Garaiz iritsiko ote naiz?

Batzuetan denbora luzez pentsatzen ditugu gauzak, den-dena aztertzen dugu, eta aukera guztiak baloratu ondoren erabaki bat hartzen dugu. Normalean horrela egiten dut nik ere. Normalean.

Baina beste batzuetan erabakiak bat-batekoak dira eta Manchesterreko aireportuan zaude, aurpegiko argazkia duen pasaporteko orrialdea ezkerreko eskuarekin mantentzen eskumakoarekin telefonoan zerbait idazten ari zaren bitartean.

Hegaldia hegaldi gehienak bezalakoa izan da: ezkerraldean emakume oso lodi bat, eskumaldean ordenagailuan pelikula bat ikusten ari zen gizon handi bat, eta atzekaldean kakari eutsi ezin izan duen neskatila bat, negarrez hasi dena lehenengo ordua pasatakoan.

Hegazkineko ateak ireki bezain bizkor hartu dut nire poltsa eta ziztu bizian abiatu naiz pasaporteen kontrolera. Pasatakoan korrika egin beharko dut Skylink izeneko pasarelan behera, terminal honetatik aireportuko tren geltokira iristeko.

Hegaldia iragarritako denboran gauzatuko balitz, 34 minutu baino ez nituzke izango trenak alde egin arte. Ez dut aireportua ezagutzen eta ez dakit zenbat denbora beharko dudan. Dakidana da 1A plataforman dagoen trenera igoko naizela.

Dena ondo badoa, ordu t’erdiren ondoren Liverpooleko Lime geltokian egongo naiz, 30 milia edo 50 bat kilometro urrutiago. Arazoren bat baldin badago, ordea, ez. Trenera garaiz iristen ez banaiz, zazpi ordu eman beharko ditut lur edo banku hotzen batean eserita. Eta tren okerra hartzen badut Cardiff-en ager naiteke.


Argitaratua

hemen:

,

nork:

Etiketak:

Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude