Norsk Folkemuseum, Framuseet, eta Vigelandsparken

Norsk Folkemuseum

Eguna trakets hasi dugu: batetik, gosaltzeko toki baten bila ibili gara, baina igandea zenez ez zegoen ezer irekita Serbucksaz gain; bestetik, turismo bulegora joan gara. Hirugarrenak ginen eta gure txanda iritsi denean langileak erabaki du zenbagailua martxan jartzea eta tiketa eskatzea. Guk ez geneukan tiketik, aurreko biek bezala, eta atzera bota gaitu. Zikin aritu da. Googleko balorazio webgunean bere jarreraren berri izango dute.

Oslo Pass delakoa erosi dugu turismo bulegoan eta porturantz abiatu gara. Pase honek garraioak eta museoak ditu barne eta beraz ez da gehiago ordaindu behar horiek erabili edo bisitatzeagatik. Ferria hartuta Norsk Folkemuseumera joan gara. Herri baten neurria duen parke tematikoa da, eta Norvegiako bizitza azaltzen du mendeetan zehar biztanleen etxe eta eraikuntzen bidez: XVIII. mendeko eliza, XIX. mendeko eskola, 1950eko hamarkadako baserria…

Interesgarria izan da oso eta are gehiago gustatu zaigu jende gutxi egoteagatik. Guztia ikusi barik, ferrira itzuli gara eta Fram ontziaren museora eraman gaitu. Fram Amudsen esploratzaile norvegiarraren itsasontzia izan zen eta berarekin heldu zen Hego Polora. Amudsen izan zen lehena, Scott eta Shackleton britaniarren espedizioak baino lehen iritsita.

Norvegiako hiriburuan berriro, Akershus gaztelu eta museoa ikusteko asmoz. Oslo Pass delakoek 24 ordu irauten dute (guk hartutakoek) eta ezin genuen hurrengo egunerako utzi. Arratsaldeko lauetan ixten zutenez, bertatik gertu bazkaltzea erabaki dugu, gazteluaren maldan dagoen jatetxean hain zuzen ere. Fish&chips, entsalada eta muskuiluak. Azken hauek ospe handikoak dira eta amak baieztatu du. Muskuiluak agian bai, baina ardoa botila batetik bestera pasatzen ikusi ditugu. Izan ere hemen alkoholak zerga altua dauka eta askok ardoa kopaka eskatuz, “ipurdi” asko izango dituzte soberan tabernek.

Opera

Arratsaldean gaztelua bisitatu dugu eta ondoren operaren eraikuntzara igo gara. Beroa jasangaitza izan da eta hotelera itzuli gara apur bat deskantzatseko asmoz. Eguna amaitzeko eskultura lizunen parkera (Vigelandsparken) joan gara  tranbiaz eta oinez bueltatu gara erdira. Tren geltokian bokata batzuk erosi eta hoteleko gelan afaldu dugu, telebistan Greziako erreferenduma jarraitzen genuela.

Hotelari buruz, low cost dela esango dut. Gela garbitzea nahi baduzu, errezepzioan eskatu behar duzu eta zehaztu gabeko kopuru bat ordaindu. Gosaria ere kanpoan bilatu behar izan dugu, hotelak eskaini ere ez duelako egiten.

Biharko euria iragarri dute.


Argitaratua

hemen:

,

nork:

Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude