Milanen

Pantaila-argazkia, eguneko tenperaturaren aurreikuspenarekin: altuena zero eta baxuena minus 8. Gauean egin da argazkia eta unean 5 gradu zeroz azpitik egiten ditu.

Bidaia honek beldurtzen hasia nau. Santanderren ez zegoen inor kalean atzo (larunbat gaua), eta gaur 7:15etako autobusa hartu dut pentsatuta neukan bezala. Ni izan naiz bidaiari bakarra.

Aireportuan ere bost pertsona baino ez. Croissant bat eta txokolatezko donuts bat jan ondoren fakturatzera joan naiz.

Hegaldiak ordubete eta 50 minutu iraungo du. Ea nire hilarako gizon hau, ardien antzera barre egiten duena, behingoz isiltzen den. [10:39]

Milanera iritsita gauzak okertzen hasi dira. Hemen hotz handia egiten du, batzuetan elur giziak erortzen dira eta lainotura dago. Itzalik gabeko argitasuna da.

Ez da lan makala izan nire lineako metro geltoki bat aurkitzea, eta ateratakoan, ezerezaren erdian nengoela konturatu naiz. Ez-dakit-zenbat kilometro egin ondoren, taxi bat hartu dut hotelera iristeko.

Izoztuta nengoen, berandu zen eta ezer jan gabe. Minibarra erabat hustu baino lehen (prezioengatik batez ere), amaren hitzak etorri zaizkit burura: “egunean gutxienez behin janari beroa hartu”. Txamarra jantzi eta kalera itzuli naiz, ez nengoelako ziur goizeko colacaoa janari berotzat har nezakenentz.

Hoteletik gertu, Bayer enpresaren bi eraikin handiren artean, McAuto (ez da horrela idazten, ezta?) bat dago. Baina Italian egonda nola jango dut ameriketako jatetxe txar horietako batean? Eta ibiltzen jarraitu dut.

Kale nagusi bat bada ere, oso denda gutxi ditu, denak itxita. Badakit igandea dela, baina utzitako itxura dute. Baita jatetxeek ere (pare bat baino ez). Azkenean gasolindegi bateko dendan zer edo zer erosi eta hotelera bueltatzea erabaki dut, baina gasolindegia ere itxita.

Apur bat urrunago BurgerKing batean sartu naiz eta gelan jan ditut oilasko hamburgerra, tipula eraztunak eta patatineak. Bueno, patatineak ez, hotzak zeuden iritsi naizenerako.

Eskularruak jantzi ditut baina hala ere eskuak izoztu zaizkit. Bainontzia ur beroz bete eta hemen egon naiz denbora luzez hau idazten nuen bitartean. Gelako tenperatura 29 gradutan jarri arren, ez du berorik egiten.

Badakit goizegi dela ezer esateko, baina esango dut: Milan ez zait gustatzen. Garraio sarea nahasiegia da (ez dakizu noiz den trena eta noiz metro geltokia; metroko hiru linea daude, eta hirurek bi buru dituzte norako bakoitzean!), komertzio dentsitatea oso bajua da eta agian hotzagatik izango da, baina galdetzeko ere ez dago inor kalean! Argiak ere eragina izango du nire pertzeptzioan.

Lo egitera noa, ea bihar goiz jaikitzen naizen.


Argitaratua

hemen:

,

nork:

Etiketak:

Iruzkinak

2 erantzun “Milanen” bidalketan

  1. juantxu

    Goiari eutsi!. Bihar hobera egingo du!

  2. maite

    amaren hitzak, hitz jakitunak. OMG! I can´t believe you couldn´t find an open italian restaurant, itś crazy! Shall we send you Rastreator the dog, he seems to be pretty good at finding anything!!! By the way, can you find street cats in Milan like in Rome? I mean, do they take care of their cats or are they just to busy following the hottest fashion musts?
    Lots of love from icy Madrid where dreams can still come true…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude