Viktor eta biok Muranora joan gara 10etako vaporettoan. Baina, dakizuenez, Muranon beira baino ez dago, eta, oso koloretsu eta erakargarria izan arren, erosteko asmorik ez genuenez, Buranora joan gara. 45 minutu irauten du bidaiak.
Kale garrantzitsuenak ikusi ondoren –2 baino ez ditu– jatetxe batera joan gara. Kanpoan bazkaldu dugu, eguzkitan baina hotz. Irla hauetako toki batzuetan oraindik elur multzo txikiak ikusten dira, biztanleek elur-panpinak egin balituzte bezala eta hauek joan nahi ez dutela dirudi.
Nik lasagna bat eskatu dut, eta CocaCola ertaina; berak itsaski pizza eta edari laranja bat. Nirea haragi lasagna zela suposatuko dugu, erdi hotza ekarri didatenerako, eta CocaCola izan beharrean Pepsi zen. Hori edo CocaCola xaboiz betetako edalontzi batean. Viktorrek eskatutakoa “fake seafood pizza” izan da.
Bazkaldu ondoren San Marcora itzuli gara. Atzo baino jantzi gehiago zeuden. Gehienak San Giorgio atzen zutela kokatuta zeuden, nahi zuenak argazkia ateratzeko prest. Esan beharra dago mozorratutako gehienak ez direla ez veneziarrak ezta italiarrak ere; gehienak britainiarrak eta alemanak dira.
Denetariko mozorroak zeuden; Maria Antonieta, banana erraldoiak, Guy Fawkes, Avatarreko izaki arraroren bat… denek argazkilari profesional ugarien objektibo erraldoien arreta erakarri nahi zuten, baina gehienek mugikorrarekin argazkiak egiten dituzten horien memoria txartel merkeek baino ez dituzte gogoratuko. Bi argazkilari mota hauek, hala ere, ezaugarri komun bat dute: edonoren aurrean jarriko dira euren argazkia egiteko.
San Marco plazan antzoki bat eraiki dute, palko eta guzti. Eskenatokian Keniako dantzariak, magoak, abeslariak… eta hauen atzean pantaila erraldoi bat, denbora oro iragarkiak ematen, Reebok, Kuba edo Veneziako larrialdi zerbitzuenak besteak beste. Musikak ere ez zuen laguntzen; bozgoragailuetatik entzun den italiar abesti bakarra O sole mio-ren bertsio kutre bat izan da. Inauteriak zuen glamour apurra kendu diote.
Turistek maskarak zeramatzaten, eta gero maletan sartuko ez zitzaiela aurrez aldetik pentsatu duten horiek aurpegia margotuta zeramaten.
Arratsaldean txokolate beroa eta capuccino bat hartu dugu berotan sartzeko, eta gero San Marcotik tren geltokira joan gara vaporettoan —gure gela tren geltokitik gertu dago–. Baina atzean eseri gara, jada ilunduta zegoen (argazkirik ez orduan) eta hotza itzela zen. Bidaiak ordubete iraun du.
Gauean berandu irten gara gelatik eta Kanal Handitik behera joan gara momentu batean autobuseko gidariak bidaiari guztiak bota gaituenean. Badirudi zerbitzua bukatu dela, bidaiaren amaierara iritsi baino lehen. Oinez joan gara Veneziako plazarik ezagunenera, eta jatetxe bat bilatzen ahalegindu gara; bi baldintza bete behar zituen: bata tiramisu edukitzea, eta bestea txokolatezko tarta / sacher / selva negra izatea. Azkenean aurkitu dugu.
Imagina dezazuen tokia, San Marco atzekaldean dago, erdi-erdian, eta menuak pizza, CocaCola eta zerbitzua barne zekarren 11€ren truk. Ez dugu tartarik eskatu. Kanpoan berriro, erabat ilun zegoen oraindik gabonetako argiak kendu ez badituzte ere, euririk egin ez arren lurra blai eginda dago hezetasunaren erruz labaintzeraino eta jende gehiena desagertu da, baita arratsaldean ikusitako polizia patruila erraldoiak ere.
Bihar goizean –gaur zuk irakurtzen duzunerako, ene irakurle maiteak–Milanera joango naiz Gezi Zurian. Garestiagoa izango da, baina ez naiz Veronan jaitsi behar izango eta azkarragoa da. Milanen gauza bakarra egin nahi dut: denda bat bisitatu nire gustoko txamarrarik al duten ikusteko, eta orain daukadana baztertu hala izango balitz. Baina merkealdiak dira edo izan dira eta ziur neurri bakarra izango dutela salgai: XXXL. Agian Duomora sartuko naiz eta ez askoz gehiago, goiz oheraru behar naizelako. Aireportuan 5:30 aldean egon behar naiz.
Ez dut uste bihar internetera konektatzeko aukerarik izango dudanik.
Utzi erantzuna