Bigarren fasea

ThamesGasteizera joan nintzen eta Londresera itzuli naiz. Pare bat aste eman ditut dagoeneko Erresuma Batuko hiriburuan eta luzaroagoan geratzea espero dut. Ez da ezer aldatu kanpoan egon nintzenetik, badakizue: si monchinos os dejé…

Baina aldatuko dira. Hau da nire azken eskola astea; azken aldian ez dut uste gauza asko ikasi dudanik eta denbora eta dirua hobeto aprobetxatu nahi ditut. Proficiency azterketa prestatu nahi dut eta eskolan hori egingo genuela esan ziguten arren, asko hitz egiten dugu baina ezer konkretua praktikatu gabe.

Faltan ditut hasierako Jonnyren eskolak: gramatika edo hiztegia ikasi eta ondoren hitz egiten genuen, lehenago ikasitakoa praktikan jarriz. Orain, aldiz, Kareni ez zaio gramatika ikastea gustatzen eta edozein aukera baliatzen du gaiz aldatu eta edozeri buruz hitz egiten hasteko. Entretenigarria da, baina hori bera pubean egin genezake eskola ondoren, ordaintzen duguna ordaindu gabe. Beraz, Jorge espainiarrari berak hemen kontratatu zuen irakasle partikularraren telefono zenbakia eskatu diot.

Dirudienez Karenek berak Proficiency azterketa egiteko asmoa dauka eta prestatzeko liburu batzuk batera eskatuko ditugu, garraioa merkeagoa izan dadin. Elkarrekin ikas genezakela ere esan du baina batek daki azkenean zer gertatuko den. Bitartean curriculuma hobetu eta aurkezpen karta madarikaturen bat idazten ari naiz. Esan al nizuen gizarte-segurantza zenbakia jaso nuela?

Etxeari dagokionez, aurreko asteburuan bikotearen alaba egon zen egongelan lo egiten, lagun batekin. Pare bat jogurt jan zizkidaten. Gurasoek azaldu zidaten berari ez ziotela esan hozkailuko nire apala zela hori, eta itzuliko zizkidatela. Baina nire apalean zukua eta gurina agertu dira alaba ez zegoenean. Zerbait egin beharko dut gogorarazteko apal hori nirea baino ez dela. Momentuz jogurt bat baino ez didate itzuli.

Azukrea ere aldatu didate: nirea beraiek hartu eta niri ireki gabe zegoen bat utzi didate. Betek daki zergatik, ez dut pentsatu egin nahi ere zer egin duten nire azukrearekin. Horrez gain, aste honetan morroia baino ez dago: emakumea oporretara joan omen da. Eta tipoa aipatu dudala, gaixorik edo alergiak jota dabil. Nik ere arazoa daukat arnasa hartzeko eta pilulak hartzen ari naiz baina hobekuntzarik nabaritu gabe.

Ostiralean Iñigo izeneko tipo bati deitu nion. Londres kanpoaldean bizi da eta kazetari bezala dihardu espainiar estatuko egunkari batean. Afaltzera gonbidatu nau emaztea eta bera bizi diren etxera. Lekutan dago, baina tira… beraz, bonboi batzuk-edo erosi beharko ditut.

Erresuma batuko ohiturekin batera afalduko dugun arren (gutxi gorabehera), berandu etxeratuko naizelakoan nago eta beste egunen batean emango dizuet afariaren berri.


Argitaratua

hemen:

nork:

Etiketak:

Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude