Eguna ohi baino motelago hasi da. Lainoak inguruko mendi garaienak estaltzen zituen eta giroa goibela zen. Gizakiok ere polikiago genbiltzan. Josebak Hortli Hut aterpetxera igotzeko asmoa zeukan eta —berak onartuko ez duen arren— apur bat urrunago ere, baina behingoz sena gailendu da eta bertan behera utzi du asmo zoro hori.
Zermattetik Furira joan gara oinez. Furi Zermatt baino garaiago dago eta beraz ibilbide erdia aldazgora izan da eta beste erdia aldazbehera. Eguzkia atera da eta tenperaturak gora egin du, atzokoen parekoa bilakatzeraino. Furin freskagarri bat edan eta itzulerako bideari ekin diogu. Igoera zinez polita izan da, zuhaitz artean. Jaitsiera, aldiz, ezaguna zitzaigun eta ez zituen hainbeste zuhaitz (eta beraz itzal). Lehenengo egunean Gormegratetik Zermattera jaitsi ginenean ere zati hau egin behar izan genuen.
Ibilbidea motza izan da, 5,75 kilometrokoa eta Zermatten bertan bazkaldu dugu ogitartekoa, eliza atzekaldean dagoen parke txukun batean. Arratsaldean batzuk herrian gelditu dira, eta beste batzuk Gornegratera igo gara laban baten bila. Dendako emakumea oso atsegina izan da. Labana bat erosi dugu eta izena grabatu digu, baina horrez gain etxetik generaman labanean ere grabatu digu izena debalde.
Gornegratera kremailerazko tren batean igo eta jaisten da normalean, 1,200 metroko desnibela ekidin nahi baduzu behintzat. Bidaiak 35-40 minutu inguru tardatzen du eta lokartzeko modukoa da, batez ere gu bezala bost egunetan hiru aldiz egin baduzu joan-etorria.
Zermatten berriro, goizean utzitako arropa zikina jaso dugu labanderiatik. Uruguaiko emakume bat da nagusia eta Katalunian apartamentu bat dauka. Hitz egiteko gogoz zebilen.
Kanpotik argi dekadente bat daukan jatetxera sartu gara geroago, afaltzeko asmoz. Hogei bat minutu itxaron behar izan dugu mahairen bat libratu artea. Barrutik ez zen batere kutrea eta oilasko paparra primerakoa izan da; txikiegia nire gustorako. Paparrarekin batera entsalada erraldoi bat zetorren, handiegia nire gustorako.
Afal ondoren herriko kaleetan zehar ibili gara. Gaurkoan ez dago musikarik eta askoz hobeto lo egingo dugulakoan nago.
Utzi erantzuna