Etiketa: bidaia

  • Zwolle

    Koartza hauskara ubide baten bazterreko belarretan.

    Atzo abiadura marka hautsi genuen. Ibilbidean ferry bat arratsaldeko seiak baino lehen hartu behar genuela-eta. Hasieran haizea baino ez zena, euri tanta bilakatu ziren, eta bidea amaitzen ari ginenerako euri zaparradak izan genituen.

    Pozik iritsi ginen Zwollera, arratsaldea aprobetxatuko genuelakoan, baina hotela aurkitzea ez zen batere erraza izan eta azkenen betiko orduan afaldu genuen; hori bai, partidua ikusteko aukera izan genuen. Hotela herriaren kanpoaldean dago eta inguruan ez du gauza askorik, beraz, bertan izan zen afaria.

    Orain Meppeleruntz goaz, ea bidean supermerkatu bat aurkitzen dugun.

  • Arrivederci

    Veneziako Canal Grande edo Ubide Handia, gauean. Alde batean etxe dotoreak ikusten dira eta bestean gondolak.

    Etxera itzultzeko hegaldia joatekoa baino askoz hobea izan zen, turbulentziarik gabea;  goizeko 4etan izara zahar eta urratuen artetik jaikitzea, ordea, nahiko desatsegina iruditu zitzaidan. Bueltako bidaia azkar egin nuela uste dut, hegazkina 7etan irten zen eta eguerdiko ordubietan etxean nengoen jada. Gasteizko inauteri zoragarriek tranbia eta autobus zerbitzurik gabe utzi nindutela ere kontutan hartu behar da.

    Etxean nagoela, aurreko asteko balorazio positiboa egiten dut. Etorkizunekoak are hobeak izateko, baina, bi gai konpondu beharko nituzke: bata beste norbaiten konpainia aurkitzea, eta bestea, herrialde horretako hizkuntza ahalik eta hoberen menperatzea.

    Azkenengo honekin hasiz, hizkuntzaren aldetik ez dut inolako arazorik izan; dakidan italiar apurra nahikoa izan ez zaidanean, ingelesez aritu naiz eta, pertsona bakar batek izan ezik,  gainontzeko guztiek primeran ulertu naute. Baina ingelesa larrialdi hizkuntza izan behar da goazen tokira goazela, eta ez tokiko hizkuntzen ordezkaria.

    Jendea orokorrean zuzena iruditu zait, agian nire –italiar– itxurak horretara bultzatzen zituen. Bereziki lagungarriak izan dira BurgerKing-eko saltzailea (oilasko hamburgesa guztien arteko desberdintasunak azaldu zizkidana) eta tren geltokian billetea erosten lagundu zidan morroi hura (ez da nik ez nekiela; bera presaka zebilela baizik). Baita Veneziako tren geltokiko langileak ere.

    Gustatu ez zaizkidanak jatetxeetako zerbitzari itsaskor batzuk izan dira, euren terrazetan eser nedin eskatuz; Venezian aurpegia margotu nahi zidaten tipo astun horiek; eskuan oparia jartzen dizutenak eta gero euro bat askatu arte bakean uzten ez zaituztenak.

    Bakarrik joateak askatasuna eman didan arren, beste norbait izan banu gutxiago kezkatuko nintzateke argazki bat egiten ari naizela badakidalako maleta eta gainerakoa lapurtuko ez didatela. Edo trenean eman ditudan orduetan norbaitekin hitz egiteko aukera izango nuelako. Espero dut udakorako hau konponduta izatea.

    Eta Bilbo-Venezia hegaldia aprobetxatuko duten horientzat, bi gozotegi gomendatu zizkidaten: pasticceria Tonolo (San Pantalon kalea, 30123 Venezia) campo Santa Margheritatik gertu eta VizioVirtu (Sestiere San Polo, 2898, 30125 Venezia), campo San Toman. Ez nuen denborarik izan eta hurrengoan bisitatu beharko ditut.

    Honekin «Italiako bidaia» post-saila amaitutzat emango dut. Argazkiak hemen.

  • Inauteriak Venezian

    Argazkilari bat mozorratutako emakume bati argazkia egiten ari zaio, Venezian.

    Viktor eta biok Muranora joan gara 10etako vaporettoan. Baina, dakizuenez, Muranon beira baino ez dago, eta, oso koloretsu eta erakargarria izan arren, erosteko asmorik ez genuenez, Buranora joan gara. 45 minutu irauten du bidaiak.

    Kale garrantzitsuenak ikusi ondoren –2 baino ez ditu– jatetxe batera joan gara. Kanpoan bazkaldu dugu, eguzkitan baina hotz. Irla hauetako toki batzuetan oraindik elur multzo txikiak ikusten dira, biztanleek elur-panpinak egin balituzte bezala eta hauek joan nahi ez dutela dirudi.

    Lau emakume mozorratuta, Veneziako inauterietan.

    Nik lasagna bat eskatu dut, eta CocaCola ertaina; berak itsaski pizza eta edari laranja bat. Nirea haragi lasagna zela suposatuko dugu, erdi hotza ekarri didatenerako, eta CocaCola izan beharrean Pepsi zen. Hori edo CocaCola xaboiz betetako edalontzi batean. Viktorrek eskatutakoa “fake seafood pizza” izan da.

    Bazkaldu ondoren San Marcora itzuli gara. Atzo baino jantzi gehiago zeuden. Gehienak San Giorgio atzen zutela kokatuta zeuden, nahi zuenak argazkia ateratzeko prest. Esan beharra dago mozorratutako gehienak ez direla ez veneziarrak ezta italiarrak ere; gehienak britainiarrak eta alemanak dira.

    Jendea pilatuta, parean duten zerbaiti argazkiak egiten, Veneziako inauterietan.

    Denetariko mozorroak zeuden; Maria Antonieta, banana erraldoiak, Guy Fawkes, Avatarreko izaki arraroren bat… denek argazkilari profesional ugarien objektibo erraldoien arreta erakarri nahi zuten, baina gehienek mugikorrarekin argazkiak egiten dituzten horien memoria txartel merkeek baino ez dituzte gogoratuko. Bi argazkilari mota hauek, hala ere, ezaugarri komun bat dute: edonoren aurrean jarriko dira euren argazkia egiteko.

    San Marco plazan antzoki bat eraiki dute, palko eta guzti. Eskenatokian Keniako dantzariak, magoak, abeslariak… eta hauen atzean pantaila erraldoi bat, denbora oro iragarkiak ematen, Reebok, Kuba edo Veneziako larrialdi zerbitzuenak besteak beste. Musikak ere ez zuen laguntzen; bozgoragailuetatik entzun den italiar abesti bakarra O sole mio-ren bertsio kutre bat izan da. Inauteriak zuen glamour apurra kendu diote.

    Pertsona bat lorez jositako mozorro batekin, Veneziako inauterietan.

    Turistek maskarak zeramatzaten, eta gero maletan sartuko ez zitzaiela aurrez aldetik pentsatu duten horiek aurpegia margotuta zeramaten.

    Arratsaldean txokolate beroa eta capuccino bat hartu dugu berotan sartzeko, eta gero San Marcotik tren geltokira joan gara vaporettoan —gure gela tren geltokitik gertu dago–. Baina atzean eseri gara, jada ilunduta zegoen (argazkirik ez orduan) eta hotza itzela zen. Bidaiak ordubete iraun du.

    Gauean berandu irten gara gelatik eta Kanal Handitik behera joan gara momentu batean autobuseko gidariak bidaiari guztiak bota gaituenean. Badirudi zerbitzua bukatu dela, bidaiaren amaierara iritsi baino lehen. Oinez joan gara Veneziako plazarik ezagunenera, eta jatetxe bat bilatzen ahalegindu gara; bi baldintza bete behar zituen: bata tiramisu edukitzea, eta bestea txokolatezko tarta / sacher / selva negra izatea. Azkenean aurkitu dugu.

    Bi pertsona mozorroak jantzita, Venezian, atzean San Giorgio Maggiore elizako dorrea dutela.

    Imagina dezazuen tokia, San Marco atzekaldean dago, erdi-erdian, eta menuak pizza, CocaCola eta zerbitzua barne zekarren 11€ren truk. Ez dugu tartarik eskatu. Kanpoan berriro, erabat ilun zegoen oraindik gabonetako argiak kendu ez badituzte ere, euririk egin ez arren lurra blai eginda dago hezetasunaren erruz labaintzeraino eta jende gehiena desagertu da, baita arratsaldean ikusitako polizia patruila erraldoiak ere.

    Bihar goizean –gaur zuk irakurtzen duzunerako, ene irakurle maiteak–Milanera joango naiz Gezi Zurian. Garestiagoa izango da, baina ez naiz Veronan jaitsi behar izango eta azkarragoa da. Milanen gauza bakarra egin nahi dut: denda bat bisitatu nire gustoko txamarrarik al duten ikusteko, eta orain daukadana baztertu hala izango balitz. Baina merkealdiak dira edo izan dira eta ziur neurri bakarra izango dutela salgai: XXXL. Agian Duomora sartuko naiz eta ez askoz gehiago, goiz oheraru behar naizelako. Aireportuan 5:30 aldean egon behar naiz.

    Ez dut uste bihar internetera konektatzeko aukerarik izango dudanik.

  • Venezia

    Veronako tren-geltokiko trenbideak, nasatik ikusita.

    Espero bezala, Veneziako logela kaskarra da oso. Viktor izeneko morroi batekin konpartitu behar dut, eta hau ez dago batere konforme “hotelaren” funtzionamenduarekin: gela uzten den bakoitzean giltza utzi behar da; berandu bezala goizeko ordubatetan itzuli behar da; ez dago hozkailurik bere esne botila gordetzeko, eta beraz zerealak eta esnea erosteaz damu da.

    Kalean jende andana dago, beti bezala. Noizbehinka mozorratutako jendea ikusten da, batez ere San Marco plazan. Baina kutreak ere badaude: Edurne Zuri, Batman…

    Bi gizon mozorroak jantzita, San Marco plazan, Florian te-areto ezagunaren parean.

    Bazkaria pizza zati bat izan da, eta afaria beste pizza bat, erraldoia. Tokiak nahiko arrakasta zuen prezioei ezker, baina zerbitzua ere kobratzen zuten, amaieran ikusi dudanez.

    Bihar Murano eta Buranora joango naiz goizean, eta arratsaldean San Marcora joango naiz berriro. Inork hemengo zerbait nahi baldin badu, esan dezala eta ahal dudana egingo dut.

  • Afaltzera gonbidatu naute

    Tirol dioen kartela, Bolzano-Bozen hiriko kale batean. Bi arku ditu kartelak: lehenengoan emakume bat ageri da, edaria eta jakiak mahaira ekartzen; bigarren arkuan gizonezko batek mahai gainean dagoen kikara marmitako edukiarekin betetzen ari da.

    Azkenengo gaua da Bolzanon. Gaur kamara hartu eta argazki batzuk egin ditut goizean, arratsalderako hodeiak espero nituelako. Baina azkenean arratsaldea eguzkitsua izan da.

    Ez dut txamarra erosi, ez baitzen txamarra, jaka baizik. Eta ez zegoen prest eurirako. Hemen ikusi dezakezue.

    Ez dut gauza askorik egin. Italiako telefono zenbaki bat erosi dut (+393488008807). Gauean ikasle talde batekin afaldu dut. Taldea 12 pertsonek osatzen genuen: zazpi alemanak ziren, bi espainiarrak, bat estatubatuarra, eta bestea Letoniakoa. Eta ni. Alemana izan da gehien entzun dena. Batez ere Milano vs Arsenal partida komentatzen ari ziren kazetariengatik.

    Egia esan, lauhilekoa amaitu da gehienentzat eta ikasle gutxi geratzen dira herrian. Afarian Bolzano Italiako tokirik garestiena dela esan didate; nik ez dut sinetsi.

    Bihar 7ak aldean jaiki behar naiz trena hartzeko, eta Veneziara ordubietan iritsi beharko nintzateke.