Oslotik Bergenera

Oslotik Bergenera
Astelehenean Oslon zehar ibili ginen. Egin beharrekoen zerrendatik lehenengo egunean kendu genituen zeregin asko, eta ibai ertzetik gora joan ginen Grünerløkka auzoraino. Modan dagoen auzo horietako zela irakurria genuen, denda txiki eta hipsterrak egongo zirela pentsatu genuen, baina espero baino auzo motelagoa zen. Egia esan Osloko erdigunea kenduta, oso giro txikia ikusten da inguruan. Tren geltoki inguruan ere ez dago Europako beste hiriburuek duten mugimendua, oso lasaia da.

Porturuntz jo genuen orduan, inguruan bazkaldu eta, euria egiten hasi zuenez, hotelera itzuli eta bertan eman genuen arratsaldea. Afaltzeko ogia erosi eta bokatak egin genituen.

Asteartean trena hartu genuen eta Bergen herrira abiatu ginen. Oslo eguzkitan utzi eta gutxira, inguruak elurrez estalita zeuden. Tenperatura ere nabarmen jaitsi zen, 7 gradutaraino. Bidaia luze samarra izan zen, lokomotora hondatu omen zelako eta azkenean ordubete beranduago iritsi ginen. Luze ere wifirik ez izateagatik.

Bergen
Bergen Oslo baino herri txikiagoa da, baina Oslon ikusi genuen baino askoz jende gehiago dauka. Maletak hartu eta tren geltokitik hotelera joan ginen, 20 bat minutuz maldan gora. Hotela Oslokoa baino hobea da, hemen behintzat gela egunero garbitzen dute. Hala ere komuneko ateak ez du guztiz ixten eta zarata handia egiten du. Minibarra bete dugu dagoeneko ur botilez, baina honek ere ez du armairurik arropa inon uzteko.

Maletak utzi bezain azkar turismo bulegora joan eta pare bat bidaia hartu genituen itsasontziz egiteko, bata ostegunean eta bestea ostiralean. Horrez gain Bergen Card izeneko txartelak ere erosi genituen, garraioa doakoa delako eta deskonturen bat dagoelako funikularrean. Asteazken eta ostegunerako nahi genituen txartelok.

Turismo bulegoan bukatuta, portuaren alde batean dauden egurrezko etxe bitxiak ikustera joan ginen, egun gehienak denda bilakatutakoak.

Gauean, afaltzeko, hoteletik gertu dagoen jatetxe batean sartu ginen. Ez genuen espero baina jatetxea jendez lepo zegoen eta sotora eraman gintuzten. Bertan dastatu genituen arkumea eta txahala, eta postrea ere berezia izan zen.

Oheratzear ginela, Bergen Card-ek 9 eta 10 esaten zutela konturatu ginen, ostegun eta ostiral hurrenez hurren. Goiz jaiki beharko ginen beste behin turismo bulegora joan eta lehen bait lehen txartelak aldatzeko.


Argitaratua

hemen:

,

nork:

Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude