Joseba, Gara, Juantxu, eta Yolanda hotelean utzita, gainontzekoak autobus geltokira joan gara. Gidari bati galdetu eta berak esan bezala beheko pisura jaitsi gara autobus-txartelak erostera. Baina txartel horiek ez ziren baliagarriak guk egin nahi genuenerako, eta txartel egokiak erosi ondoren, erreklamatu eta hasieran erositako txartelen dirua berreskuratu dugu.
Hogeita hamar euro berreskuratu ditugun arren, ordu erdi inguru galdu dugu hori guztia egiten eta beranduago irten gara Amsterdametik. Gaur Volendam eta Marken kostaldeko herri famatuak ikusteko asmoa geneukan. Azken momentuan Edam izeneko herri txikia bisitatzera animatu gara, eta ez gara damutu.
Agian orduagatik izango zen, baina apenas zegoen jenderik Edam-en. Oso herri txiki eta atsegina da. Lehengo xarma dauka eta ez dago hainbeste turistarik. Horrek ez du esan nahi turistarik ez doanik. Joatekotan, ez erosi gaztarik, Amsterdamen gazta berbera aurkitzeko aukera dagoelako eta prezio erdian gainera.
Geroago Volendam-era joan gara autobusez. Edam eta Volendam oso gertu daude bata bestetik, ordu erdi oinez gutxi gorabehera baina, Edam ez bezala, Volendam turistaz josita dago, itsasora begira daukan paseoa behintzat. Oker ez banago hemen erosi nituen 2006an tulipan bulboak. Herria ez da itxusia baina tira. Bertan bazkaldu dugu eta ondoren itsasontzia hartu eta Marken-era iritsi gara.
Marken oso antzekoa da. Kostaldean dago eta dikeengatik izango ez balitz irla bat izango litzateke. Hau ere oso turistikoa da baina pare bat kaletan gora eta behera ibiltzeaz gain, ez dago larregi egiterik. Orduan jakin izan dugu Josebaren ebakuntza ondo atera dela.
Begian zeukan kaltea espero baino handiagoa zen eta horregatik ebakuntza luzeagoa izan da. Aseguru etxeak bart eta gaur goizean bertan arazorik ez zegoela esan arren, ordainketa egin gabe zegoen. Begia benda batekin estali diote baina bihar goizean kendu ahal izango du. Hori bai, ebakuntza gas bidez egin diotenez, ezin izango du igandean gurekin bidaiatu eta trenen bat hartu beharko du etxera itzultzeko.
Joseba eta besteak hotelerako bidean zeudenean, geu ere itzulerako autobusa hartu eta Amsterdamera abiatu gara. Dutxa bat hartu eta gero afaltzera irten gara. Kanpoko terrazan hotz egiten zuen eta janaria ez da izan espero bezain ona.
Eguzkia izan dugu egun osoan zehar, gehiegi nire ustez. Hankak, besoak eta –nola ez– sudurra erre zaizkit.
Bihar litekeena da errota tipikoak ikustera joatea, Josebaren osasunaren eta eguraldiaren arabera.
Utzi erantzuna