Atzo Gironan ikusitako tximistak ez ziren Figueresera iritsi, baina eguna lainotuta ikusteak ibilaldi bat egiteko adorea eman digu. Peraladara joan gara horretarako.
Autoa kanpoaldeko aparkalekuan utzi eta erreka gurutzatu dugu nekazal bideetatik zihoan 13,5 bat kilometroko ibilbidea egiteko. Arto eta banbu artean joan gara, noizean behin sentitzen genituen euri tantei kasurik egin gabe.
Bereziki astunak izan dira gaurko euliak eta esango nuke aurreko egunetan eulirik egon ez bada beroa handiegia zelako izan dela. Lainoak eta [hegoaldeko] haizeak jasangarriago egin dute eguna, baita euliak beren lozorrotik irten eta gizakiak izorratzeko ere. Ziztadaren bat ere sufritu dugu.
Bidean hildako sugegorriren bat ikusi dugu baina aparteko arazorik ez. Mendixkatik jaitsi garen arte.
Seinale edo markak desagertu dira eta inprimatuta generaman mapan ezin aurkitu geure burua (mapatik kanpo geunden). Berriz ere galdu gara.
Lainoak desegin eta eguzkia atera da, beti bezain indartsu, gure azal zurbilak berriro ere erre nahian. Ezustekorik ez; lortu du.
Programatutakoa baino bi ordu gehiago behar izan ditugu ibilbide erraz eta laua amaitu eta Peraladara itzultzeko, azkenean, amore emanda, errepidetik. Aurreko egunetan baino hobetu sentitu banaiz ere, erdiragarria da bide zuzen edo egokia inoiz ez aurkitu ahal izatea, eta arriskutsua ere izan daiteke bero itogarri honetan.
Ramblatik haratago dagoen jatetxe batean afaldu dugu eta nire susmoa da euskal jatetxearen kate berekoa dela, menu oso antzekoa daukatelako biek. Bietan ondo jan dugu.
Utzi erantzuna