Beroaren itzulerarekin (35°C) ahalik eta gutxien ibiltzeko aitzakiak bueltatu dira. Sant Pere de Rodes monasterioa bisitatzera joan gara hasieran baina astelehena izanda itxita zegoen.
Autoa aparkatzen den gunetik monasterioaren ateraino hamar minutu baino ez daude, baina azala babesteko eguzkitako krema eman dugu hala ere.
Aparkalekutik hain gertu egonda nahiko jende ikusi dugu gaurkoan, aurreko egunetako ibilbideetan ez bezala. Orain arte, egindako bideetan bizpahiru pertsonarekin baino ez dugu topo egin. Gaur, aldiz, bestelako kontua izan da, eta txirrindulariak ere iritsi dira monasterioa kokatuta dagoen muinoraino.
Eguzkia dela-eta baztertu ditugu Sant Pere de Rodes en proposatzen ziren paseoak, eta El Port de la Selvara abiatu gara, zer eta hondartzara!
Aldez aurretik Figuereseko kanpoaldeko decathlon batean erositako bainujantzia jarri eta uretan sartu gara, nire estreinako aldia 2006tik. Hotz samar zegoen nire gustorako baina gorputza apur bat freskotzeko balio izan du.
Handik gutxira taberna batean sartu gara zer edo zer jateko, aparteko ezer ez. Buelta txiki bat eman eta gero, autoa hartu eta Figueresera itzuli gara.
Batzuk Dalíren museoa ikustera joan dira. Ni, ordea, gelan gelditu naiz, erredurak sendatu nahian.
Utzi erantzuna