
2008ko abuztuan etorri ginen Irlandara lehen aldiz, eta asko gustatu zitzaigun. Halabaina, euri ugari bota zuen, eta ezin izan genuen nahi beste disfrutatu. Jasa hainbestekoa zen, ezen uholdeak egon ziren herrialdean.
Madrildik irten ginen urte hartan. Zuek ez dakizue —orduan oraindik ez nuelako blog tonto hau elikatzen—, baina hegazkinaren lehenengoetako jarlekuetan nindoan eta atearekin arazo bat zegoen: ez zegoen ixteko modurik.
Hegaldian zehar atea noiz eroriko zitzaigun baino ez nuen buruan.
Oraingoan Bilbotik abiatu gara, eta atea behar bezala ixtea lortu dute. Atzean utzi ditugu iraganeko beldurrak, Bilbo, eguzkia eta tenperatura epela. Laino artean sartu gara, eta hala jarraituko duela dirudi Euskal Herrira itzuli arte.
—————
Corkeko aireportua txikia da, Loiukoa baino txikiagoa; maletak hartu eta autobus geltokira joan gara.
Bagenekien zein autobus behar genuen: 226 zenbakia zuena; tiketak nola eskuratu, ordea, ideiarik ez.
Autobusen geralekuan kartel handi bat dago. Bertan dio mugikorrean aplikazio bat instalatu eta horren bidez tiketak erosteko aukera dagoela. Arazoa da aplikazioa nominala dela, hots, bakoitzak berea erosi behar duela, eta nire bidaiakideek ez dakitela telefonoa erabiltzen, ezta ikasi nahi ere.
Zeharo galduta ikusi gaituen emakume espainiar batek esan digu berak txartel bat duela, eta, lehen, makina bat zegoela autobus bidaiak erosteko.
Aireportura sartu naiz galdetzeko asmoz, eta han ikusi dut makina. Hiru tiket erosi eta berriro atera naiz, autobusa noiz iritsi.
Teorian autobusa ordu erdiro igarotzen da. Teorian. Guk 50 minutu eman ditugu, eta gidariari galdetu behar izan diogu, egiten ari zen ibilbidea ez zetorrelako bat autobusaren aurrealdean jartzen zuenarekin. Antza denez, ohikoak dira horrelako arazoak Corkeko garraio publikoan. Pantaila ere ez zebilen, eta, beraz, ezin jakin zenbat geltoki gerarzen ziren. Dublinen bai, baina Corken ez dabil Citymapper. Lastima.
—————
Gidariari tiketak erakutsi eta begira geratu zaigu. Ea non erosi ditugun galdetu digu. Ikusten zituen lehen aldia zela zirudien. Ez dakigu behar baino gehiago edo gutxiago ordaindu dugun, edo autobus konpainia horrenak ziren, baina sartzen utzi digu.

Hotelera iritsi gara. Niri desgaituen gela suertatu zait. Itxuraz oso handia da zabala delako, baina oso toki gutxi du ezer uzteko (ez du ez armairurik ez ezer, komunean nezeserrarentzako tokirik ere ez dago).
Lau korda gorri ditu sabaitik zintzilik. Espero dut nahi gabe baten bat ez aktibatzea, adibidez komunekoa, bonba delakoan.
Gauzak utzi eta berehala atera gara kalera, afaltzeko toki bila. Oliver Plunkett kale komertzialean gora eta behera egin ondoren, turistentzako gidetan gomendatutako jatetxe batean sartu gara (Market Lane), baina ordubete barrurako eman digute txanda.
Berriro kalera. Berriro euria.
Telefonoz deitu digute jakinarazteko mahaia libratu dela eta nahi genuenean joateko. Zerbitzari espainiar batek zerbitzatu gaitu. Jana gozo zegoen, baina jatetxe arrunt bat da, ez musika zuzenean jotzen duten pub irlandar horietakoa.
Bihar hemen bertan geraruko garela uste dut, Corken. Arropa dendak begiratu nahi ditugu, maletan tokirik izan ez arren zerbait erosi beharko dugulako hemengo hotzari aurre egiteko: Gasteizko negu gorrienean bezala, ahotik lurruna ateratzen zaigu hitz egiterakoan.