Osteguna

Aurrekoa amaitu bezala hasi genuen eguna: hoteleko mostradorean. Lehenengo solairuko gelako dutxa ez zebilela ondo, eta konpondu zezatela eskatzeko. Teknikaria bidaliko zutela esan ziguten, eta gosaltzera abiatu ginen.
Erreginaren galerietan kokatuta dagoen Le Pain Quotidien sasi-okindegian gosaldu genuen. Oraindik aurreko eguneko gertakariekin haserre, Bruselatik alde egiteko zalantza izan genuen, horrela ezin baikenituen antolatutako egunak eman; jasangaitza zen.
Galeriak alderik alde zeharkatu genituen, Erregearen atalera iritsi ere, eta ondoren, Neuve (Nieuwstraat) kalera egin genuen Inno saltokira iritsi arte, Decathlon eta Primarketik pasaz.
Inno El Corte Inglés dekadente bat da. Beheko solairuan batamantak begiratzen geundela, hoteletik deitu ziguten, eta hamabiak baino lehen gela hustu behar genuela azaldu ziguten, aldatuko zigutelako.
Oraindik goiz samar zenez, Adolphe Max boulevarretik hasi ginen apurka-apurka itzultzen.
2018an ikusitako lanek aurrera jarraitzen zutela ikusi genuen, eta inguru batzuetan (De Brouckère aldean, adibidez) oraindik lan handia zutela; beste batzuk, aldiz, amaituta zeuden: autoen aparkalekua bota eta udaletxea erabat amaituta zegoen. Azkenean!


Hotelean, maleta egin, beste gela batean utzi, eta kalera atera ginen berriro, goizean baino gogo handiagoarekin. Hala ere, gela berrian bero handirik ez zegoela baieztatu genuen.
Sablon plazan gora egin genuen, eta Taschen argitaletxeak duen dendan liburuak ikusten egon ginen.
2018an, azken gauean, toki bitxi batean afaldu genuen. Kanpoko itxura El Portalón jatetxearen tankerakoa zen, hau da, ehundaka urte dituen eraikin tradizional bat. Toki horren bila joan ginen Sablonetik, justizia auzitegia utzi, eta Marolles auzuneko kaleetan gora eta behera, eraikin askotan marraztuta dauden komiki-binetak ikusi bitartean.


Txiripaz topatu genuen. Vertigo (Rue de Rollebeek 7), ezkutatutako patio batean dago kokatuta, baina ordutegi berezitxoa zuenez, beste baterako uztea erabaki genuen.
Burtsara iritsi ginen, eta parean dagoen Exkin bazkaldu genuen bokata bat. Komuna erabiltzeko ordaindu beharra dago.
Hotz handia egiten bazuen ere, zerua oskarbi zegoen. Kaleetan paseatzeko aprobetxatu genuen, jakin bagenekielako egun guztiak ez zirela hain eguzkitsuak izango.
Arratsaldean Grand-Place-eko soinu- eta argi-ikuskizuna ikusi genuen, eta, hotelean deskantsatu ondoren, Saint Géry eta Dansaert inguruan ibili ginen, ibaira iritsi arte. D’Ypres boulevarrean barna, Marguerite Duras parkea zeharkatu eta Saint Catherine aldera itzuli ginen. Eremu hauek guztiak gabonetako merkatuarekin hartuak ziren, eta jende andana zegoen.



Erabat ilunduta egon arren, oraindik goiz zenez, Bozar aretoraino joan ginen. Paseoa ahal beste luzatuta, Burtsako Manhattan jatetxean afaldu genuen.
Bruselan eman nituen hilabeteetan, ostiraletan Manhattaneko hanburgerra erosten nuen afaltzeko; asteko poztasun bakarra nuen.
Utzi erantzuna