Cork. Lehen eguna

2008ko abuztuan etorri ginen Irlandara elehn aldiz, eta asko gustatu zitzaigun. Halabaina, euri ugari bota zuen, eta ezin izan genuen nahi beste disfrutatu. Jasa hainbestekoa zen, uholdeak egon zirela herrialdean.

Madrildik irten ginen urte hartan. Zuek ez dakizue, orduan oraindik ez nuelako blog tonto hau elikatzen, baina hegazkinaren lehenengoetako jarlekuetan nindoan eta atearekin arazo bat zegoen: ez zegoen ixteko modurik.

Hegaldian zehar atea noiz eroriko zitzaigun baino ez nuen buruan.

Oraingoan Bilbotik atera gara, eta atea behar bezala itxi dute. Atzean utzi ditugu iraganeko beldurrak, Bilbo, eguzkia eta tenperatura epela. Laino artean sartu gara, era hala jarraituko duela dirudi Euskal Herrira itzuli arte.

——-

Corkeko aireportua txikia da, Loiukoa baino txikiagoa, maletak hartu eta autobus geltokira abiatu gara.

Bagenekien zein autobus behar genuen, 226 zenbakia zuena; tiketak nola eskuratu, ordea, ideiarik ez.

Autobusen geralekuan kartel handi bat dago. Bertan dio mugikorrean aplikazio bat instalatu eta horren bidez tiketak erosteko aukera dagoela. Arazoa da aplikazioa nominala dela, hots, bakoitzak berea erosi behar duela, eta nire bidaiakideek ez dakitela telefonoa erabiltzen.

Zeharo galduta ikusi gaituen emakume espainiar batek esan digu berak txartel bat duela, eta lehen makina bat zegoela autobus bidaiak erosteko.

Aireportura sartu naiz galdetzeko asmoz, eta han ikusi dut makina. Hiru tiket erosi eta berriro atera naiz, autobusa noiz iritsiko.

Teorian autobusa ordu erdiro igarotzen da. Guk 50 minutu eman ditugu, eta gidariari galdetu behar izan diogu, egiten ari zen ibilbidea ez zetorrelako bat autobusaren aurrealdean jartzen zuenarekin. Antza denez, ohikoak dira horrelako arazoak garraio publikoan. Pantaila ere ez zebilen, eta, beraz, ezin jakin zenbat geltoki gerarzen ziren. Dublinen bai, baina Corken ez dabil City,apper. Lastima.

——-

Hotelera iritsi gara. Niri elbarrien gela suertatu zait. Itxuraz oso handia da, zabalera handia duelako, baina oso toki gutxi du ezer uzteko (ez du ez armairurik ez ezer, komunean nezeserrarentzako tokirik ere ez dago).

Lau korda gorri ditu sabaitik zintzilik. Espero dut nahi gabe baten bat ez aktibatzea, adibidez komunekoa, bonba delakoan.

Gauzak utzi eta berehala kalera atera gara, afaltzeko toki bila. Kale komertzial batean gora eta behera egin ondoren, gomendatutako jatetxe batean sartu gara, baina ordubete barrurako eman digute txanda.

Berriro kalera. Berriro euria.

Telefonoz deitu digute jakinarazteko mahaia libratundela, eta nahi genuenean joateko. Zerbitzari espainiar batek zerbitzatu gaitu. Jana gozo zegoen, baina jatetxe arrunt bat da, ez musika zuzenean duten pub irlandar horietakoa.

Bihar hemen bertan geraruko garela uste dut, Corken. Arropa dendak begiratu nahi ditugu, maletan tokirik izan ez arren, zerbait erosi beharko dugulako hemengo hotzari aurre egiteko: Gasteizko negu gordinenean bezala, lurruna ateratzen zaigu hitz egiterakoan.