Hau da hau nekea. Gauean berandu oheratu eta goizean inoiz baino goizago esnatu. Seiak aldean eguzkiaren argitasunak iratzarri eta trarikoaren orro amaiezinak esna mantentzen nau 7:30ak arte. Orduan albisteak irakurri, nagiak atera, dutxatu eta gosaltzen dut. Ordubete beranduago metrorako bidean nago.
Eskolan ikasle gutxiago izan gara aste honetan. Gaur lau baino ez gara egon. Primeran. Iraniarrak alde egin du gaurkoan. Datorren astean, ordea, 40-50 italiar inguru etorriko direla iragarri digute. Ez dakigu horietako zenbat gure ikasgelara etorriko diren.
Datorren astean azterketa garrantzitsua dugu: Advance maila erakusten duena. Gainditzekotan Proficiencyra pasako ginateke. Ez dut uste erreza izango denik: Advance ikastaroko azken bi gaiak jorratzen ari zirenean gehitu nintzen ni eskoletara eta horrek esan nahi du gainontzeko bostak nire kabuz ikasi beharko ditudala asteburuan.
Horrez gain, aste honetan lanpostu bat lortzeko froga egin dut. Non eta espainiar erreinuaren kontsuletxean lan egiteko. Ez dut lehenengo fasea gainditu, ordea. Ordu erdian erantzuteko kultura orokorrari buruzko 100 galdera ziren, eta aurkeztu ginen 175 pertsonatatik 20 onenak bigarren fasera iritsi dira. Beste zerbait begiratu beharko dut baina lehenengoa NIN (National Insurance Number edo gizarte-segurantza) zenbakia lortzea izango da.
Ostatuari dagokionez, italiar eta frantses bana etorri dira. Italiarra ez dut ezagutu oraindik, baina komuna eta sukaldea garbitu ditu. Ikusiko bazenute zer distira daukan orain konketak…! Bainontziak ere beste bat dirudi. Eta sukaldeari argazki batzuk egin dizkiot, ez dudalako uste sukaltarria berriro hutsik ikusiko dudanik. Armairuren bat ere antolatu du eta tupperrak bata bestearen barruan sartu ditu, matrioxken antzera, handienetik txikienera.
Frantsesa izan da ezagutu dudana. Hugo du izena eta —frantsesa izateko— oso ingeles maila altua dauka. Apenas du doinurik. Dublinen egon dela aitortu dit, baina bertan logela lortzea oso zaila zela. Urpekaritza egiteko dendaren batean dihardu (edo ziharduen) Frantzian, arnasa hartzeko ahoan sartzen diren zera horietakoak konpontzen-edo. Bart afaldu bitartean azaldu zidan hori guztia. Nik: babak, arroza & oilaskoa eta esnea; berak: hiru tomatetxo gordin eta olio apur bat. 100 kilo pisatzen zuela azaldu zidan. Etxetik 10 minutura dugun Decathlonen lana bilatuko duela gehitu zuen, horrela ez duela metrorik hartu beharko eta dirua aurreztuko duelakoan.
Ni ere Decathlonera joango naiz, bizikletak frogatzera. Nire neurria aurkitzen dudanean, interneten bigarren, hirugarren, laugarren edo, batek daki zenbatgarren eskuko bizikleta bat erosiko dut. Hori izango da nire urtebetetzeko oparia.
Ostegunean Francesca, Ciara eta Nausicarekin topo egin genuen Fran eta biok eta gaur gauean afaltzera gonbidatu gintuzten. Beraz orain erosketak egin eta azazkalak moztu eta gelditzen zaizkidan fraka garbi bakarrak lisatu beharko ditut. Eta hori da aste honetako laburpena.
Utzi erantzuna