London: lehenengo eskola astearen amaiera

Txabi TunaHotz egiten du, baina eskolara joateko ibiltzen ematen ditudan 25 minutuek berotan mantentzen naute, batez ere Notting Hill muinoa zeharkatu behar dudanean. Thais eta Adrian-en azken eguna izan da. Thaisek argazki bat egin du Jonny irakaslearekin. Astelehenean eskolara itzuliko da Brasilera. Adrianek lan-elkarrizketa bat dauka asteazkenean.

Scouse SeparatistsEskola tartean daukagun minutu horietan Jonnyk ondoko ikurrina erakutsi dit LFC zale batzuen eskutan. Txantxa artean dio eurek ere (scouseek) independentzia nahi dutela. «Baina Liverpool zaleak dira horiek, eta zu Evertonena zara», esan diot nik. «Tira, horrek ez du garrantzirik» berak.

Azken minutuetan ostiralero egiten den azterketa izan dugu eta agurtu ondoren eskailerak jaistera nindoala nire izena entzun dut norbaiten ahotan. «Bai, neu naiz», erantzun dut nik. Fran du izena eta, imajinatuko duzuen bezala, espainiarra da. Beste bi lagun ditu: Juan eta Jorge. Jonnyk hitz egin die nitaz.

Bazkaltzera joan gara orduan, Subwayra. Janari azkar kate horietako bat da eta oin bateko luzera zuen atun-ogitarteko bat aukeratu dut. Orduan atzokoa etorri zait gogora, EATen jan nuena, atun-bokata atzokoa ere. Egia da txikiagoak eta garestiagoak direla, baina merezi du. Hozkailuetan dituzte EATeko bokatak, eta berotu egiten dituzte ordaintzerakoan. Kontsumitzailearen izena idazten dute poltsan, norena den jakiteko mikrouhin-labetik irteten direnean.

«Espainiarra al zara?» galdetu zidan izena esan nionean saltzaileari, eta euskalduna nintzela adierazi nion. «Nire gurasoak San Sebastianekoak dira» berak. Espainiar Erresumara batzuetan joaten dela baina Donostia ez duela ezagutzen azaldu zidan orduan. Eta lehenengo zigilua jarri zidan, beste hamaika alditan itzultzen banaiz, sopa bat debalde izateko.

Goiko solairu eguzkitsuan egon nintzen bazkaltzen, lasai-lasai. Baina horiek atzoko kontuak dira. Gaurkoan hodeiak nabarmendu dira. Jorge apartamentura itzuli da bazkal ondoren, Juan ikasle-egoitzara lo-kuluxkatxoa egitera, eta Fran eta biok Hyde Parken egon gara hitz egiten.

Azkenean Juan gehitu zaigu eta Portobelloko guztia libera [esterlina] baten truk erakutsi didate. Eta etxera etorri naiz. Ea banekien Moyra noiz etorriko zen galdetu dit Tangik. Nik ezetz. 20:30ak dira. «Ostirala da, ostiraletan pubera joan behar da» aitortu dio pisukide frantsesari honek itaundu duenean. Musika arraro bat jarri du egongelan duen musika-aparailuan, altu, sukaldean afaria prestatzen dagoela entzun nahi baitu.


Argitaratua

hemen:

nork:

Etiketak:

Iruzkinak

Erantzun bat “London: lehenengo eskola astearen amaiera” bidalketan

  1. Nola idatzi duzun gustatu zait.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude