Garaiz iritsiko ote naiz?

Batzuetan denbora luzez pentsatzen ditugu gauzak, den-dena aztertzen dugu, eta aukera guztiak baloratu ondoren erabaki bat hartzen dugu. Normalean horrela egiten dut nik ere. Normalean.

Baina beste batzuetan erabakiak bat-batekoak dira eta Manchesterreko aireportuan zaude, aurpegiko argazkia duen pasaporteko orrialdea ezkerreko eskuarekin mantentzen eskumakoarekin telefonoan zerbait idazten ari zaren bitartean.

Hegaldia hegaldi gehienak bezalakoa izan da: ezkerraldean emakume oso lodi bat, eskumaldean ordenagailuan pelikula bat ikusten ari zen gizon handi bat, eta atzekaldean kakari eutsi ezin izan duen neskatila bat, negarrez hasi dena lehenengo ordua pasatakoan.

Hegazkineko ateak ireki bezain bizkor hartu dut nire poltsa eta ziztu bizian abiatu naiz pasaporteen kontrolera. Pasatakoan korrika egin beharko dut Skylink izeneko pasarelan behera, terminal honetatik aireportuko tren geltokira iristeko.

Hegaldia iragarritako denboran gauzatuko balitz, 34 minutu baino ez nituzke izango trenak alde egin arte. Ez dut aireportua ezagutzen eta ez dakit zenbat denbora beharko dudan. Dakidana da 1A plataforman dagoen trenera igoko naizela.

Dena ondo badoa, ordu t’erdiren ondoren Liverpooleko Lime geltokian egongo naiz, 30 milia edo 50 bat kilometro urrutiago. Arazoren bat baldin badago, ordea, ez. Trenera garaiz iristen ez banaiz, zazpi ordu eman beharko ditut lur edo banku hotzen batean eserita. Eta tren okerra hartzen badut Cardiff-en ager naiteke.

Pirinioak 2018: uztailak 28

Ordesatik TorlaraDenbora gehiago izan dugu gosaltzeko gaurkoan, eta Benasquera zihoazenei agur egin ondoren, piper berde frijituen patearen bila hasi gara herriko denda txikietan. Supermerkatuan aurkitu dugu. Autobusa hartu dugu orduan atzo bezala Ordesako lautadara joateko, baina gero bertatik Torlara oinez jaisti gara.

Bidea itzalpean doa gehienetan, eta diotenez hiru urjauzi ikusten dira. Bidearen erdia egin baino lehen gelditu eta jan dugu bokata. Ez da oso handia izan ez genuelako nahi gosea erabat joan zedin: Torlan badago izugarri gustatzen zaidan jatetxe bat, eta gaur erreserba egina geneukan bertan afaltzeko.

Gaurko bidea da ziur asko bidaia honetan egin ditugunen artean gehien gustatu zaidana. Zuhaitzpean joan gara, lurra –eta ez harria– zapaltzen, aldazbehera, eta ez da oso luzea izan. Arratsaldean gelan egon gara, deskantsatzen eta afaltzeko orduaren zain.

Urdaiazpiko txiribilakHorrela eman diegu amaiera aurtengo oporrei. Bihar bide luzea dugu Gasteizera iristeko eta Benasquekoen berrien zain egongo gara ea Posets-era ailegatu diren.

Pirinioak 2018: uztailak 27

Gorizeko aterpetxera igotzeko trasteakGosaria gauean utzi ziguten prest, eta tostadaren bat niri gustatu baino bizkorrago jan eta gero, hor joan gara maldan behera autobus geltokiraino. Tiketa erosi, makilak beheko partean utzi, eta autobusean eseri gara. Parkeko historia azaltzen duen dvda jarri du gidariak, baina nik nahikoa izan zut errepideari adi joaten ez zorabiatzeko.

Espero bezala Ordesako aparkalekuan ez du bero askorik egin, eta ez gara damutu windstopper edo jartseren bat eramateaz, jakin bagenekien arren laister asko motxilan sartu beharko genuela.

Cola de CaballoBidea laua izan da hasieran eta ziztu bizian joan gara. Bidean geldialdiren bat egin dugu argazkiren bat egiteko, baina hala ere iragarritako ordua baino lehen iritsi gara Cola de Caballo urjauzi ospetsura. Harnasa hartu eta bigarren zatiari ekin diogu, lehenengoa baino askoz harritsu eta malkartsuagoa.

Aldapak aldapa, generaman mediari eutsi diogu. Beroaldia aitzaki, garagardo edo freskagarri batzuk erosi ditugu aterpetxean, eta bazkaldu ere bertan egin dugu (bazkaldu, edo zer edo zer jan). Marmota lodiren bat ere ikusi dugu picnic mahaietan eserita geundela.

Ardiak eta ahuntzakGustora egon arren, oraindik itzulera falta zitzaigun, eta tenperatura beroak iragarrita zeudenez, gehiegi ez luzatzea erabaki dugu, beherako bidea berehala hartuz. Poliki-poliki egin dugu beheruntz, eta behin kateetara iritsita, taldea banatu eta batzuk etorri garen bidetik bueltatu gara, beste batzuk Senda de los Cazadores-etik zihoazen bitartean.

Luze samarra iruditu zait, agian beroagatik, agian ordu horretan igotzen zen jendetzagatik. Hala ere arazorik gabe iritsi gara Ordesako aparkalekuko tabernara eta bertan eseri gara edari hotz batekin, ehiztarien bidetik jaistea ausartu direnei itxaroten.

Torlan berriro, igeritokira joan gara tarte batez, eta dutxatu ondoren eguneko momenturik onena iritsi da: afaria. Aurtengo beste irteeretan baino hobeto sentitu garen arren (ez du Herrialde Katalanetan beste bero egin) gaurko 25 kilometroak nekagarriak izan dira eta ohera joan gara ahndik gutxira.

Pirinioak 2018: uztailak 26

Torlako eliza - HDRDenbora galdu gabe gosaldu eta autoan sartu gara, tour honetako hurrengo geldialdira lehenbailehen iristeko. 260 kilometro eskas egiteko lau ordu t’erdi behar dira kasurik onenean baina guk gehiago behar izan ditugu azkenean Torlara iritsteko. Bidea ez da itsusia izan, baina bai zorabiagarria.

Hoteleko gelako terrazan bazkaldu dugu eta bertan zain genituen gainontzeko lagunekin egin dugu bat. Herritik buelta bat eman ondoren, hoteleko jatetxean afaldu eta oheratu gara berandu gabe, goizean goiz jaiki beharko garelako bihar oraindik eguzkiak gogorregi jotzen ez duenean Gorizeko aterpetxera iritsi nahi badugu.

Pirinioak 2018: uztailak 25

Illa merkatalguneaZerrenda bat neukan nik Andorran erosi nahi nituenekin, baina oraingoan huts egin dit: kontsumoko elektronikaz jositako denda asko desagertu dira eta beraien ordez toki guztietan aurki daitezkeen negozioak daude ikusgai. Starbucks, Subway, Desigual…

Gelditzen diren denda apur horietan aukera gutxi dituzte, eta produktu jakin horren bila bazeunden, litekeena da interneten askoz merkeago topatu ahal izatea. Egun, ez du merezi Andorrara joatea kamara bat erosteko asmoa bazenuen.

Hala ere ezin izan dugu betiko geldiadi ekidin Viladomat kirol arropa denda ezagunean. Erosi, ordea, ez dugu egin.

Meritxell etorbideaSupermerkatuan jatekoa eta edatekoa erosi eta hoteleko gelan bazkaldu dugu, goiz samar, digestioa egin eta arratsaldeko lehen orduan Caldeara joan ahal izateko. Nahiko jende zegoen, baina suposatzen dut urtero daukagula sentsazio bera.

Euri zaparrada hasi da orduan eta kanpoko igertikoira joan gara, baina hasieran dibertigarria izan bada ere, arraroa ere bazen gorputza ur berotan izan eta buruan tanta hotz horiek sentitzea.

Hiru ordu bete gabe atera eta, jada goseak amorratzen, afaltzera joan gara. Bidaia honetako afaririk txarrena izan da niretzat: gelatutako hanburger bat. Bruselan jaten nuena berriro aurkituko banu…!

Minbizia eragozteko afal ondoren pare bat ordu itxaron behar direla oheratu baino lehen diotenez, kalean gora eta behera egin dugu, eta Andorrarako lehen bidaian aurkitu genuen tren denda ikusi dugu. Herriak zenbat aldatu den harritu gaitu, eta orain estetikoki behintzat atseginagoa bada ere, arrazoi gutxiago dago kilometro horiek guztiak egin eta Andorra la Vella bisitatzeko.