Liverpool: ostirala

Wirraleko penintsulan badago ibilbide zirkular bat. Ez dut ibilbide osoa ezagutzen eta uste dut ez dudala inolako interesik, baina badago erakartzen ninduen zati bat.

Urteak dira Leasoweko hondartzaren argazkia ikusi nuenetik Flickerren (ca 2006), baina ez zait ahaztu. Eta Seacombe-tik irten eta West Kirby-ra ailegatzen den ibilbidea bertatik igarotzen da.

Berandu hasi naiz, ez dudalako lortu prestatutako plana betetzea: ferrya hartu nahi nuen Liverpooletik Seacombe-ra, baina gehienek kontrako norabidea egiten dute goizean eta trena hartu dut azkenean.

Ibilbidea lau zati desberdinetan bana daiteke: ibaiadar ertzeko paseoa, lasaia eta atsegina; errepide ondoko paseoa, autoen zarata uneoro eta lurrean milaka maskor daudela; basamortuko paseoa, hondartzak gutxienez kilometro bateko zabalera duen zatia eta ura ikusten ez dena; eta hondartzako paseoa, bakoitzak ahal duen bezala egiten dena.

Lau zapore desberdin izan arren, badaude bi elementu paseo osoan zehar irauten dutenak: txakur kakak, eta haize jelatua. Sentsazio termikoa zeroz azpitik egon da denbora osoan eta bidetik ikusi ditut izoztutako putzuak.

Neka-neka eginda bukatu dut, arratsaldeko hirurak baino lehen iritsi nahi nuelako, hots, ilundu baino lehen, eta horretarako erritmo bizia behar nuen. Gainera, azkenengo kilometroak ez egitea erabaki dut, itsasberaren arabera egin daitezkelako bakarrik eta… paso egin dut. 18 Km nahikoak iruditu zaizkit.

Liverpoolera itzuli naiz trenez (bonoa amortizatu beharra dago), bokata bat jan, txokolate beroa edan, eta hotelera joan naiz afaldu baino lehen deskantsatzera. Trenean begiak ezin ireki nenbilen, geltokiz ez okertzeko beldurrez.

Bihar ere hemen ibiliko naiz eguerdira arte eta arratsaldean Bilbora itzuliko naiz.


Argitaratua

hemen:

,

nork:

Etiketak:

Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude