BIO – OSL

  Iritsi gara. Hiru ordu airean Boing 737-800 batean eman ondoren, azkenean Oslora iritsi gara. Bitxia da Bilbotik Oslora zoazela Londres ordubetera egotea, baina Bilbotik Londresera bazoaz, ia bi ordu behar izatea. Portzierto, hau izan da nik egin dudan lehen bidaia wifia duen hegazkin batean. Zortzi telesail aukeran doan, eta nahiko pelikula aukeran, ordainpekoak horiek: 5€.

Tren motela hartu dugu (20 minutu baino gutxiago, 90NOK) eta Oslo Sentrumera iritsi gara. Hotela geltokitik oso gertu dago, pare bat minututara. Moderno itxurakoa da, check-in delakoa norberak egiteko tabletak daude. Giltzek NFC darabilte baina gelak oinarrizkoak dira zinez, Pilik aurreratu zigun bezala. Ez dago armairurik, pertxak eskegitzeko iltze bakar bat, eta komunean apal ziztrin bat. Hori bai, entxufez josia dago gela eta telebistaren HDMI eta USB portuak erabilgai daude.

Arratsaldean errege-erreginaren jauregia bisitatzera joan gara. Inguruan duen parketik buelta bat eman, portua bisitatu eta azkenean afaltzea erabaki dugu. Gida batean gomendatutako jatetxe batera joan gara, eliza atzekaldean, baina kosta zaigu tokia aurkitzea. Uda denez, barruko jantokia itxita dago eta kanpoan afaldu egiten da. Argi arazorik ez, hemen beti baitago argi apurren bat, eta hotz izanez gero, aulkietan badaude zikin itxurako manta batzuk bezeroen esku.

Kola freskagarririk ez, garagardo rubiarik ez, laranja zaporeko freskagarririk ez, ur mineralik ezta ere… baina nekatuta geunden. Makailua eta pizza jan dugu, izozkia eta tiramisua amaitzeko. Tren geltokira itzuli gara, supermerkatuan ura erosi eta hotelera lo egitera.

Oslok herri zabal baina txiki baten itxura du: eraikuntzak bajuak dira, apenas dago trafikorik, eta dagoena autobusak eta tranbiak dira. Lasaia eta atsegina. Harrigarria da hala ere ikusi dugun eskale kopurua, 15en bat.

Bihar museoen irlara joango gara. Nik Fram itsasontziaren museoa ikusi nahi dut, Amundsen polora eraman zuen itsasontzia hain zuzen ere. Arratsaldean, agian, Ibsen idazlearen taberna gogokoenera joango gara, aurkitzen badugu.


Argitaratua

hemen:

,

nork:

Etiketak:

Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude