Etiketa: monte perdido

  • Pirinioak 2018: uztailak 28

    Ordesatik Torlara

    Denbora gehiago izan dugu gosaltzeko gaurkoan, eta Benasquera zihoazenei agur egin ondoren, piper berde frijituen patearen bila hasi gara herriko denda txikietan. Supermerkatuan aurkitu dugu. Autobusa hartu dugu orduan atzo bezala Ordesako lautadara joateko, baina gero bertatik Torlara oinez jaisti gara.

    Bidea itzalpean doa gehienetan, eta diotenez hiru urjauzi ikusten dira. Bidearen erdia egin baino lehen gelditu eta jan dugu bokata. Ez da oso handia izan ez genuelako nahi gosea erabat joan zedin: Torlan badago izugarri gustatzen zaidan jatetxe bat, eta gaur erreserba egina geneukan bertan afaltzeko.

    Gaurko bidea da ziur asko bidaia honetan egin ditugunen artean gehien gustatu zaidana. Zuhaitzpean joan gara, lurra –eta ez harria– zapaltzen, aldazbehera, eta ez da oso luzea izan. Arratsaldean gelan egon gara, deskantsatzen eta afaltzeko orduaren zain.

    Urdaiazpiko txiribilak

    Horrela eman diegu amaiera aurtengo oporrei. Bihar bide luzea dugu Gasteizera iristeko eta Benasquekoen berrien zain egongo gara ea Posets-era ailegatu diren.

  • Pirinioak 2018: uztailak 27

    Gorizeko aterpetxera igotzeko trasteak

    Gosaria gauean utzi ziguten prest, eta tostadaren bat niri gustatu baino bizkorrago jan eta gero, hor joan gara maldan behera autobus geltokiraino. Tiketa erosi, makilak beheko partean utzi, eta autobusean eseri gara. Parkeko historia azaltzen duen dvda jarri du gidariak, baina nik nahikoa izan zut errepideari adi joaten ez zorabiatzeko.

    Espero bezala Ordesako aparkalekuan ez du bero askorik egin, eta ez gara damutu windstopper edo jartseren bat eramateaz, jakin bagenekien arren laister asko motxilan sartu beharko genuela.

    Cola de caballo

    Bidea laua izan da hasieran eta ziztu bizian joan gara. Bidean geldialdiren bat egin dugu argazkiren bat egiteko, baina hala ere iragarritako ordua baino lehen iritsi gara Cola de Caballo urjauzi ospetsura. Harnasa hartu eta bigarren zatiari ekin diogu, lehenengoa baino askoz harritsu eta malkartsuagoa.

    Aldapak aldapa, generaman mediari eutsi diogu. Beroaldia aitzaki, garagardo edo freskagarri batzuk erosi ditugu aterpetxean, eta bazkaldu ere bertan egin dugu (bazkaldu, edo zer edo zer jan). Marmota lodiren bat ere ikusi dugu picnic mahaietan eserita geundela.

    Ardiak eta ahuntzak

    Gustora egon arren, oraindik itzulera falta zitzaigun, eta tenperatura beroak iragarrita zeudenez, gehiegi ez luzatzea erabaki dugu, beherako bidea berehala hartuz. Poliki-poliki egin dugu beheruntz, eta behin kateetara iritsita, taldea banatu eta batzuk etorri garen bidetik bueltatu gara, beste batzuk Senda de los Cazadores-etik zihoazen bitartean.

    Luze samarra iruditu zait, agian beroagatik, agian ordu horretan igotzen zen jendetzagatik. Hala ere arazorik gabe iritsi gara Ordesako aparkalekuko tabernara eta bertan eseri gara edari hotz batekin, ehiztarien bidetik jaistea ausartu direnei itxaroten.

    Torlan berriro, igeritokira joan gara tarte batez, eta dutxatu ondoren eguneko momenturik onena iritsi da: afaria. Aurtengo beste irteeretan baino hobeto sentitu garen arren (ez du Herrialde Katalanetan beste bero egin) gaurko 25 kilometroak nekagarriak izan dira eta ohera joan gara ahndik gutxira.

  • Pirinioak 2018: uztailak 26

    Torlako eliza

    Denbora galdu gabe gosaldu eta autoan sartu gara, tour honetako hurrengo geldialdira lehenbailehen iristeko. 260 kilometro eskas egiteko lau ordu t’erdi behar dira kasurik onenean baina guk gehiago behar izan ditugu azkenean Torlara iritsteko. Bidea ez da itsusia izan, baina bai zorabiagarria.

    Hoteleko gelako terrazan bazkaldu dugu eta bertan zain genituen gainontzeko lagunekin egin dugu bat. Herritik buelta bat eman ondoren, hoteleko jatetxean afaldu eta oheratu gara berandu gabe, goizean goiz jaiki beharko garelako bihar oraindik eguzkiak gogorregi jotzen ez duenean Gorizeko aterpetxera iritsi nahi badugu.