Etiketa: meppel

  • Meppel 02

    Giethoorn herriko ubide bat, bi etxe ikus daitezke landaredia eta loreen artean.

    Gaurkoan “Venezia berdera” joan gara. Herritxo txiki bat da, Meppeletik 20 Km ingurura dagoena eta bertan pasa dugu eguna.

    Atzo garbitutako arropa lehortu bezain laster abiatu gara Venezia heze –Italiakoa baino gehiago– horretara eta iristean bizikletak utzi eta ontzi bat alokatu dugu pare bat orduz erreketan ibiltzeko asmoz.

    Atzo erositako bokatak jan ditugu eta oso egun lasaia izan da. Gainera holandar askoren laguntza jaso dugu: gizon batek Venezia Berdera joateko bidea erakutsi digu, emakume batek bueltakoa, beste emakume batek bizikletari bultza egin dio zubi bat igo nezan, eta laugarren batek afaltzeko tokiak gomendatu dizkigu (azkenean janaria ostatura eraman dugun arren).

    Giethoorn herriko ubide bat. Eskumako aldean turistoi alokatzen dizkiguten ontziak daude lotuta, etxearen aldamenean.

    Hau izan da deskantsatzeko izan dugun egun bakarra eta bihar betiko martxa berreskuratuko dugu. Nekatuta gaude baina pozik hemen guztia delako atsegina: bai herritxoak, baita jendea ere.

    Gehiago idaztea gustatuko litzaidake, baina iPad-a internetera konektatzeko erositako txartela ez dabil.

    Bihar Appelscha herrira joango gara, Amsterdamera iritsi baino lehen.

    Bideoei dagokienez, hemen ikusi daitezke [gazteleraz], baina nahiko arazo ditugu grabatzen, editatzen eta, batez ere, internetera igotzen.

  • Meppel 01

    Ubide bat. Goiko aldea zuriz margotuta duten zurtoinak daude argazkiaren lehen planoan eta ezkerreko aldean.

    Zwolleko hotelean check-out egiterakoan botika hurbilena non zegoen galdetu dugu. Maitek ziztada itsusi bat dauka hankan. Hotelekoek botikara eraman gaituzte Maite eta biok, baina zer intsektuk ziztatu duen ez genekienez, medikura joatea erabaki dugu. Ziztadak ez gaitu larritu behar eremu gorria handitzen ez bada eta erdigunea zuritzen. Nire esku atrofiatuari buruz ere galdetu dugu baina medikuak ez dio garrantzirik eman.

    Ohiko baino atzerapen handiagoz, azkenean hotela utzi, McDonalds batean bazkaldu eta egun motzenari ekin diogu: 35 Km baino ez.

    Hain bazkari txarra izanda, gauean jatetxe batera joatea erabaki dugu. Janaria italiarra zen eta oso gozoa gainera, baina ur botila bakoitzak 3€ko prezioa zutela esaten badut, gainontzekoa imajinatu daiteke.

    Ostatuan bederatzi pertsona baino ez gaude, hiru taldetan banatuta eta, beraz, talde batek ez dio besteari trabarik egiten, hots, komunak beti daude erabilgarri.