Gaurko plana oso garbi geneukan: “bost lakuen ibilbidea” egitea zen asmoa eta hala izan da. Ibilbidea zirkularra da, 12,5 kilometroko luzerakoa, umeekin egiteko aproposa [edo hori diote irakurritako liburuek]. Bost lakuak desberdinak dira, eta horietako bat Zermatten hondartzatzat daukate: umeentzak jolasteko tokiak, mahaiak, barbakoak, lakua bera…
Hasieran primeran, baina gero aldapa zentzuz aldatu eta goruntz egin behar izan dugu. Hori ez zaigu hainbeste gustatu. 500 metroko desnibela kalkulatu dugu. Gaurkoan ere eguzkia izan dugu lagun eta 30°-ko tenperaturari ihes egitea ez da erraza izan.
2009an Chamonixen hotza eta haizea izan ziren protagonista, eta altuera antzekoetan antzeko giro edo tenperatura aurkitzea espero nuen, baina beste behin oker nenbilen: bero egiten du bai haranetan baita mendi tontorretan ere, eta haizerik ere ez dago. Atzokoa da adibide garbiena, 3,883 metrotan ibili ginen eta manga motzean aritzeko giroa zegoen. Ziur asko arropa lodiren bati ez genion muzinik egingo, baina jasangarria zen.
Bost lakuen ibilbidea amaitzeko Rothorn mendi puntara hurbildu gara telekabinan. Atzokoak 100 pertsonentzat tokia zuen; gaurkoak 150 pertsonentzat. 150 pertsona hari ziztrin batetik zintzilik! Bertatik panoramika bat egiten saiatu naiz, baina haizerik egon ez arren, tripode batek izugarri lagunduko lidake. Panoramikan, hemen egiten ari naizen argazki guztietan bezala, Matterhorn ikusten da.
Matterhorn ez da inguruko mendi altuena. Cervinok 4,478 metro ditu, Liskammek 4,527, Dufourspritzek 4,634, Täschhornek 4,490, eta Domek 4,545. Orduan nola da posible Matterhorn ezagunena izatea? Zalantzarik gabe ikusgarriena da, bera da argazki guztietan jaun eta jabe. Inguruan ez du mendi alturik, eta horregatik bere handitasuna are handiagoa dirudi, gehiago nabarmentzen da. Berau eskalatzeko zailtasunak ere laguntzen du Toblerone txokolatearen irudiaren mitoa handitzen. Eta bertan hildakoen kopuruak.
Garaiena izan ez arren, mendi honen ospeak jende andana erakartzen du eta aipatutako zailtasunak bizitza ugari izorratu ditu. Zermatten dauden hilobiak dira horren gogoangarri. Gaur gaueko hamarrak aldean oraindik ikusten ziren argitxoak Matterhornen behera, baita larrialdietarako aterpetxean ere. Jende larregik gutxiesten ditu mendien arriskuak.*
Eta erietxea? Arrastorik ere ez. Gaur izan da polizia ikusi dugun lehen eguna eta horietako batek denbora luzez goitik behera begiradarekin arakatu ondoren ea euskaldunak ginen galdegin digu. Bera Madrilen jaioa omen zen. Suhiltzaileak ere batek daki non dabiltzan.
Afaltzeko gazta fondue bat eskatu dut zerbitzari kubatar bat zeukan jatetxe dekadente batean.
Zermatt berezia da autorik ez duelako. Ez behintzat erregai fosilak erretzen dituztenak. Furgoneta elektriko txiki batzuekin egiten dute guztia hemen. Turistak tren geltokitik hotelera eraman, denda eta jatetxeen merkwntziak banatu… hori bai, ziztu bizian dabiltza ezpaloirik ez duen herritxo honetan, eta arriskutsuak iruditzen zaizkit.
Kaleak isilak dira beraz, kale nagusian batek-daki-zein-aitzakiarekin ospatzen ari diren jaiarengatik izango ez balitz. Musika teknoa eta behar baino gehiago edan duen jendea udako gau epel batean, begirik ez biltzeko osagai aproposak. Ea behintzat ez datozen leiho azpira oka eta bestelako gauzak egitera.
* Cervino konkistatu nahi dutenek Hortli Hut aterpetxean lo egiten dute, goizeko ordubietan jaiki eta lauetan goranzko bideari ekiten diote. Behean egon beharko lirateke 9 eta 16 orduko tartean. Arratsaldeko zortzietarako ez litzateke inor Matterhornen gora eta behera ibili beharko.
Utzi erantzuna