• Pirinioak 2018: uztailak 21

    Amore eman dugu. Giroa apur bat freskotuko zela entzun arren gure hasierako asmoak aldatu eta gaur ez gara mendira joan, badaezpada.

    Trena hartu eta Girona bisitatzea erabaki dugu. Bidaiak 40 minutu inguru irauten du eta nahiko erosoa da, ez doalako jende larregirik. Gainera, Figuereseko tren geltokiko langileak atseginak dira.

    Gironara iritsi bezain laster turismo bulegora abiatu gara. Mapa bat eman digute toki turistikoenekin eta horiek bisitatzeari ekin diogu (kanpotik bakarrik). Niri nahiko gustatu zait.

    Campusetik gertu bazkaldu eta arratsaldean El Corte Ingelesera joan gara, hiriaren beste puntan zegoena. Espero baino askoz txikiagoa zen eta ez dugu behar genuena aurkitu.

    Trenari geltokian itxaron, Figueresera itzuli, eta Bilbotik zetozen gure beste bi kideekin egin dugu bat hotelean. Afaldu ondoren herria erakutsi diegu eta lotara joan gara.

    Bihar berriro jantziko ditugu mendiko botak eta eguraldia bortitzegia ez bada kilometroren bat egingo dugu Alta Ampurdaren inguru hauetan.

  • Pirinioak 2018: uztailak 20

    Autoa Figueresen utzi dugu gaurkoan eta trena hartu dugu Llançąra joateko. Atzokoan bezala gaur bero izugarria egin du, hogeitamar gradu baino gehiago.

    Tren geltokia utzi eta herriaren hiru turismo bulegoetako batetik irteten den ibilbide zirkularrari ekin diogu, ondo ez bagenekien ere zehazki nondik zen, ez baitago erabat egoki seinalizatuta.

    Lehenengo ordua gora eta gora ibiltzen eman dugu, sastraka eta kakti artean. Bi seinale ikusi ditugu, bakoitzak iraupen desberdin bat iragartzen, beraz, ez genekien zenbat ibili beharko ginen.

    Baina azkenean iritsi gara mendi-lepoa, eta jaisten hasi gara. La Vall de Santa Creu izeneko herri batean geldialdia egin dugu zer edo zer edateko eta ibiltzen jarraitu dugu itsasora iritsi arte.

    Ura urdin-urdina da eta ez dago nik espero beste jende. Atsegina da kostatik ibiltzea eta noizean behin itsasotik datorren haizea sentitzea. Kroaziako ibilbide hura gogorarazi dit, bertan egon zinetenok ziur badakizuela zertaz ari naizen.

    Kostako zatia hiru ordukoa omen zen eta laua izan arren niri oso gogorra iruditu zait. Ez da inolako sekretua beroa jasangaitza egiten zaidala eta egunotan izerdia orain arte irten gabe zegoen tokietatik ere irteten zait. Sabel ingurua blai eginda daramat eta bekokiko izerdia begietan sartzen zait.

    Kostata, tren geltokira iritsi eta Figueresera itzuli gara. Hotelean dutxatu eta atseden hartu, afaldu, eta erdira joan gara izozki baten bila.

    Sardanak dantzatzen ari ziren baina gehien harritu gaituena plazako horman gora eta behera zebiltzan muskerrak izan dira.

  • Pirinioak 2018: uztailak 19

    Autoa Cadaqués-eko aparkalekuan utzita Cap de Creuserako bideari ekin diogu. Berandu ez bazen ere gogor berotzen zuen eguzkiak eta herri turistikoaren hondartzak goiz bete dira jendez.

    Guk ordea, kontrako ibilbidea egin dugu: herritik kanporuntz joan gara, Dalíren etxetik pasatuz, amaierako itsasargiaren bila.

    Bidearen ohar guztiak inprimatuta, eskuan eramateagatik, eta hamaika aldiz irakurri izanagatik, galdu egin gara bidegurutze batean eta pare bat ordutan egiteko asmoa genuen 7,5 kilometroko ibilbidea luzatuz joan da. Beroak (33 graduren bueltan) ez du lagundu eta jota iritsi gara amaierara.

    Bazkaria bi Coca-Cola izan dira taberna barrukaldean, haizemailearen azpiko mahaian.

    Errepidetik itzultzea erabaki dugu orduan, oinezko ibilbideak zeharkatzen dituen hamaika kaletako batean bainu bat hartzeari uko eginez.

    Buelta ez da hain luzea izan, denbora gutxiago behar izan dugu eta autoa hartu baino lehen beste Coca-Cola bat edan dugu.

    Figueres en berriro, dutxa hartu, deskantsatu eta afaltzeko toki baten bila joan gara. Baita aurkitu ere! Atzoko egunaren ondoren nik behintzat horrelako zerbait behar nuen, bidaia gogor samarra egin baizitzaidan.

    700 Km inguru, zazpi bat ordu errepidean, gpsari so, eta bazkaltzeko onik egin ez zidan pizza bat janda. Hotelera iristerakoan deskantsatzen saiatu banintzen ere, bazkariko pizzak hor zirauen eta ezer ez afaldu gabe oheratu nintzen, gaixo.

  • Bruselako ibilbideak

    Lanez gainezka egon arren, Bruselan eman dudan denbora aprobetxatzen saiatu naiz. Ezinezkoa izan zait Londresen beste ibiltzea, baina asteburuetan paseoren bat eman izan dut.

    Igo ditut jada argazkiak webgunera eta inork jakin nahiko balu non eginda dauden, gaineko mapa begiratu beharko luke, hor daudelako sarrien egindako ibilbideak: urdin argia da hasieran egin ohi nuena, etxetik kanpoaldeko baso bateraino, hegoaldeko geltokitik pasatuz. Urdin iluna aurrekoaren hobekuntza da, biak zirkularrak.

    Ibilbide berdea aireportutik gertu hasten da eta trena hartzea da komenigarriena haraino iristeko, ondoren egunotan albisteetan hain aipatua den NATOren egoitzatik pasatu eta erdira iristeko. Bidean Decathlon izugarri bat eta auzo arabiar bat ikusteko aukera dago, iparraldeko geltokiaren inguruan.

    Azkenengo ibilbidea, gorria, Gasteizera itzuli baino pare bat egun lehenago egin nuen. Uccle izeneko ingurua da eta baso itxurako hainbat parke ditu maila oneko etxe guneen artean.

  • Amaitu da amesgaiztoa

    2017ko erdialdean praktika batzuk eskatu nituen atzerrian. Aukeratutako tokietan plaza lortu ez arren, egun batean telefono dei bat jaso eta 12 egun geroago Bruselara mugitu nintzen, sei hilabeteko kontratuarekin.

    Denboran gelditu den hiri bat dirudi, eta dekadentziak jaten du apurka-apurka. Eruopako hiriburu administratiboa izango ez balitz, ez dakit zer gertatuko litzaioken herri honi. Badu nik jasan ezin dudan ezaugarri bat: trafiko izugarria. Baina egia da ere laneko giroak ez duela batere lagundu Bruselari buruz dudan iritzian.

    Orduan imajinatu ere ez nuen egin zein egoeratan lan egin beharko nuen. Ez dut enpresaren izena emango, esaten dena txarra bada ere ez dudalako inolako publizitaterik egin nahi.

    Hasierako egunak ez ziren batere errazak izan. Egunak joan egunak etorri lanarekiko ulermena hobetuz joan nintzen, hainbat proiektu interesgarri ezagutu nituen, baina baita arazoak ikusten hasi ere: nagusia sagarra ustel bat zen, izugarri ustela. Hondatutako zatiak kentzen hasi eta zurtoinarekin baino ez zinateke geldituko.

    Hamaika arrazoi direla medio, enpresaren egoera ekonomikoa ez da onena eta horrek eragina dauka nagusiaren umorean. Nirekin ere ordaindu izan du eta jakin badakidan arren ez dela pertsonala, beste batzuei ere tokatzen zaiela, ez da kontsolamendua. Ni behintzat ez naiz goizaldeko ordubata arte lanean egon behar izan, edo larunbat eta igandetan lan egin beharrik. Hamabi orduko lanaldiak, horiek bai, lehenengo astetik ikusi ditut.

    Praktika horien legezkotasuna zalantzazkoa da, bai eta jarduera profesionala ere. Bekarioon artean enpresaren benetako langileek ezer gutxi egiten duten sentsazioa zabalduta dago, hots guk egiten dugula lan guztia. Plantilako askok mezuak ere ez dituzte erantzuten eta beraiek egiten dituzten lan batzuk kopia hutsa direla diote bezero batzuek. Eta nik ez dut zalantzan jartzen lantoki honetan dena presaka, berandu, eta gaizki egiten dela ikusita.

    Bekariook egiten genuena ordea zehatz-mehatz begiratzen zuen nagusiak gure lanari buruz ezer ez zekien arren. Gainera, ni egon naizen denboran, lau fase oso nabarmen eta obsesibo izan du: Mailchimp, Twitter, LinkedIn (2018. urtean deskubritu du!) eta prentsa oharrak. Bakoitza zer den ez daki, edota zerbitzu horien ezaugarri edo mugak ezagutzen, baina berdin zaio.

    Guzti-guztia ikuskatu nahi izan du. Twitterren esaterako, bidali nahi izan ditugun txioak ikusi nahi zituen (bidali baino lehen, noski), zentzurik ez duena plataforma azkar batean. Eta txioetan inor aipatu nahi bagenuen, baimena eskatu behar genion horri. Sinesgaitza.

    Hiru orrialdeko prentsa oharrak behin eta berriz moldatu nahi zituen, gauza batzuk gehitzeko eta beste batzuk kentzeko. Ad infinitum. Informazioa hainbeste moldatzen zen egiazko ezer gutxi geratzen zela azkeneko publikazioan. Buruzagiak onartu nahi ez arren bere buruaren kultuzkoak ziren guztiak.

    Egunak eman izan ditut prentsa ohar edota email bat bidaltzeko baimena lortzeko. Zaila izan bada zuzendariaren gustuko zerbait egitea, are zailagoa hanka sartu gabe enpresaren jarduera eta metodologia grisa azaltzea, esanahi garbirik gabeko hitz rinbonbanteak erabiliz, noski.

    Egunero hainbeste ordu lan eginda ez da batere erraza bizitza pertsonala izatea, are gutxiago asteburu edo jaiegunetan bulegotik mezuak eta deiak jasotzen dituzunean, lanerako beti prest egon beharko bagina bezala. Honekin lotuta susmagarria izan da oso opor-egunak lortzeko sistemaren zenbakiak, guztiok egunero bederatzi ordu baino gehiago egiten bagenituen arren, nolabait orduak zor genituela zioelako.

    Tartean, zoratzeko moduko nagusiaren milaka telefono-dei zegoen tokian zegoela, uneoro, aspertuko balitz bezala. Baita asmatutako izena zeukaten pertsonen bisita xelebrea ere. Zertakao asmatu izen bat zerbait izkutatzeko ez bada?

    Suposatzen dut hau guztia balentziarra dela esanez laburbildu nezakeela, 2016ko azaroaren 23an hildako alkatesa ohiaren izena entzuten duenean santifikatzen den horietakoa. Baina orduan ez zenukete honaino irakurriko.

    Azkenengo egunak desberdinak izan dira banekielako alde egingo nuela. Hanburger dendako Rajeshek esan dit erabateko aldaketa nabaritu duela nire energian, baina nik uste dut eguzkiak erretako aurpegiaren beroa zela berak sumatzen zuena. Edonola ere izugarrizko zama alde batera utzi dut.

    Sei hilabeteren ondoren eguraldiak nabarmen egin du hoberuntz, bulegoan hasierako kaosak dirau, eta Brusela beti bezain aspergarri ikusten dut. Etxera itzulzeko garaia da, atseden hartu, eta lana zoroen pare bilatzeari ekiteko berriro asteko.