
Atzokoa ikusita, eta gezurra bazirudien ere, gaur eguzkia izan dugu ia egun osoan. hotza ere bai.
Zer edo zer gosaldu ondoren, turismo bulegora joan gara, non langile italiar batek artatu gaituen, English Market delakoa bisitatu dugu (Inverness edo Oxfordekoaren antzekoa), eta autobus turistikoa hartu dugu, horrek denbora aurreztuko zigulakoan.
Egia esan Cork herri handi bat da, horregatik autobusak egiten duen ibilbidea oinez egiteko gomendatuko nuke nik.
Ibilbide osoak ordubete baino ez du irauten, eta azalpenak ingelesez baino ezin dira entzun. Irailean maiztasun urriagoa dute, eta posible da autobusa beteta badoa ezin igotzea, beste 45 minutu itxaron ea hurrengoan tokia dagoen.
Guk Grand Parade geralekuan hartu dugu, lehena. St Patrick kalean gora egin du, tren geltokira gerturatu, eta St Anne elizan geratu gara, Shandon auzoan.
Elizak dorre bat dauka, eta alde bakoitzean erloju bana. Londreseko Big Ben eraiki arte, horrelako munduko dorre altuena zen. Dorre gezurti ezizena dauka Corkekoak, lehen, haizearekin, orratzak mugitu eta erloju bakoitzak ordu desberdina erakusten zuelako.
Normalean kanpaiak jotzeko aukera dago, baina eraberritzeko lanetan dabiltzanez, jostailuzko kanpaiekin konformatu behar izan dugu.
Gora egin ahala eskailerak estutu egiten dira, eta azken zatiak ago iante samarrak dira. Goiko ikustokira iritsita, Cork ikus daiteke, baina ez da beste munduko ezer. Sarrerak 4 euro balio du.
Dorre honetatik gertu gurinaren museoa dago, lehen gurinaren merkatua egiten baizuten inguruan. Gomendagarria dela diote, baina guk ez dugu plazera izan. Autobusean sartu eta gartzelan jaitsi gara.
Ibilbidearen zati hori atzera begira egin dudanez, zorabiatu naiz.
Gartzelak azalpenak ditu 12 hizkuntzatan, baina sarrera ordaindu behar da eta guk ez genuen interesik. Emakume baten kasua kontatu du, emakume izateagatik bizitza barkatu ziotenarena; gartzelan nahiko tratu ona zuen, eta marrubiak krmarekin jaten omen zituen.
Goizeko English Marketen Irlandako marrubiak ikusi ditugu, izugarri harritu gaituena, eta istorio honek baieztatu du irla honetan marrubiak haztego klima dutela.
——-
Gartzelatik oinez jaitsi gara University Collegera. Oxford edo Cambridgeko kanpusen antzekoa (debalde txiza egin daiteke).
Bidean lorategi botaniko atsegin bat zeharkatu dugu.
Autobusa hartzen saiatu gara berriro, baina jaisteko geralekuek ez ei dute balio berriro igotzeko. Oinez bueltatu gara erdira.
Euria hasi duenez, Tescon janari apur bat erosi eta hoteleko gelan bazkaldu dugu.
Arratsaldean berriro igo gara autobus turistikora, eta ibilbide osoa egin dugu, mugitu gabe. Bost baino ez gindoazen autobusean, goizeko jendetzarekin alde handia zegoen.
Merkatal gune dekadente batean sartu gara, kaleren batean gora eta behera, eta hotelean trasteak utzi eta gero, afaltzeko toki baten bila joan gara.
Asmoa Il Padrino jatetxean afaltzea zen, ospe handikoa bera. Baina erreserbarik gabe, ezinezkoa. Azkenean Old Oak izeneko pub batera sartu gara eta fish and chips eta ahnburger bat jan dugu.
Niri pubak ez zaizkit gehiegi gustatzen afaltzeko, tokia ez delako jatetxe bat bezain erosoa (ez dago zerbitzaririk, askotan aulkiek ez dute atzeko alderik), eta zaratatsuak dira, lokal handietan barreiatuta dituzten telebisten eraginez (beti futbola).
Baina tira.
Palestinaren aldeko mezuak ugariak ziren, bai hormetan, baita bi pantaila txikitan ere. Eguerdian, manifestazio bat ikusi dugu, Palestinaren aldekoa baita ere. Bilbokoetan baino jende gehiago zegoela esango nuke. Gu baino sentsibilizatuago daudela dirudi, eta askoz honeto antolatuta.