Etiketa: bolzano-bozen

  • Afaltzera gonbidatu naute

    Tirol dioen kartela, Bolzano-Bozen hiriko kale batean. Bi arku ditu kartelak: lehenengoan emakume bat ageri da, edaria eta jakiak mahaira ekartzen; bigarren arkuan gizonezko batek mahai gainean dagoen kikara marmitako edukiarekin betetzen ari da.

    Azkenengo gaua da Bolzanon. Gaur kamara hartu eta argazki batzuk egin ditut goizean, arratsalderako hodeiak espero nituelako. Baina azkenean arratsaldea eguzkitsua izan da.

    Ez dut txamarra erosi, ez baitzen txamarra, jaka baizik. Eta ez zegoen prest eurirako. Hemen ikusi dezakezue.

    Ez dut gauza askorik egin. Italiako telefono zenbaki bat erosi dut (+393488008807). Gauean ikasle talde batekin afaldu dut. Taldea 12 pertsonek osatzen genuen: zazpi alemanak ziren, bi espainiarrak, bat estatubatuarra, eta bestea Letoniakoa. Eta ni. Alemana izan da gehien entzun dena. Batez ere Milano vs Arsenal partida komentatzen ari ziren kazetariengatik.

    Egia esan, lauhilekoa amaitu da gehienentzat eta ikasle gutxi geratzen dira herrian. Afarian Bolzano Italiako tokirik garestiena dela esan didate; nik ez dut sinetsi.

    Bihar 7ak aldean jaiki behar naiz trena hartzeko, eta Veneziara ordubietan iritsi beharko nintzateke.

  • Bolzano

    Bolzano-Bozen hiriko kale bat. Etxeak kolorez margotuta daude: horixkak, berdeak, urdinak…

    Bolzanora etorri naiz. Herri txiki bat da Italia iparraldean. Hala ere hizkuntza nagusiena alemana da. Aitzinean Austriak bereganatu zuen eta egun lan publikoetarako alemana ezinbestekoa da.

    Hemengo dendan txikiak eta goxoak dira. Chamonixen antzera, denda gehienak karrerapean ezkutatuta daude eta galeria asko ere badaude. Timberland denda batera sartu naiz eta bihar agian txamarra bat erosiko dut. Harrodsen erositakoa ere ikusi dut, baina ez nire neurrikoa. Mendiko herri bat izan arren, denda gutxi daude mendiko arropa saltzen dutenak. Kontutan hartu behar da hemen ia ez duela elurrik egiten, eta tenperatura ere ez da Milanen bezain hotza. Kaleak harrizkoak dira, eta oso trafiko txikia dago.

    Bolzanoko unibertsitatean bazkaldu dut, makarroi platerkada handi bat. Unibertsitatearen inguruan bizi da herria. Edozein hizkuntza ikasi daiteke unibertsitatean eta azterketa ere doakoa da. Bihar ere hemendik ibiliko naiz. Argazki kamera aterako dut baina euria egingo duela entzun dut.

    Ez dakit zer afalduko dudan, baina jatetxe batzuk daude, edo merkatuan zerbait eros dezaket.