Etiketa: amsterdam

  • Amsterdam, uztailak 19

    Aurrekoetan bezala, eguna goizeko zazpietan hasi da. Dutxa hartu, gosaldu, eta bederatzietan tren geltokian geunden, Utrecht-erako trena noiz iritsiko zain.

    Bidaia luzea ez bada ere, hamaika gairi buruz hitz egin dugu eta hor jakin dugu Josebak argitxo batzuk ikusten dituela —ikusi behar ez dituenean—. Zenbat eta gehiago jakin, orduan eta larriagoa iruditu zaigu.

    Utrecht-era iritsitakoan ezagun batekin hitz egitea lortu dugu eta medikuarenera joan gintezen aholkatu digu. Lehenbailehen.

    Hala ere herriko kale bizi eta atseginak ikusi ditugu eta gutako batzuk dorrera ere igo dira.

    Alde zaharra Amsterdam baino gehiago gustatu zait, ziurrenik askoz jende gutxiago zegoelako.

    Euria zetorrela uste izan dugunean greziar jatetxe batera sartu gara zer edo zer jatera. Janaria txarra izan ez bada ere, zaporea mingotsa izan da, Josebaren ikusmenaren egoeraren larritasuna areagotu delako.

    Aseguroarekin hitz egin eta arratsalde-gauerako mediku baten bista hitzartu dugu. Amsterdamera itzuli gara ahal bezain laster, Josebari atseden hartzea eta ahalegin fisikorik ez egitea gomendatu diotelako.

    Bera hoteleko gelan geratu da gainontzekook Loreen Merkatua eta Auzo Gorria ikusten genituen bitartean.

    Afaria hoteletik gertu izan da gaurkoan ere, Rembrandt plazan hain zuzen ere. Medikuak bisita egin dio Josebari baina ezin izan du deus argitu: bihar goizean deitu eta espezialistarekin txanda hartuko dio.

    Azkenean —eta abisu horian egon arren ekaitz, euri eta txingorragatik— ez du horrelakorik egin. Bihar ere abisu horia egongo da baina uste dut biharkoan eurirako jantziak hotelean utziko ditudala.

  • Amsterdam, uztailak 18

    Van Gogh-en eguna. Museoa jendez lepo zegoen sartu garenerako, bakarrik goizeko 9:30ak baziren ere. Koadroak ikusteko ilaran joan behar izan dugu eta ez da erosoegia izan.

    Honetan ere, audiogiaren azalpenak labur samarrak izan dira; Rijksmuseum-ekoak baino luzeagoak, hori bai. Bost euro balio du audiogiak eta komenigarria da norberak bere aurikularrak eramatea. Van Goghen museoan ezin da argazkirik egin baina espabilaturen batzuk saiatzen dira eta noizean behin ondo irteten zaie.

    Eguerdi aldera iparralderuntz egin dugu, Jordaan auzorantz. Herengracht kaletik gertu erosi dugu ogia, 2012an inguruan egon nintzen Maite, Unai, eta Aitorrekin. Westerkerk elizaren parean egin ditugu ogitartekoak eta Anna Frank bizi izan zen etxea bisitatzera zihoan jendetzak harritu gaitu.

    Bazkal ondoren De Otter errota bistaratzera joan gara, Amsterdam inguruan dagoen errota bakarra [hau ez dut uste egia denik]. Baina ez dago bisitatzetik. Hori bai, hainbeste ibili gara gozotegi batean sartzea erabaki dugula, eta ez da edozein gozotegi izan.

    Winkel 43 izeneko gozotegia sagar-tartengatik da ospetsua. Nirekin datozenak flojo batzuk dira eta ez dute lortu sagar-tarta zati bat zazpiren artean bukatzea. Ni tarta osoa jateko prest.

    Beranduago Amsterdam Centraal tren-geltokia ikusi dugu. Bihar hona etorriko gara azkenean Utrecht bisitatzea erabakitzen badugu.

    Supermerkatutik pasa ondoren, dutxa azkar bat eta gero, hotel parean dugun pub batean afaldu dugu, Operaren inguruan —eta 2012an bizikletak saltzea lortu genuen inguruan—. Janaria ez da batere ona izan.

    Egunotan itzaletan fresko samar egiten badu ere, eguzkiak gogotik berotzen du. Bihar tenperaturak nabarmen egingo du gora eta abisu horia dago ekaitz arriskuagatik. Horrek baldintzatuko du biharko egitaraua.

  • Amsterdam, uztailak 17

    Bart gaueko hodeiak desagertu eta oskarbi argitu du eguna gaurkoan. Ez dugu astirik galdu eta gosaldu ondoren Rijksmuseum-era joan gara zuzenean, falta zitzaizkigun bi sarrerak inprimatu ditugun bezain laster.

    Foam argazkilaritza museo paretik pasata, Museumplein-era iritsi gara. Pare bat bista gidatu egin ditugu mugikorra lagun genuela: bata museoan dauden obra garrantzitsuenei buruzkoa eta bestea museoaren eraikinari berari buruzkoa. Espero baino laburragoak izan dira biak.

    Goiz samar joan bagara ere, jende andana zegoen eta orduak pasa ahala are gehiago egongo ziren. Turista hutsak izan gara beste milaka turistarekin lehiatzen, koadroa gertuagotik nork ikusiko.

    Pare bat gauza on ditu museoak. Batetik, mugikorrerako aplikazioa dauka bista gidatuekin. Zure kabuz joan zaitezke, azalpenak oso landuak ez badira ere. Bestetik, argazkiak egitea baimenduta dago, flasharekin ez bada.

    Museoko tabernan freskagarri bat hartu dugu ondorengo orduetan egin beharrekoak antolatu bitartean. I amsterdam ikur famatuaren aurrekaldean egin dugu egin beharreko argazkia eta Vondelpark parke bitxira joan gara.

    Bitxia da diotenez —eta baldintza batzuen barruan— parkean sexu harremanak izatea baimenduta dagoelako, baina erretzea debekatuta dagoelako.

    Bertan jan dugu bidetik erositako ogitartekoa, bizikleten trafiko kaotiko sinkronizatuak harritzen gintuen bitartean.

    Geroago De Pijp auzora gerturatu gara, eta bertan igaro dugu arratsaldea. Sarphatipark parkea eta Albert Cuypmarkt merkatua ikusi ditugu beste batzuen artean. Iritsi orduko merkatua jasotzen ari ziren. Hiriko gainontzeko tokiak bezala, zikina iruditu zaigu. Uso, kaio, eta koartzak ari ziren janari arrastoei eta zarama poltsei mokoa sartzen.

    Merkatua, harrigarria bada ere, egunero montatu eta jasotzen da.

    Eguna amaitzeko, hoteletik pasa, dutxa bat hartu, eta nahiko gertu dagoen jatetxe batean afaldu dugu. Onerako harritu gaitu janariak.

    Tenperatura 20 graduren bueltan ibili da gaur —eguzkitan bero handia egiten bazuen ere— eta apurka-apurka igoko da ondorengo egunetan, horrek ekaitz arriskua ere handituko du.

    Museumplein-era itzuliko gara bihar ere, Van Gogh-en museoa ikustera oraingoan.

  • Amsterdam, uztailak 16

    Eguna ez da batere ondo hasi. Eta ez bakarrik goizeko lauretan jaiki behar izan garelako. Aireportuan maletak fakturatzerakoan esan digute overbooking zegoela eta agian Bilbon gelditu beharko ginela beste hegaldi baten zain. Eta hala izan da.

    Gainontzeko zazpiek tokia aurkitu duten arren, neu lurrean utzi naute. Eta hasieran proposatzen zidaten hegazkinak Amsterdamera 12 ordu geroago eramango nindukeen, baina azkenean eguerdiko hegaldi batean sartu naute.

    Konpainiak eman didan 5 euroko bonoarekin, goizeko hirugarren gosaria hartu dut. Denbora egiten nenbilela hara non ikusi ditudan Jon eta Ainise! Beraiek Edinburgera zihoazen.

    Azkenean, aireportuan zazpi ordu eman ondoren, hegazkina hartu eta Amsterdamera iritsi naiz. Kostata. Izerditan. Gosez. Akituta.

    Berandu nenbilen arratsaldeko bisita gidatua ikusteko eta, beraz, hotelean geratzea erabaki dut gainontzeko zazpirak noiz iritsiko zain. Ez dirudi bisitak merezi zuenik. Iritsi eta berehala afaltzera joan gara eta oso goiz bazen ere (7 t’erdietarako amaitu dugu) guztiok eskertu dugu apur batez eserita egotea eta sabela betetzea.

    Euria egiten hasi da jatetxetik irten orduko, girorik ez beraz pasiatzeko. Ea biharko eguraldia lehorragoa den.

  • Amsterdam: igandea

    Astearteko lan-elkarrizketa aitzaki, Amsterdamera etorri naiz.
    Hegaldia ez da ziteken bezain txarra izan, noizbehinka zetorren kiratsa eta pitido agudo bat kenduta.

    Kostata aurkitu dut hotela. Ate txiki bat baino ez dauka, eta sartzeko txirrina jo behar da. Ahots batek eskailerak igo behar direla esaten dizu, eta hor zoaz gora. 40 mailak igota, itxaron-gela txiki eta arraro bat dago. Freskagarri bat eskaini eta informazio ugari ematen dizu harreragileak, tartean gela uzten duzun bakoitzean giltza utzi behar duzula. Hiriko mapa bat ere ematen dizu.

    Esan beharrik ez dago izerditan blai iritsi naizela, jaka eta guzti. Izerdi tantak paperezko mukizapiekin lehortu behar izan ditut aireportutik ostatura bidean (ez nuen gogoratzen transbordo egin behar zenik). Ezin itxaron dutxa hartzeko.

    Gela non eta laugarren solairuan, eskailera gehiago. Teilatutik ezin gertuago. Logela benetan txikia da: armairuari atea kendu diote, ezin baita ireki bestela. Mahai luze bat dauka, apal baten zabalera izango duena. Eta sinestezina badirudi ere, aulki bat sartzea lortu dute. Mahaiaren eta ohearen gainekaldean apal gehiago daude: espazio bertikala baino ezin da aprobetxatu gela nimiño horretan.

    Komuna… gogoratzen aurreko urtean Zermatteko komunari buruz esandakoa? Bada, bainontzi hartan hemengo komun osoa sartuko litzateke. Txiza egiteko tira…, baina libratzeko ezin komuneko atea itxi, belaunetan emango zizukelako. Ingelesez wetroom deitzen den horietakoa da: ez dago dutxa platerik, komun osoa da platera.

    Hori bai, telebista, kutxa-gogorra, eta hozkailu txiki bat badaude gelan, baita haizegailu bat ere egun osoa piztuta ematen duena.

    Laugarren pisua izanda, berdin dio leihoak patio batera ematea, eguzkiak bete-betean ematen dio gelari.

    Apur bat deskantsatu ondoren paseo bat ematea erabaki dut, supermerkatu bat aurkitzeko aitzakiarekin. Ahaztu zait, ordea, hemengo supermerkatuetara bakoitzak bere poltsa eraman behar duela.

    Ura eta galletak erosita, hoteleko labera itzuli naiz. Bidetik ikusi ditudan taberna guztiak jendez lepo zeuden.

    Afaltzeko pizzategi bat aukeratuta neukan. Ospea dauka eta egurrezko labe batean prestatzen dituzte pizzak baina arraro samarra da. Barruan mahai bat baino ez dago, eta kanpoko mahaiak beteta daude.

    Barruan eseri nahi izanez gero, mahaia konpartitzen da. Eta ez dago kartarik: zerrenda bat hamaika pizzarekin eta bakoitzean osagaiak.

    Ez jantokirik, ez postrerik, ez komunik, ez ezer. Ura? 25cl-ko botilatxo bat. Kolonia muestra handiagoak ere ikusi izan ditut.

    Euli astuna plateretik uxatzeaz nekatu naizenean bukatutzat eman dut afaria. Ur gehiago erosi eta gelara, ea lo apurren bat egin dezakedan.