Dublin. Bederatzigarren eguna

Azken eguna zenez gero, goiza erosketak egiten eman dugu. Nire bidaiakideek artilezko jantziak erosi dituzte; nik, irlandako selekzioaren kamiseta bat erosi nahi nuen: hurling, errugbi edo futbol selekzioarena.

Hamaika dendatan sartu eta galdetu dugu, baina ezinezkoa izan da neurria topatzea. Sei hilabeteko haurretatik 12 urteko mutikoentzat dituzte kamisetak, baina hortik aurrera, gizonen S baino ez dago.

Diot nik 14, 16, eta helduon XS primeran egongo liratekeela, baina ez omen dituzte egiten. 12 urtekoak goizetik gauera 20 zm inguru hazten ei dira.

En fin, taila aurkitu ezinik, ezertxo ere ez erosi gabe alde egingo dudala.

——-

Poltsak hotelean uztera etorri eta bertan bazkaltzea erabaki dugu. Nahi baino gehiago tardatu dute. Logelak iraindik atondu gabe zeudenez, hallean mugikorra apur bat kargatu eta gero, berriro atera gara kalera.

Merrion parkea bisitatu dugu. Nahiko handia da, ez da itxusia, baina askoz gehiago gustatu zitzaigun Stephen Green parkearen hegoaldean kokatuta dagoen Iveagh lorategia.

Handik, musika disko batzuk erosi ditugu, eta ondoren Liffey ibaiaren ertzeko ibilbideari ekin diogu.

Euririk ez, baina izugarrizko hotza egiten zuenez, ez gara asko ibili. Gainera, berandu bazkaldu dugunez, afaria hotelean egitea erabaki dugu, supermerkatuko jakiak erosita; semaforoek hainbeste tardatzen dutenez oinezkoentzat, eta supermerkatuen ordutegia kontuan hartuta, berehala ekin diogu itzulerako bideari.

Nire logelan afaldu (kideena ez dute egin) eta maleta prestatuta, oheratzeko ordua da.

Bihar Bilbora itzuliko gara. Ezin izan dugu aurretiaz checkinga egin. Telebistan zibereraso bat aipatu dute, eta Dublineko T2 ordu batzuez itxi dutela azaldu, pakete susmagarri bat zela eta.

Gosaldu eta berehala joango gara aireportura, balizko arazoak ekiditearren.