan hartu bazkal orduan geldialdia egiten dutela. Baina gomendatzen dizuet.

    Bestela, Londresen, kalean hotz, baina euririk ez. Eskumako eskua erabat atrofiatuta iristen da etxera, bidean zehar maiz begiratzen dudalako mapa mugikorrean, eta pantaillek ez dituzte eskularruak detektatzen. Portzierto, gogoratzen al duzue Jack Nicholson As good as it gets (edo Mejor imposible) filmean? Bada, pelikulan bezala, baldosen arteko marrak zapaltzen ez dituen bat ikusi dut gaurkoan.

  • Errepidepean

    Jendea futbolean jolaketzen pasabide jaso baten azpiko zelaian. Etxebizitza altuak ezkerraldean, gaineko pasabidea eta gero. Ilunsentia da.

    Argazki honek 2006ko World Press Photon ikusi nuena ekarri dit gogora, errepide zaratatsu baten azpian kirola egiten, ateri, noizean behin erortzen diren itofin zikinengatik izango ez balitz.

  • London: lehenengo eskola astearen amaiera

    Jatetxeko paperezko poltsa bat. "Txabi tuna" du idatzita.

    Hotz egiten du, baina eskolara joateko ibiltzen ematen ditudan 25 minutuek berotan mantentzen naute, batez ere Notting Hill muinoa zeharkatu behar dudanean. Thais eta Adrian-en azken eguna izan da. Thaisek argazki bat egin du Jonny irakaslearekin. Astelehenean eskolara itzuliko da Brasilera. Adrianek lan-elkarrizketa bat dauka asteazkenean.

    Scouse Separatists
    Ikurri bat baina erdian "Scouse separatists" dio eta LFCeko ikur batzuk ditu.

    Eskola tartean daukagun minutu horietan Jonnyk ondoko ikurrina erakutsi dit LFC zale batzuen eskutan. Txantxa artean dio eurek ere (scouseek) independentzia nahi dutela. «Baina Liverpool zaleak dira horiek, eta zu Evertonena zara», esan diot nik. «Tira, horrek ez du garrantzirik» berak.

    Azken minutuetan ostiralero egiten den azterketa izan dugu eta agurtu ondoren eskailerak jaistera nindoala nire izena entzun dut norbaiten ahotan. «Bai, neu naiz», erantzun dut nik. Fran du izena eta, imajinatuko duzuen bezala, espainiarra da. Beste bi lagun ditu: Juan eta Jorge. Jonnyk hitz egin die nitaz.

    Bazkaltzera joan gara orduan, Subwayra. Janari azkar kate horietako bat da eta oin bateko luzera zuen atun-ogitarteko bat aukeratu dut. Orduan atzokoa etorri zait gogora, EATen jan nuena, atun-bokata atzokoa ere. Egia da txikiagoak eta garestiagoak direla, baina merezi du. Hozkailuetan dituzte EATeko bokatak, eta berotu egiten dituzte ordaintzerakoan. Kontsumitzailearen izena idazten dute poltsan, norena den jakiteko mikrouhin-labetik irteten direnean.

    «Espainiarra al zara?» galdetu zidan izena esan nionean saltzaileari, eta euskalduna nintzela adierazi nion. «Nire gurasoak San Sebastianekoak dira» berak. Espainiar Erresumara batzuetan joaten dela baina Donostia ez duela ezagutzen azaldu zidan orduan. Eta lehenengo zigilua jarri zidan, beste hamaika alditan itzultzen banaiz, sopa bat debalde izateko.

    Goiko solairu eguzkitsuan egon nintzen bazkaltzen, lasai-lasai. Baina horiek atzoko kontuak dira. Gaurkoan hodeiak nabarmendu dira. Jorge apartamentura itzuli da bazkal ondoren, Juan ikasle-egoitzara lo-kuluxkatxoa egitera, eta Fran eta biok Hyde Parken egon gara hitz egiten.

    Azkenean Juan gehitu zaigu eta Portobelloko guztia libera [esterlina] baten truk erakutsi didate. Eta etxera etorri naiz. Ea banekien Moyra noiz etorriko zen galdetu dit Tangik. Nik ezetz. 20:30ak dira. «Ostirala da, ostiraletan pubera joan behar da» aitortu dio pisukide frantsesari honek itaundu duenean. Musika arraro bat jarri du egongelan duen musika-aparailuan, altu, sukaldean afaria prestatzen dagoela entzun nahi baitu.

  • London: lehenengo eskola eguna

    Zuhaitzen abar biluziak, etxe baxu baten teilatua, bulego itxurako eraikin bat eta errepide bat logelako leihotik ikusita.

    Bitxia da etxeko emakume hau. Argi guztiak piztuta utzi ditu biok sukaldean gauden arren. Sukaldea berriztatu berria da baina hainbat gauza falta dira: ke-erauzgailua (kanpaia) esaterako. Beraz, ke eta lurrun guztiak ateratzeko leihoa irekita dago, sukaldean ez ezik, gainontzeko beste geletan ere. Apostu egingo nuke berokuntza zentrala duela.

    Afal ondoren dutxatu eta ohera joan naiz. Saiatu naiz leihoa ixten baina pieza bat falta zio, eta azkenean jabeari esan diot. Hotz ote naizen galdetu dit. Bestela berari esateko eta berogailua piztuko didala. Oheak bi edredoi ditu eta ez naiz hotzik izan. Etzan eta berehala konturatu naiz leiho finek pasatzen uzten duten trafiko zaratak ez dituela beste ikaslearen zurrunga hotsak estaltzen. Lastima.

    Goizean eskolara joan eta han sartu gaituzte Brasilgo neska bat eta biok beste hiru brasildar eta frantses batekin. Etxekoarekin gertatzen zaidana errepikatzen da eskolakoarekin: ez dakidala noiz ari diren ingelesez eta noiz frantsesez, egiten dituzten soinuak berdin-berdinak direlako. Berehala galdetu dit ea nongoa nintzen, desesperatuta, hainbeste brasildarrekin bereizirik sentitzen baita.

    Bukatutakoan, buelta bat eman eta etxerako bidean sandwich bat (tomate eta gazta sandwicha) eta koka-kola bat erosi ditut, etxean jateko. Karpeta utzi eta berriro atera naiz kalera, Royal Albert Halleraino joan naiz hain zuzen ere. Fisikoki nekatuta egon arren, gehiago ikusteko prest nengoen, baina berehala iluntzen du hemen. Etxera bueltatu eta etxerako lanak egin ditut besteen zain nengoen bitartean. Gaurkoan pasta afaldu dugu.

    Ezer berezirik gertatzen ez bada, bihar ez dut idatziko. Argazkiak hona igotzen ari naiz.

  • London: lehenengo eguna

    IMG_20140119_164232
    Hegazkinaren motorea hegazkinaren barrutik ikusita. Zerua urdin dago eta beherago hodeiak ikusten dira.

    Hegaldia ezin hobeto joan da. Horrek ez du esan nahi deshidratatu ez naizenik. Bilbo estaltzen zuten lainoak igarota, bidaia osoan zeru urdina izan dugu eta turbulentziarik gabe iritsi gara Heathrowra, espero baino 20-25 minutu goizago. Muga berehala pasa dut pasaporte elektronikoari esker, nire maleta lehenetarikoa izan da irteten, eta ondoren mugikorrerako sim txarteltxoa erosi dut metroaren pasearen bila joan baino lehen.

    Anfitrioiak esan bezala, geltokira iritsi naizenean mezu bat bidali diot (zenbaki zaharrarekin, telefonoko txarteltxoa aldatzeko behar den orratz madarikaturik ez neukalako). 20 minutu geroago beste bat. Azkenean deitzea erabaki dut eta orduan konturatu naiz zenbakia gaizki markatuta neukala. Nire bila etorri da eta etxera eraman nau, berau erakutsi dit eta sukaldean eseri naiz berak afaria prestatzen zuen bitartean: Sunday roast.

    Gaurkoan ahatea. Berarentzat janaria zein garrantzitsua den azaldu dit bitartean, bere seme-alabak igerilariak direla eta pila bat jaten dutela, coca-colarik ez duela hozkailuan, etab. Handik orduren batera etxeko beste ikaslea etorri da. Frantsesa da bera, duela bi aste etorri zen eta hiru hilabeterako geratuko da. Asteburu honetan etxera bueltatu da emaztea eta alabak bisitatzera. Esan beharrik ez dago bere logela onena dela.

    Afaldu ondoren Ikeako altzarietan sartu dut nire arropa. Tiraderak (kajoiak) zikinak daude eta The Ghost Writer pelikulan bezala buelta ematen ere, zikinkeria ez da erortzen, pegatuta dagoelako. Nik ez dut inolako sobrerik aurkitu, ordea. Jabeak dio ez ninduela hain goiz espero, baina ez dut uste garbituko lukeenik denbora izango balu ere. Eta ez da izango garbitzekorik ez daukalako.

    Garbiketa produktu pila bat komunean.
    IMG_20140119_222517

    «Nik bakarra erabiltzen dut, ez ditut 200 erabiltzen» dio telebistan iragartzen den garbiketarako produktu ezagun batek. Beti pentsatu izan dut esaldi hori puztuta zegoela. Bada, 200 produktu erabiltzen dituen emakumea ezagutu dut gaur. Beste komunean gehiago ditu. Eta sukaldean beste hainbeste.