Brusela: urtarrilak 1

Asteazkena

Ez geunden oso konbentzituta nora joan gabonetako oporraldian, baina Brusela aukera erosoenetarikoa zela iruditu zitzaigun.

Bilbon eguzkia ari zuen hegazkina aireratu zenean. Orokorrean hegaldi lasaia izan genuen, baina lurreratzea hasi zenean hodei artean sartu eta hegazkina bortizki mugitzen hasi zen haizearengatik. Azken hamar minutuak luze egin zitzaizkidan, eta erabat zorabiatuta iritsi nintzen Bruselara.

Hotelaren erreserba webgune aski ezagun batean egin genuen, eta taxi bidaia bat oparitzen ari ziren. Guk ez genuen taxirik hartzeko asmorik, Bruselako aireportuak tren geltokia duelako eta hotela erdialdeko geltokitik gertu zegoelako, baina nola esan ezetz horrelako eskaintza bati?

40 minutu luzez egon ginen gidariaren zain aireportuan. Larruzko aulkiak zituen Mercedes beltz bat gidatzen zuen, baina tipo arrunta zen, ez gidari profesional bat. Eguberri eguna izanda, familia-bazkaritik alde egin ote zuen galdetzen nion buruari, ziur asko behar baino ardo gehiago edan eta gero. “Ez, musulmana izango da”, errepikatzen nion nire buruari, konbentzitu nahian.

Maletak autoan sartu eta aparkalekuko tiketa ordaintzera abiatu ginen. Hesia irekitzeko garaian, ordea, ezin ordaindu berri zuen tiketa topatu. Autoa goitik behera miatu zuen, baina tiketa ez zen azaltzen. Barrera ea zabalduko zion galdegin zuen interfonoa aktibatuta, eta ezetz, tiketik gabe ez zegoela irteterik.

Atzera bueltatu behar izan genuen eta han zegoen tiketa, ordainlekuan, makinatik jaso gabe! Ardoa edan izanaren susmoa indartu baino ez zidan egin.

Bidea oso luzea iruditu zitzaigun, eta debalde izanagatik gogotik ordaindu genuela uste dut. Aukeran trena askoz azkarragoa eta erosoagoa da, betiere hotela tren geltokitik gertu badago, ulertzen dut ostatua urrutiago badago taxia nahaigo izatea.


Hotela ezaguna genuen — 2018an gurasoak bertan egonak ziren. Marché aux Herbes kalean kokatuta dagoen NH kateko hotela da, hain zuzen ere.

Harrerako langile espainiarrak zera esan zigun, berriztuta zegoela eta orain askoz hobeto zegoela, askoz. Bada, bi logela genituen eta zein baino zein okerrago!

Hasteko, lehen solairuan zeuden, denetan okerrena, pasabidea ere estuagoa eta ilunagoa zen; geletako bat oso arrunta zen; nirea, pasabide osoa zeharkatu eta zerbitzuaren gunean zegoen.

Aspiragailua, erratzak eta izkina batean pilatutako batek daki nongo izara zikinak saihestu ondorengo, zerbitzuaren karga-jasogailua eta haratago, han zegoen nire logela. 115. Suhesi-atearen bestaldean. Ez zuen tamaina txarrik, baina komuna txikia zen, dutxan zeharka sartu behar nintzen. Eta arazo larriena: hotz handia egiten zuen, bi geletan.

Kexatu ginen, eta nire logelarako beste edredoi bat eman zidan; beste gelarako berogailu elektriko bat eskaini zigun. Gogo txarrez onartu genuen.

Berandu zenez, apur bat garbitu eta kalera irten ginen afaltzeko tokiren baten bila.

Kale batzuetan gora eta behera eginda, Çeli’s jatetxean sartu ginen afaltzeko asmoz (Rue des Chapeliers 30, italiarra). Oso motelak izan ziren, janaria ez zen aparteko ezer, mahaiak txikiak, giro hotza (kolore eta materialengatik) eta arazoren bat izan genuen, ogia kobratu bai baina ekarri ez. Ez dugu gomendatzen.

Eta hotelera itzuli ginen.

Logeletara joan eta hotz. Hotz handia. Eta orduan konturatu ginen gelako leihoak bere kasa irekitzen zirela. Berriro jaitsi ginen harrerara. Tipak bazekien gela horiek kaka bat zirela, baina, noski, ezin zuen zuzenean esan. Azkenean, gelaz aldatu ninduten. Bidaiakideak, ordea, ez.

Bidaia ez zen modurik onenean hasi.

Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude