• Metro madarikatua

    Victoria lineako metroko bagoi bat, erabat hutsik, Brixtonerako bidean.

    Apirilaren 25a. Bi hilabete Surrey Quays-ra iritsi nintzela eta, zorionez, kontratua amaitu zait. Ospatzekoa da hori. Itzuli didaten fiantzarekin baita ondo ospatzekoa ere! Baina ingurua hainbeste gustatu zitzaidanez, gertu geratzea erabaki dut. Suzanne irakasleak inguru ez oso segurua dela esan arren.

    Oraingo gela garestiagoa da, bai; baina bikote batekin baino ez dut konpartitzen pisua. Lehengo gela metrotik gertuago zegoen, bai; baina ez zituen bizitzeko baldintzak betetzen. Oraingoa duela gutxi berriztu zen eta oraindik egoera onean dago. Moketa nazkagarria atzean utzi dut eta bikoteak sukaldeko trasteak garbitzen ditu, ez lehengo etxeko drogazale horiek bezala.

    Kontua da metro geltokia bera dela. Eta hori ona eta txarra da. Overgrounda Surrey Quays-etik Canada Water-era, Jubilee orduan Bond Street-eraino, eta amaitzeko Central Notting Hill Gate-era iritsi arte. Baina Bond Street geltokia itxi dute eta ez dago aldaketa bertan egiterik.

    Delays
    Mugikorrerako Citymapper aplikazioaren pantaila-argazkia. Jubilee linea, nik hartu behar nuena, abisu batekin ageri da.

    Metro ibilbidea aldatu behar izateak gehi geltokitik urrunago bizi izateak, lehen ordu erdiko bidaia zena orain ordubetekoa bihurtu du. Eta ezin asmatu linien konbinaketarekin: Surrey Quays + Canada Water + Waterloo + Oxford Circus = Notting Hill Gate, edo Surrey Quays + Shadwell + Bank = Notting Hill Gate, edo Surrey Quays + Canada Water + Westminster = Notting Hill Gate, edo Surrey Quays + Green Park + Oxford Circus = Notting Hill Gate. Zoratzekoa. Ordu horietan, gainera, metroa gainezka doa. Baldin badoaz, askotan arazoak egoten baitira, atzerapenak eraginez.

    Bada, orain, horri guztiari, metroko langileen greba gehitu behar zaio. Metroko langile kopurua murriztu nahi dute eta iritzi publikoa alde izateko, egunean 24 orduz martxan izango dutela diote arduradunek (Metroa erdi publiko, erdi pribatua da), Londreseko jendea bat ez badator ere. Izan ere, autobusak 24 orduz dabiltza eta horrekin nahikoa dela uste dute. Primeran iruditzen zait greba egin dezaten etorkizuneko langile eta oraingo erabiltzaile bezala, baina gurasoak datozen egunetan izan behar al da?

  • A zelako gaua

    Londresko skylinearen ikuspegia, ilunsentian, ekialdetik ikusita. Tartean The Shard, Tower Bridge, The Walkie Talkie eta The Gherkin ikusten dira, eta uretan ontziak.

    Ez dakit egunero tolerantzia apur bat galtzen dudan edo pisukideak gero eta atzeratuagoak diren. Pentsatzen nuen lana aurkituko zutenean lasaituko zirela, baina oker nengoen. Pila bat edaten segitzeaz gain, gero eta gehiago erretzen dute. Lehen beraien gelan baino ez, gero sukaldean, ondoren kakalekuan, eta orain komunean ere zigarrokinak aurkitzea dago. Hautsontzi bakarra dagoenez, tupperrak ere erabiltzen dituzte, eta sukaldean badago kristalezko ontzi bat hamarnaka zigarrokin ur beltzetan igerian [edo, hobe esanda, itota] dituela. Ez da batere atsegina horrek botatzen duen kiratsa arnastea gosaltzen edota afaltzen zaudela.

    Zaratatsuagoak ere badira. Ordenagailura bozgoragailu eramangarri bat konektatzen dute eta musika etxeko edozein txokotatik entzun daiteke. Ez bakarrik edaten eta erretzen dutenean, baita dutxatzen direnean ere. Beraiek ez dakit, baina ni laister gortuko naiz.

    Sukaldeak leiho bat dauka, eta pisukide horietako bat etxera datorrenean eta barruan norbait dagoela ikusten duenean, leihoari kolpeak ematen hasten da [baina ze arraio!?]. Horri, dutxan uzten dituzten ileak gehitzen badizkiogu (zeren ez dakit zer –eta ez dut jakin nahi–, baina gorputzeko zerbaiti ilea kentzen diote) gorilekin bizi naizela esan dezaket. Leihoari dagokionez, egunen batean kristala apurtuko du hainbeste ukabilkada emanda.

    Eta gogoratu sartzen den guztia nolabait atera behar dela. Garagardoaz ari naiz. Kakalekua goiko solairuan dago, eta moketaz estalita egon arren, egurrezko eskailerek ezin dituzte jasan primate hauen salto baldarrak. Ezin lezakete zarata handiagorik sortu. Eta komunera hainbat bidaia egiten dituzte gauean zehar, hainbeste garagardo edanda.

    Kontua da bart, etxeko fiestukia nahikoa ez omen zenez, ordubiak aldean alde egin zutela. Batek daki nora. Lo egiteko aprobetxatu nuen. Eta hor non entzuten ditudan bostetan, kalean, Hugori kanpaia jotzeari uzteko [masturbatu; guztia egon behar da sexuari, alkoholari edo bestelako drogei lotuta] eta atea irekitzeko eskatuz beraiek sar zitezen. Oihuka. Kalean. Ingeles makarroniko horrekin. Ea laster alde egiten dudan, litekeena delako egunen batean auzokideek etxeari su ematea.

    Ez dakit zergatik baina Hugok atea ireki die. Azkenengo joint [porru] bat eskaini diote eta ez dakit zer egin duen:

    Hey, men, the last joint? It’s fucking good! [Gaztelaniaz jodidamente hitz bakoitzaren aurrean erabiliko balute bezala!]

    Baina «azkenengo» hori hamaika aldiz errepikatzen dute egunean zehar eta, hau ustekabea! ez da inoiz azkenengoa.

    Zazpietan entzun ditut berriz, batek daki zertan. Kontua da gauza bat dela bestea dela, hemen ez dagoela lo egiterik!

  • Etxera noa

    Regents Canaleko ikuspegia, ilunsentian, Paddingtonetik gartu. Gabarrak daude bi aldeetan.

    Duela bi aste inguru, larunbat batean, buruko, lepoko, tripako eta giltzurrunetako minarekin esnatu nintzen. Txiza egitera joan nintzen orduan, giltzurrunetakoa gernu-maskuria lehertzear izateak eraginda izango zelakoan. Ikusmena galdu nuen orduan. Ahal bezala ohera itzuli eta bertan geratu nintzen etzanda. Orduan ez nekien baina gastroenteritisa neukan eta bost egunez etxean geratu nintzen. Ostegunean, hori bai, eskolara joan nintzen azterketa egitera. Baita gainditu ere!

    Eskolak, ordea, ez dauka Proficiency kurtsorik, eta High Advance izeneko kontu bat asmatu dute Michel brasildarra, Sebastien frantsesa, Karen suediarra eta laurontzat. Hori bai, amaitzerakoan Proficiency agiria emango digutela diote. Ikusiko dugu. Aste honetan, gainera, British Council erakundekoak datoz eta bihar beraiekin hitz egiteko eskatu didate, eskolaren funtzionamenduaren testigantza emateko-edo.

    Osteguna noiz iritsiko zain nago, pubera joateko eguna delako. Alex mexikarra eta Julia italiarrarekin hitz egiten dut gehienbat eta aurreko astean oso gustora sentitu nintzen, hitz egiterakoan inolako mugarik izango ez banu bezala. Ea aste honetan sentsazio hori errepikatzen den, ez dudalako uste ohikoa denik: sarritan, etorri nintzenean baino ingeles kaskarragoa dudala pentsatzen dut. Gainera tipo horien azken osteguna izango da eta agurtu beharko ditut, zoritxarrez.

    Beste kontu bat. Ohean eman nituen egun horietan, internetik gabe egon ginen etxean. Agentziakoek internet hornitzailea* aldatzea erabaki zuten, eta enpresak bidali zuen router berria jasotzeko inor ez zegoenez etxean, ezin konektatu internetera, ezta router zaharra erabiliz, kontratu hori bukatuta baitzegoen ordurako. Agentziakoekin hitz egin eta errua gurea zela, guk jaso behar genuelako paketea. Guk etxerako lan egingo bagenu bezala! Gainontzeko bizilagunak oso haserre daude ere eta ikusiko dugu zer gertatzen den agentziako tipoa errenta kobratzera datorrenean. Beherapen bat nahi dugu.

    Kontraturik izan gabe badago etxean internet izateko aukera, operadoreek hirian zehar dituzten antenen bidez baina egun bakoitza 6£ da. Horri elektrizitatea gehitu behar zaio: bi astetan 90£ ordaindu dugu. Gehiegi dela deritzogu. Ni gela bila hasi naiz dagoeneko, apirilaren 25ean bukatzen zaidalako kontratua eta ez dut luzatu nahi.

    Orain kontu serio bat. Errepublikaren egunean, hots apirilaren 14ean, Gizarte Segurantzaren zenbakia [edo NIN, National Insurance Number jatorriz] eskuratzeko eskaera egingo dut. Hilabete inguru beharko du zenbakiak, baina momentu horretatik aurrera kontratu batekin lan egiteko aukera izango dut. Ez naiz maiatzaren amaiera arte lan bila ibiliko, ordea. Zergatik?

    Maiatzaren 10ean etxera itzuliko naiz. Ez dira egun asko izango, aitaren urtebetetzea eta gero etorriko naiz Londresera bueltan, baina lanean hasi baino lehenagoko oporrak izango dira zeren, lanean hasten naizenean, ez dut uste egun bakar bat libratuko dudanik!

    *Xabiren hiztegi pertsonala, Elhuyar hiztegiaren operadore hitzaren parekoa

  • Zortzigarren astea

    Canary Wharfeko etxeorratzen gaueko ikuspegia Surrey Quaysetik ikusita, argiak Greenland Docken islatzen direla.

    Hau da hau nekea. Gauean berandu oheratu eta goizean inoiz baino goizago esnatu. Seiak aldean eguzkiaren argitasunak iratzarri eta trarikoaren orro amaiezinak esna mantentzen nau 7:30ak arte. Orduan albisteak irakurri, nagiak atera, dutxatu eta gosaltzen dut. Ordubete beranduago metrorako bidean nago.

    Eskolan ikasle gutxiago izan gara aste honetan. Gaur lau baino ez gara egon. Primeran. Iraniarrak alde egin du gaurkoan. Datorren astean, ordea, 40-50 italiar inguru etorriko direla iragarri digute. Ez dakigu horietako zenbat gure ikasgelara etorriko diren.

    Datorren astean azterketa garrantzitsua dugu: Advance maila erakusten duena. Gainditzekotan Proficiencyra pasako ginateke. Ez dut uste erreza izango denik: Advance ikastaroko azken bi gaiak jorratzen ari zirenean gehitu nintzen ni eskoletara eta horrek esan nahi du gainontzeko bostak nire kabuz ikasi beharko ditudala asteburuan.

    Horrez gain, aste honetan lanpostu bat lortzeko froga egin dut. Non eta espainiar erreinuaren kontsuletxean lan egiteko. Ez dut lehenengo fasea gainditu, ordea. Ordu erdian erantzuteko kultura orokorrari buruzko 100 galdera ziren, eta aurkeztu ginen 175 pertsonatatik 20 onenak bigarren fasera iritsi dira. Beste zerbait begiratu beharko dut baina lehenengoa NIN (National Insurance Number edo gizarte-segurantza) zenbakia lortzea izango da.

    Rotherhithe Old Roadeko etxeko sukaltarria, behingoz, platerak jasota.
    Sukaltarria garbi

    Ostatuari dagokionez, italiar eta frantses bana etorri dira. Italiarra ez dut ezagutu oraindik, baina komuna eta sukaldea garbitu ditu. Ikusiko bazenute zer distira daukan orain konketak…! Bainontziak ere beste bat dirudi. Eta sukaldeari argazki batzuk egin dizkiot, ez dudalako uste sukaltarria berriro hutsik ikusiko dudanik. Armairuren bat ere antolatu du eta tupperrak bata bestearen barruan sartu ditu, matrioxken antzera, handienetik txikienera.

    Frantsesa izan da ezagutu dudana. Hugo du izena eta —frantsesa izateko— oso ingeles maila altua dauka. Apenas du doinurik. Dublinen egon dela aitortu dit, baina bertan logela lortzea oso zaila zela. Urpekaritza egiteko dendaren batean dihardu (edo ziharduen) Frantzian, arnasa hartzeko ahoan sartzen diren zera horietakoak konpontzen-edo. Bart afaldu bitartean azaldu zidan hori guztia. Nik: babak, arroza & oilaskoa eta esnea; berak: hiru tomatetxo gordin eta olio apur bat. 100 kilo pisatzen zuela azaldu zidan. Etxetik 10 minutura dugun Decathlonen lana bilatuko duela gehitu zuen, horrela ez duela metrorik hartu beharko eta dirua aurreztuko duelakoan.

    Ni ere Decathlonera joango naiz, bizikletak frogatzera. Nire neurria aurkitzen dudanean, interneten bigarren, hirugarren, laugarren edo, batek daki zenbatgarren eskuko bizikleta bat erosiko dut. Hori izango da nire urtebetetzeko oparia.

    Ostegunean Francesca, Ciara eta Nausicarekin topo egin genuen Fran eta biok eta gaur gauean afaltzera gonbidatu gintuzten. Beraz orain erosketak egin eta azazkalak moztu eta gelditzen zaizkidan fraka garbi bakarrak lisatu beharko ditut. Eta hori da aste honetako laburpena.

  • Metroko mantrak

    This train is now ready to depart.
    Stand clear [of] the doors.
    Mind the doors; mind the closing doors.