Etiketa: bath

  • Bristol: zazpigarren eguna

    2024ko ekainaren 17a
    Oinezko bat tunel batetik irteten, tunelaren barnetik ikusita. Kanpoan Landare ugari dago. Pertsonaren silueta edo itzala baino ez da ikusten.

    Cotswolds ingurua bisitatzeko asmoa geneukan, baina behar genuen trena bertan behera geratu zenez, plana aldatu, eta Bristol eta Bath lotzen dituen ibilbidea egitea bururatu zitzaigun.

    Antzinako trenbide baten bidea da, egun oinezko zein txirrindularientzat egokituta dagoena.

    Azken orduko erabakia izan zenez, ibilbide okerra jarraitzen hasi ginen —errepide ondotik doana—, baina, azkenean, bide egokia topatu genuen. Hasi eta buka.

    Motxilan patata frijitu pakete bat baino ez generaman, txiripaz, Bathera iristean bertan bazkaltzeko asmoa genuelako. Ibilbidea, ordea, espero baino luzeagoa izan zen.

    Guztira 26,7 kilometro ibili ginen (5 ordu eta 25 minutu). Ibilbidea atsegina da, eta bidean zehar badago tokiren bat zer edo zer jateko, baina, oro har, dendetatik urruti samar dago.

    Bidaia honetako egunik eguzkitsu eta beroena izan zen.

    Pertsona bat tren-geltokiko pareko nasan. Pertsona tren-geltokitik pasatzen ari den merkantzia trenari argazki bat egiten ari zatzaio. Tren horrek daramatzan bi kontainer urdinen arteko tartetik egin zaio argazkia pertsonari. Pertsona eta nasa aratz ikusten dira, baina igarotzen ari den trena mugituta.

    Genbiltzan bitartean inork ez zuen ezer esan nahi, baina izugarrizko jipoia izan zen. Lur jota iritsi ginen Bathera. Bokata bat jan eta trena hartu genuen Bristolera bueltan.

    Afaltzeko portu aldeko tokira itzuli ginen. Pizza eta browniea.

    Bidaiaren amaiera.

  • Bristol: bigarren eguna

    2024ko ekainaren 12a
    Erromatar garaietako bainuak (aire zabaleko igeritokia ikusten da), zutabe eta eskultura klasikoekin. Bisitariak ere ikusten dira bai beheko zein goiko solairuan.
    Bath

    Bath herrira joan ginen, trenez. Tren zerbitzu ugari dago, eta bizkorrena aukeratuz gero, hiru geraleku baino ez daude Bristol eta Bathen artean.

    Lehenik eta behin, erromatar garaiko termak eta bere inguruan sortutako museoa bisitatu genituen. Lehenengo orduan joan arren, jendez gainezka zegoen. Bisitari-talde asko zegoen, eta apur bat desatsegina zen: ikasle britainiarrak, turista asiarrak…

    Antzinako txanponak erakusketa batean. Errege edo agintari baten erretratuak dituzte.
    Igeritokian topatutako txanponak

    Kaleren bat edo beste ikusi ondoren autobus turistikoan eseri ginen; sekulako adar jotzea izan zen: denbora gehiago ematen zuen geldirik martxan baino. Kanal bazterretik ere ibili ginen, eta Pret batean bazkaldu genuen.

    Ibaiaren ondoan eraikin zahar eta ikusgarria, eta arkupedun zubia. Ontzi bat ere ikusgai ibaiaren ertzean. Zeruan laino batzuk ageri dira, baina ostarteak ere bai.
    Bath

    Ez zuen batere berorik egiten; euririk ere ez, zorionez.

    Bristoelra itzuli eta pub irlandar batean afaldu genuen. Kirola ikusteko pantaila handiak zituen.

    Lehenago esan bezala, Bristol ikasle-hiria da; agian ekaina izateagatik (eskolak amaituta), ez zen jende askorik ikusten.