
Euria. Euria eta haizea. Gosaldu dugu eta tren geltokira joan gara, euripean.
Cobh herrira iritsi gara. Corketik orduerdira dago, 6. geltokia da. Trenak puntuan ateratzen dira Cobh noranzkoarekin, eta t’erdietan bueltakoa.
Eguraldia zinez petrala izan da. Euritakoak erabili behar genituen, baina ezin, haizeak buelta ematen zielako. Ez genekien zer egin.
Titanic ontzia oroitzeko lorategira joan gara, herriraren amaieran. Lorategia diote, baina ez dago lore bakar bat ere; harriak baino ez.
Katedraletik itzuli gara, zeina jendez bete den igandeko eguerdia zelako. Eta handik bista panoramiko baten bila abiatu gara, herriari buruzko toki guztietan agertzen den irudiak guk geuk egiteko.
Antz denez, norbaitek etxebizitza eraiki du puntu horretan, eta harresi altuak bista estali du. Ziria sartu digutela sentitu dugu.
Coffee Cove lokalera joan gara orduan, gidetan go,endatuta datorrena. Scone opiltxoek egin dute ezagun eatery dekadente hau.
Sconeak gurina, marmelada eta kremarekin jaten dira, eta gozo badaude ere, niri ez zait beste munduko ezer iruditu. Ez dira Cobh edo Irlandako aparteko jakiak ere: Erresuma Batuan oso hedatuta daude.
Trena gutxigatik galdu dugu. Kosta aldeko ibilbidearen zatitxo bate egin dugu, eta berehala itzuli gara tren geltokira.
Arratsaldean, Corken, katedrala ikusi dugu kanpotik, eta alboan duen gotorlekua. Gotorlekua bisitatzea doan da, eta guk egin ez dugun arren, audiogida bat dagoela dirudi. 8 azalpen baino ez dira egongo. Orduerdian ikus daiteke, baina 16:45 da sartzeko azken ordua (17:00etan ixten dute).
Muinotik erdigunera jaitsi eta arropa eta souvenir dendak ikusi ditugu itxi dizkigutem arte.
Hotelean apur bat deskantsatu eta gero, afaltzera irten gara.
Oso egun nekagarria izan da euriaren erruz. Arratsaldean hobera egin duen arren, euriaren eta haizearen aurka aritzeak ahitu gaitu.
Ohetik idazten ari naiz, eta euria gelditu dela badirudi ere, haizea erruz ari da leihoaren kontra.