Etiketa: italia

  • Viale Certosa, Duomo, Scala eta Stazione Centrale

    Milango duomo edo katedralaren aurrealdea. Plazan jendea dago. Zerua ez dago erabat garbi.

    Mezu asko jaso nituen esanez ni galtzea ezinezkzoa zela. Horra azalpena: Autobusak ez ninduen nik espero nuen geltokira eraman, nik “scusa, stazione centrale di Milano” galdetu arren. Gaur 7etan jaiki naiz, Duomoa ikusteko asmoz, baina -12C egiten zituen eta apur bat atzeratu dut. Gauean hotz izan naiz. Haize beroa botatzeko makina ez da gelditu –ezta zarata ere–; Nire ustez leihoak ez zeuden oso ondo isolatuta. Gosaria txokolatezko croissant bat izan da, zerealak eta anana zukua. Gelara itzuli naizenean gelako leihoa irekita zegoen. Hori bai, pertsianak elektrikoak dira.

    Viale Certosa 106 zenbakitik zuzen-zuzen jarraitu dut kalea Duomora iritsi arte. Vittore Emanuele II galeria zeharkatu dut Scala plazara ailegatuz. A. Manzoni kalea jarraitu dut, Repubblica plaza gurutzatu eta Milano Centralera iritsi naiz. Ez zen hain zaila.

    1h 30′ inguru tardatu dut ibilbidea egiten, eta gauza batez ohartu naiz: Milan autoentzat eginda dagoen hiria da. Espaloiak askotan desagertu egiten dira; oinezkoen semaforoak hiru kolorekoak dira; batzuek ez dute pertsonarik marraztuta eta zaila da konturatzea ez direla autoentzat. Oinezkoentzat berde egon arren, autoak pasa daitezke, teorian oinezkoen txanda errespetatuz. Autoen semaforoak errepidea pasata daude, Ameriketako Estatu Batuetan bezala. Autoak zein motorrak espaloietan aparkatzen dituzte. Kale pare batean bizikletentzat errail bat sortu dute, baina laburregiak dira.

    Feriako txosnak parke batean. Guztiak daude itxita eta ez da pertsonarik ikusten. Eguzki errea ari du

    Milan izoztutako hiria da, denboran izoztutakoa. Eraikinak zaharrak dira eta ez dauden zainduta. Behekaldea beti ilunagoa da, trafikoaren erruz. Zarata ere izugarria da, Sempione parkean bakarrik desagertu da. Ez zegoen inor. Barrakak zeuden baina guztiak itxita. utzitako herri bat bezala.

    Arkitekturari buruz, Oslo kutre bat iruditzen zait. Eguraldiak baldintzatutako arkitektura da, funtzionala, ia sobietarra. Kaleak oso zabalak dira. Moskuren antza hartzen diot bertan inoiz egon ez banaiz ere. Eraikuntza bakarrak erakarri du nire begirada: Viale Certosa 90. Ondoan 60. hamarkadako itxura zuen gasolindegi bat zegoen, pertsianak behean baina pare bat pertsona barruan. Gaur jende gehiago dago kalean.

    Jendea ez da Julik esan bezala janzten; nahiko janzkera arrunta da. Ez dut luxuzko dendarik ikusi, eta autoak ere ez dira apartekoak (Londresen ez bezala). Zapata eta bota interesgarri batzuk ikusi ditut, Panama Jack edo Timberlandekoak izan litezkeenak. Norvegiako etxe horretako txamarra batzuk ere ikusi ditut, tartean nirea bezalako 3-4. Baina nirea ez da beraiena bezain fita. Australiako bota horiek nahiko arrakasta dute.

    Nola konturatu naiz guzti horretaz? Geltokian bazkaltzea erabaki dut, banku batean eserita, eta jendea aztertzeko parada izan dut, badakizue zein motela naizen jaten. Sarri emakume baten ahotsa entzuten zen bozgoragailuetatik, meteorologia zela-eta tren batzuk atzeratuko zirela esanez; larunbatean elurra iragarri dutela gogoratu dut orduan. Beste batzuetan gizon baten hitz egiten zuen, beste zerbait errepikatzen zuen: “binario quindici“.

  • Milanen

    Pantaila-argazkia, eguneko tenperaturaren aurreikuspenarekin: altuena zero eta baxuena minus 8. Gauean egin da argazkia eta unean 5 gradu zeroz azpitik egiten ditu.

    Bidaia honek beldurtzen hasia nau. Santanderren ez zegoen inor kalean atzo (larunbat gaua), eta gaur 7:15etako autobusa hartu dut pentsatuta neukan bezala. Ni izan naiz bidaiari bakarra.

    Aireportuan ere bost pertsona baino ez. Croissant bat eta txokolatezko donuts bat jan ondoren fakturatzera joan naiz.

    Hegaldiak ordubete eta 50 minutu iraungo du. Ea nire hilarako gizon hau, ardien antzera barre egiten duena, behingoz isiltzen den. [10:39]

    Milanera iritsita gauzak okertzen hasi dira. Hemen hotz handia egiten du, batzuetan elur giziak erortzen dira eta lainotura dago. Itzalik gabeko argitasuna da.

    Ez da lan makala izan nire lineako metro geltoki bat aurkitzea, eta ateratakoan, ezerezaren erdian nengoela konturatu naiz. Ez-dakit-zenbat kilometro egin ondoren, taxi bat hartu dut hotelera iristeko.

    Izoztuta nengoen, berandu zen eta ezer jan gabe. Minibarra erabat hustu baino lehen (prezioengatik batez ere), amaren hitzak etorri zaizkit burura: “egunean gutxienez behin janari beroa hartu”. Txamarra jantzi eta kalera itzuli naiz, ez nengoelako ziur goizeko colacaoa janari berotzat har nezakenentz.

    Hoteletik gertu, Bayer enpresaren bi eraikin handiren artean, McAuto (ez da horrela idazten, ezta?) bat dago. Baina Italian egonda nola jango dut ameriketako jatetxe txar horietako batean? Eta ibiltzen jarraitu dut.

    Kale nagusi bat bada ere, oso denda gutxi ditu, denak itxita. Badakit igandea dela, baina utzitako itxura dute. Baita jatetxeek ere (pare bat baino ez). Azkenean gasolindegi bateko dendan zer edo zer erosi eta hotelera bueltatzea erabaki dut, baina gasolindegia ere itxita.

    Apur bat urrunago BurgerKing batean sartu naiz eta gelan jan ditut oilasko hamburgerra, tipula eraztunak eta patatineak. Bueno, patatineak ez, hotzak zeuden iritsi naizenerako.

    Eskularruak jantzi ditut baina hala ere eskuak izoztu zaizkit. Bainontzia ur beroz bete eta hemen egon naiz denbora luzez hau idazten nuen bitartean. Gelako tenperatura 29 gradutan jarri arren, ez du berorik egiten.

    Badakit goizegi dela ezer esateko, baina esango dut: Milan ez zait gustatzen. Garraio sarea nahasiegia da (ez dakizu noiz den trena eta noiz metro geltokia; metroko hiru linea daude, eta hirurek bi buru dituzte norako bakoitzean!), komertzio dentsitatea oso bajua da eta agian hotzagatik izango da, baina galdetzeko ere ez dago inor kalean! Argiak ere eragina izango du nire pertzeptzioan.

    Lo egitera noa, ea bihar goiz jaikitzen naizen.

  • Santander

    Bihar Italiara noa. Hegazkina Santanderretik irtengo da eta jada hotelean nago goizeko 7etan autobusa hartu behar dudalako. Milanera iritsiko naiz 12ak aldean.

    Batzuek gogoratuko duzuenez, 2009ko abenduan antzeko zerbait egin nuen: Londresera joan nintzen nire kasa. Baina egia esan bidaia hau desberdina izango dela ziur nago.

    Aurten ere hotz izango naiz, eta hegazkinak elurraren erruz aterako ote diren zalantza izango dut honetan ere. Baina Londresek nigan pizten zituen ilusio, kezka eta ezinegon horiek ez dira agertu.

    2009ko bidaia oso garrantzitsua izan zen niretzat. Bakarrik egin nuen lehen bidaia izan zen. Hiria erabat ezezaguna zen, eta nire ingeles kaskarra nahikoa izango ote zen galdetzen nion nire buruari Erresuma Batuko hiriburuan bost egunez bizirauteko.

    Egia da Londresen S.B.en laguntza jaso nuela, babestuta sentitzen nintzen; ezer gertatuz gero berari deitzea neukan eta ordubete baino denbora gutxian ikusiko ginen. Hala ere aitortu behar da bere ingelesa zikinegia zela, scouse deituriko hizkeran hitz egiten zuelako –Mersyside ingurukoa–, eta azkenean ni nintzen ingelesez hitz egiten zuena, bera ez baitzuen inork ulertzen.

    Hoteletik gertu metro geltoki bat banuen ere, galdu eta ordubete behar izan nuen hotela aurkitu arte, bainontzian beste norbaiten atzazalak zituen hotel hori. Bilbora itzultzeko hegazkina atzeratu zen, eta han ibili nintzen aireportuko langile batzuei galdezka ea ba al zekiten non zegoen nire hegaldia.

    Behar bada Londreseko bidaia hobeto antolatu nezakeen denbora gehiago aprobetxatzeko, baina ez naiz damu: galdu eta aurkitu nintzen, hiri ezezagun batean bost egun igaro eta moldatu nintzen, galdetzeko ausardia eduki nuen eta nire ingelesa ez zela hain kaskarra konturatu nintzen. Biziraun nuen.

    Gutxi izango balitz Mumford&Sons taldea deskubritu nuen, azken aurreko gauen McDonald’s batean patata frijituak jaten nituen bitartean irratian entzunda. Eta ziur asko munduko hiri zoragarrienetariko bat ezagutu nuen.

    Italiatik ere bizirik itzultzea espero dut. Ez dut uste hainbeste gustatuko zaidanik, ordea. Janaria ez da arazoa izango, eta hizkuntza ere ez litzateke izan beharko, baina italiarren izaera espainarrenaren antzekoa dela esango nuke. Harroputz, azkar, espabilatu eta timatzaile (edo saltzaile on) ospea dute; ea nire aurreiritziak aldatzen ditudan.

    Britainiarrak oso arraroak izan arren atseginak izan daitezkela ikusi nuen eta 2011an itzuli ginenean, pare bat aldiz laguntza eskaini ziguten kalean, guk ezer ez galdetu barik.

    Hauek dira buruan ditudanak Santanderretik irten baino lehen. Ikusiko dugu itzultzen naizenean zer edo zer aldatu den.