Denbora gehiago izan dugu gosaltzeko gaurkoan, eta Benasquera zihoazenei agur egin ondoren, piper berde frijituen patearen bila hasi gara herriko denda txikietan. Supermerkatuan aurkitu dugu. Autobusa hartu dugu orduan atzo bezala Ordesako lautadara joateko, baina gero bertatik Torlara oinez jaisti gara.
Bidea itzalpean doa gehienetan, eta diotenez hiru urjauzi ikusten dira. Bidearen erdia egin baino lehen gelditu eta jan dugu bokata. Ez da oso handia izan ez genuelako nahi gosea erabat joan zedin: Torlan badago izugarri gustatzen zaidan jatetxe bat, eta gaur erreserba egina geneukan bertan afaltzeko.
Gaurko bidea da ziur asko bidaia honetan egin ditugunen artean gehien gustatu zaidana. Zuhaitzpean joan gara, lurra –eta ez harria– zapaltzen, aldazbehera, eta ez da oso luzea izan. Arratsaldean gelan egon gara, deskantsatzen eta afaltzeko orduaren zain.
Urdaiazpiko txiribilak
Horrela eman diegu amaiera aurtengo oporrei. Bihar bide luzea dugu Gasteizera iristeko eta Benasquekoen berrien zain egongo gara ea Posets-era ailegatu diren.
Gosaria gauean utzi ziguten prest, eta tostadaren bat niri gustatu baino bizkorrago jan eta gero, hor joan gara maldan behera autobus geltokiraino. Tiketa erosi, makilak beheko partean utzi, eta autobusean eseri gara. Parkeko historia azaltzen duen dvda jarri du gidariak, baina nik nahikoa izan zut errepideari adi joaten ez zorabiatzeko.
Espero bezala Ordesako aparkalekuan ez du bero askorik egin, eta ez gara damutu windstopper edo jartseren bat eramateaz, jakin bagenekien arren laister asko motxilan sartu beharko genuela.
Cola de caballo
Bidea laua izan da hasieran eta ziztu bizian joan gara. Bidean geldialdiren bat egin dugu argazkiren bat egiteko, baina hala ere iragarritako ordua baino lehen iritsi gara Cola de Caballo urjauzi ospetsura. Harnasa hartu eta bigarren zatiari ekin diogu, lehenengoa baino askoz harritsu eta malkartsuagoa.
Aldapak aldapa, generaman mediari eutsi diogu. Beroaldia aitzaki, garagardo edo freskagarri batzuk erosi ditugu aterpetxean, eta bazkaldu ere bertan egin dugu (bazkaldu, edo zer edo zer jan). Marmota lodiren bat ere ikusi dugu picnic mahaietan eserita geundela.
Ardiak eta ahuntzak
Gustora egon arren, oraindik itzulera falta zitzaigun, eta tenperatura beroak iragarrita zeudenez, gehiegi ez luzatzea erabaki dugu, beherako bidea berehala hartuz. Poliki-poliki egin dugu beheruntz, eta behin kateetara iritsita, taldea banatu eta batzuk etorri garen bidetik bueltatu gara, beste batzuk Senda de los Cazadores-etik zihoazen bitartean.
Luze samarra iruditu zait, agian beroagatik, agian ordu horretan igotzen zen jendetzagatik. Hala ere arazorik gabe iritsi gara Ordesako aparkalekuko tabernara eta bertan eseri gara edari hotz batekin, ehiztarien bidetik jaistea ausartu direnei itxaroten.
Torlan berriro, igeritokira joan gara tarte batez, eta dutxatu ondoren eguneko momenturik onena iritsi da: afaria. Aurtengo beste irteeretan baino hobeto sentitu garen arren (ez du Herrialde Katalanetan beste bero egin) gaurko 25 kilometroak nekagarriak izan dira eta ohera joan gara ahndik gutxira.
Denbora galdu gabe gosaldu eta autoan sartu gara, tour honetako hurrengo geldialdira lehenbailehen iristeko. 260 kilometro eskas egiteko lau ordu t’erdi behar dira kasurik onenean baina guk gehiago behar izan ditugu azkenean Torlara iritsteko. Bidea ez da itsusia izan, baina bai zorabiagarria.
Hoteleko gelako terrazan bazkaldu dugu eta bertan zain genituen gainontzeko lagunekin egin dugu bat. Herritik buelta bat eman ondoren, hoteleko jatetxean afaldu eta oheratu gara berandu gabe, goizean goiz jaiki beharko garelako bihar oraindik eguzkiak gogorregi jotzen ez duenean Gorizeko aterpetxera iritsi nahi badugu.
Zerrenda bat neukan nik Andorran erosi nahi nituenekin, baina oraingoan huts egin dit: kontsumoko elektronikaz jositako denda asko desagertu dira eta beraien ordez toki guztietan aurki daitezkeen negozioak daude ikusgai. Starbucks, Subway, Desigual…
Gelditzen diren denda apur horietan aukera gutxi dituzte, eta produktu jakin horren bila bazeunden, litekeena da interneten askoz merkeago topatu ahal izatea. Egun, ez du merezi Andorrara joatea kamara bat erosteko asmoa bazenuen.
Hala ere ezin izan dugu betiko geldiadi ekidin Viladomat kirol arropa denda ezagunean. Erosi, ordea, ez dugu egin.
Supermerkatuan jatekoa eta edatekoa erosi eta hoteleko gelan bazkaldu dugu, goiz samar, digestioa egin eta arratsaldeko lehen orduan Caldeara joan ahal izateko. Nahiko jende zegoen, baina suposatzen dut urtero daukagula sentsazio bera.
Euri zaparrada hasi da orduan eta kanpoko igertikoira joan gara, baina hasieran dibertigarria izan bada ere, arraroa ere bazen gorputza ur berotan izan eta buruan tanta hotz horiek sentitzea.
Hiru ordu bete gabe atera eta, jada goseak amorratzen, afaltzera joan gara. Bidaia honetako afaririk txarrena izan da niretzat: gelatutako hanburger bat. Bruselan jaten nuena berriro aurkituko banu…!
Minbizia eragozteko afal ondoren pare bat ordu itxaron behar direla oheratu baino lehen diotenez, kalean gora eta behera egin dugu, eta Andorrarako lehen bidaian aurkitu genuen tren denda ikusi dugu. Herriak zenbat aldatu den harritu gaitu, eta orain estetikoki behintzat atseginagoa bada ere, arrazoi gutxiago dago kilometro horiek guztiak egin eta Andorra la Vella bisitatzeko.
Aurrekoetan kosta aldera jo izan badugu, gaurkoan barrurantz joan gara. Banyolesen 1992ko Olinpiar Jokoen arraun lehiaketak ospatu ziren bertako lakuan. Guk lakuari bira eman diogu.
Zortzi kilometroko ibilbide lau eta erraz bat izan da, zorionez galtzeko aukera gutxi zituena lakuaren ertzetik doalako. Bero egin badu ere, itzalpean joan gara bidea zuhaitzek babesten dutelako, eta badago ere ur gardenetara sartzeko aukera mugatutako eremuetan. Uretara jauzi egin dutenen arabera, El Port de la Selvako itsasoan baino beroagoa zegoen ura.
Lakuaren erdian badaude kale batzuk, arraunean egiteko. 1992ko jokoez gain, 2004an ere ospatu zen laku honetan Munduko Arraun Lehiaketa.
Aurreko egunetan bezala, gutxi jan dugu. Ur ertzeko taberna batean eseri eta zer edo zer eskatu dugu sabela apur bat bete eta Andorrarako bideari ekiteko. Autoko GPSak 180 Km inguruko bidea proposatu digu, hiru bat ordu. Bidea, ordea, bihurgunez josita egon da eta amaiezina iruditu zaigu.
Ekaitza La Molinan
Kilometro luzez geu bakarrik gindoazen errepidean eta bide zuzena ote zen galdetu diogu gure buruari. Gainera, La Molinara iristen ari ginela, zerua erabat belztu eta izugarizko txingor ekaitza hasi da. Ez zegoen modurik egoera horretan gidatzeko eta galditu behar izan gra ekaitza apur bat baretu arte.
La Seu de Urgel-etik gora jarraitu dugu, oraindik euri artean. Aurreko aldietan ez bezala, muga zeharkatzea nehiko azkarra izan da. Hasierako gasolindegi eta supermerkatuak atzean utzi eta Andorra la Vellara iritsi gara azkenean. Ohiko hotela ez zenez, eta Meritxell hiribidea obretan zegoenez, kostata sartu gara hoteleko aparkaleku estuan.
Paseo bat eman, afaldu, eta oheratu gara, bidaia luzearen ondorioz lur jota.