Matterhorn edo Cervino menditzarraren magalean ibili gara gaur; batzuk gehiago, besteak gutxiago. Telekabina hartu dugu Zermatt bertatik eta Schwarzsee “geltokian” jaitsi gara. Bertatik hasi dugu ibilbidea baina oso aldapatsua zenez, Gasteizkook ordubete pasatakoan bertan behera utzi dugu ibilbidea. Santurtzikoek aurrera jarraitu dute eta Hörnli Hut aterpetxeraino iritsi dira.
Horixe da Matterhornera igo nahi dutenen azken geldialdia. Bertan lo egin eta goizeko ordubietan abiatzen dira gailurra zapaltzeko asmoz. Hortik aurrera eraikuntza bakarra dago, larrialdietarako baino erabiltzen ez dena. Bi litera baino ez omen ditu baina benetako larrialdi batean batek daki zenbat mendizale sartuko lirateken.
Bitartean Gasteizko taldeak beste ibilbide bati ekin dio baina amore eman du bidea ondo seinalatuta ez zegoelako. Harkaitzak eta harriak baino ez daude hemen: ez zuhaitz, ez belar, ez ezer. Belarrik ez dagoenez, zaila egiten da bidea asmatzea, ez dagoelako jakiterik zein den gehien zapaldutako ibilbidea.
Atzoko jipoiaren ondoren, gaurkoan ez geneukan larregi mugitzeko gogorik edonola ere. Gainera, orkatila inguruetan nituen eltxo-ziztadak berpiztu zaizkit boten eraginez, eta jasangaitza da hazgurea. Horri eguzkiak atzo sortutako erredurak gehitu beharko genioke.
Beraz, telekabina geltoki ondoko lakuetako batera gerturatu gara. Baseliza atzekaldean bazkaldu dugu, itzalpean, eta Zermattera itzuli gara. Dutxatu eta apur bat deskantsatu ondoren, herrian zehar ibili gara. Nik kamararen tripodea etxean utzi behar izan nuen, maletan ez zitzaidalako sartzen, eta orain ez dago Zermatten tripoderik aurkitzeko modurik. Bihar punturik altuenera joango gara eta ziur nago ikuspegia izugarria izango dela, baina tripoderik gabe zaila egingo zait panoramika bat egitea. Eta ostegunetik aurrera eguraldia okertuko denez… argazki gutxi egiteko aukera izango dut. Beste urteren batean itzuli beharko naiz.
Eguraldiari buruz: atzo bero egin zuen, eta gaur ere bai. Gezurra badirudi ere, ez du hotzik egiten eta fraka eta manga motzean ibiltzeko ez dago arazorik. Hala ere izerdia botatzea ere posible da. Zermatten 25 gradu inguru egin ditu gaur arratsaldean. Sinezgaitza da astearte eta asteazkenean elurra egin izana eta tenperaturak zeroz azpitik egon zirela entzutea.
Oharra: badakit akatsak egiten ditudala baina hemen daukadan ekipo kaskarrarekin ezin dut besterik egin. Orain gixajoren baten wifia aprobetxatzn ari naiz [ea ez dizkidan pasahitzak lapurtzen eta ni naizen gixajoa!]. Etxera iritsitakoan zuzenduko ditut akatsak eta osatu informazioa.
Utzi erantzuna