Etiketa: cardiff

  • Bristol: bosgarren eguna

    2024ko ekainaren 15a
    Dendez jositako kale estu bat. Bihurgunea egiten du, eta kristalez estalita dago.

    Galesen eman genuen eguna, Cardiff hiriburuan hain zuzen ere. Trenez joan ginen, beti bezala. Erdigunea jendez gainezka zegoen, ziur asko asteburua zelako. Bizitasun handiko ingurua, zalantzarik gabe. Erdigunea autoei itxita egoteak ere asko lagunduko duela suposatzen dut.

    Tren geltokitik gaztelura abiatu ginen, oraindik eguzkia egiten zuelarik. Gaztelua, baina, itxita zegoen ospakizunen bat tarteko. Denda baino ezin izan genuen ikusi.

    Alexandra lorategira mugitu ginen orduan. Han AEBko marine batzuk ikusi genituen kanoi bat jasotzen — badirudi omenaldiren bat egin zutela.

    Tea askaltzeko lokal baten barruko ikuspegia. Aurreko planoan arrosak eta kandela dituen egurrezko mahai bat ikusten da, eta atzeko planoan mahai gehiago, larruzko besaulkiak, eta hormak, zeinak egurrez eta margotutako paperez estaliak dauden.

    Zonalde komertzialean murgildu ginen segidan. Kale askok estalkia dute, eta galeria batzuk sortzen dira. Oso bitxiak dira, eta merezi du bisitatzea. Galeria horietako batean zegoen Barker tea house-en bazkaldu genuen ogitartekoren bat.

    Arratsaldean eguraldiak okerrera egin zuen, eta Bristolera itzuli ginen berandu baino lehen. Erreka ondoan zegoen jatetxe italiar batean afaldu genuen, jendez gainezka zegoen, eta zarata burrunbatsua zegoen.