Pirinioak 2018: uztailak 24

Ahatea BanyolesenAurrekoetan kosta aldera jo izan badugu, gaurkoan barrurantz joan gara. Banyolesen 1992ko Olinpiar Jokoen arraun lehiaketak ospatu ziren bertako lakuan. Guk lakuari bira eman diogu.

Zortzi kilometroko ibilbide lau eta erraz bat izan da, zorionez galtzeko aukera gutxi zituena lakuaren ertzetik doalako. Bero egin badu ere, itzalpean joan gara bidea zuhaitzek babesten dutelako, eta badago ere ur gardenetara sartzeko aukera mugatutako eremuetan. Uretara jauzi egin dutenen arabera, El Port de la Selvako itsasoan baino beroagoa zegoen ura.

Lakuaren erdian badaude kale batzuk, arraunean egiteko. 1992ko jokoez gain, 2004an ere ospatu zen laku honetan Munduko Arraun Lehiaketa.

Aurreko egunetan bezala, gutxi jan dugu. Ur ertzeko taberna batean eseri eta zer edo zer eskatu dugu sabela apur bat bete eta Andorrarako bideari ekiteko. Autoko GPSak 180 Km inguruko bidea proposatu digu, hiru bat ordu. Bidea, ordea, bihurgunez josita egon da eta amaiezina iruditu zaigu.

Ekaitza La MolinanKilometro luzez geu bakarrik gindoazen errepidean eta bide zuzena ote zen galdetu diogu gure buruari. Gainera, La Molinara iristen ari ginela, zerua erabat belztu eta izugarizko txingor ekaitza hasi da. Ez zegoen modurik egoera horretan gidatzeko eta galditu behar izan gra ekaitza apur bat baretu arte.

La Seu de Urgel-etik gora jarraitu dugu, oraindik euri artean. Aurreko aldietan ez bezala, muga zeharkatzea nehiko azkarra izan da. Hasierako gasolindegi eta supermerkatuak atzean utzi eta Andorra la Vellara iritsi gara azkenean. Ohiko hotela ez zenez, eta Meritxell hiribidea obretan zegoenez, kostata sartu gara hoteleko aparkaleku estuan.

Paseo bat eman, afaldu, eta oheratu gara, bidaia luzearen ondorioz lur jota.


Argitaratua

hemen:

nork:

Etiketak:

Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude