Brusela: urtarrilak 4

Larunbata

Gosaldu baino lehen, gida turistiko guztietan gomendatuta datorren jatetxe bat ikustera joan ginen. Jatetxeak Chez Léon du izena (Rue des Bouchers 18), eta moules-frites zerbitzatzeagatik da ezaguna, hau da, muskuilu egosiak eta patata frijituak.

Egun honetako plana, asteburua izanik, Cambre basoa bisitatzea zen. Astegunetan trafiko handia badu ere, asteburuetan barruko errepideak autoei itxi eta jende ugari doa bertara kirola egitera.

Parkera iritsi baino lehen, Freedom Quarter delakoan, Louvain kaleko Leopold kafean gosaldu genuen. Brusela parkea gurutzatu, eta, Ixelles galtzadan barna, Flageyko lakuetara iritsi ginen. Merkatua zegoen inguruan.

Cambre abadia inguratu, eta gertu duen basoan murgildu ginen. Eguraldia dela-eta, lokaztuta ez zegoena izoztuta zegoen. Negua ez da urtaro egokiena parkeaz gozatzeko.

Waterloo galtzadako Inno bisitatu (oraindik batamantaren bat erostea aztertzen, hotz ginelako bai kalean bai hotelean), eta gabon-txartel batzuk erosita, erdigunera bueltatu ginen.

Place Stéphanieko Exkin bazkaldu ondoren, Wittamer gozotegian bonboi batzuk erosi genituen, Sablonen duten egoitzan. Geroago, amarentzat ipuninen bat aurkitzeko asmoz atera ginen kalera, baina dende guztiak itxita zeuden. Jakingo duzuenez, amak ipuinen bilduma egiten du.

Afaltzeko Chez Léonera joan ginen. Erreserba-sistema txatxu bat zuten, eta erreserbarik ez genuenok, kalean itxaron behar genuen. Ordubete luze egon ginen kalean, zutik, izoztuta, azkenean sartu ahal izan genuen arte.

Turistentzako tranpa bat zen. Niri ez zitzaidan gustatu (egia da ere nik oilaskoa eskatu nuela).

Eta ohera.

Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude