• Amsterdam: igandea

    Astearteko lan-elkarrizketa aitzaki, Amsterdamera etorri naiz.
    Hegaldia ez da ziteken bezain txarra izan, noizbehinka zetorren kiratsa eta pitido agudo bat kenduta.

    Kostata aurkitu dut hotela. Ate txiki bat baino ez dauka, eta sartzeko txirrina jo behar da. Ahots batek eskailerak igo behar direla esaten dizu, eta hor zoaz gora. 40 mailak igota, itxaron-gela txiki eta arraro bat dago. Freskagarri bat eskaini eta informazio ugari ematen dizu harreragileak, tartean gela uzten duzun bakoitzean giltza utzi behar duzula. Hiriko mapa bat ere ematen dizu.

    Esan beharrik ez dago izerditan blai iritsi naizela, jaka eta guzti. Izerdi tantak paperezko mukizapiekin lehortu behar izan ditut aireportutik ostatura bidean (ez nuen gogoratzen transbordo egin behar zenik). Ezin itxaron dutxa hartzeko.

    Gela non eta laugarren solairuan, eskailera gehiago. Teilatutik ezin gertuago. Logela benetan txikia da: armairuari atea kendu diote, ezin baita ireki bestela. Mahai luze bat dauka, apal baten zabalera izango duena. Eta sinestezina badirudi ere, aulki bat sartzea lortu dute. Mahaiaren eta ohearen gainekaldean apal gehiago daude: espazio bertikala baino ezin da aprobetxatu gela nimiño horretan.

    Komuna… gogoratzen aurreko urtean Zermatteko komunari buruz esandakoa? Bada, bainontzi hartan hemengo komun osoa sartuko litzateke. Txiza egiteko tira…, baina libratzeko ezin komuneko atea itxi, belaunetan emango zizukelako. Ingelesez wetroom deitzen den horietakoa da: ez dago dutxa platerik, komun osoa da platera.

    Hori bai, telebista, kutxa-gogorra, eta hozkailu txiki bat badaude gelan, baita haizegailu bat ere egun osoa piztuta ematen duena.

    Laugarren pisua izanda, berdin dio leihoak patio batera ematea, eguzkiak bete-betean ematen dio gelari.

    Apur bat deskantsatu ondoren paseo bat ematea erabaki dut, supermerkatu bat aurkitzeko aitzakiarekin. Ahaztu zait, ordea, hemengo supermerkatuetara bakoitzak bere poltsa eraman behar duela.

    Ura eta galletak erosita, hoteleko labera itzuli naiz. Bidetik ikusi ditudan taberna guztiak jendez lepo zeuden.

    Afaltzeko pizzategi bat aukeratuta neukan. Ospea dauka eta egurrezko labe batean prestatzen dituzte pizzak baina arraro samarra da. Barruan mahai bat baino ez dago, eta kanpoko mahaiak beteta daude.

    Barruan eseri nahi izanez gero, mahaia konpartitzen da. Eta ez dago kartarik: zerrenda bat hamaika pizzarekin eta bakoitzean osagaiak.

    Ez jantokirik, ez postrerik, ez komunik, ez ezer. Ura? 25cl-ko botilatxo bat. Kolonia muestra handiagoak ere ikusi izan ditut.

    Euli astuna plateretik uxatzeaz nekatu naizenean bukatutzat eman dut afaria. Ur gehiago erosi eta gelara, ea lo apurren bat egin dezakedan.

  • Zermatt: Geneva

    Astearte gogorra benetan. Aurreko gauen maleta prestatzen orduek ihes egin didate eta nahi baino beranduago oheratu naiz. Nahi baino goizago jaiki ere. Ziztu bizian gosaldu eta bederatzietako trena hartu dugu. Trenak nahiko erosoak dira eta komun eta guzti daukate, baina 3,5 orduko bidaiak beti dira desoroso. Vispen txiza azkar egiteko geldialditxo baten ondoren, Genevarako trena hartu dugu. Lainoek ez digute Matterhorn menditzarrari agurrik egiten utzi.

    Maletak tren geltokian utzi ditugu eta hiria ikustera joan gara. Bost ordu izan ditugu horretarako baina ez ditugu hainbeste behar izan. Beroa izugarria izan da, 34°C markatzen zuten termometroek baina galipotezko eta porlanezko oihanetan sentsazioa beti da handiagoa. Horixe da harritu nauen gauzetako bat: zuhaitz eta berdegune falta, ziur asko Zermattetik etorri izanak areagotu duena.

    Guk ikusi dugun Geneva autoz josita zegoen, zuhaitzik eta itzalik ez, zarata eta zalaparta nonahi. Gehien gustatu zaidana alde zaharra izan da. Bertatik ez oso urrun bazkaldu dugu, Starbucks nazkagarri batean, goseak eta egarriak jota. Azkenean, bero jasangaitzak behartuta, maletak jaso eta aireportura joan gara, freskoago egongo ginelakoan.

    Beti bezala, fakturazioa eta segurtasun kontrola amaigabea iruditu zait. Eta berehala hegazkinean geunden Bilborako bidean. Luxuzko erlojurik ikusteko paradarik ere ez dugu izan. Lastima…!

    3,5 ordu trenean, 1,5 hegazkinean, eta beste hainbeste autoan eman ondoren, Gasteizera iritsi gara gaueko hamaikak aldean. Matterhornera igo bagina ere ez ginateke hain nekatuta egongo. Dutxa eta ohera.

  • Zermatt: bederatzigarren eguna

    Bidaiaren amaiera iritsi da. Eguzkiaren laguntzaz Zermatt goitik behera aztertzen eman dugu eguna: eliza nagusira sartu gara, errekaren ibilbidea jarraitu dugu, eskola aurkitu dugu… hilterria ere berriro bisitatu dugu, oraingoan patxada handiagoz. Hunkigarria da benetan.

    Konturatu orduko parkean geunden ogitartekoa jaten. Arratsaldean azkenengo dendak ikusi ditugu, ezer ere erosteko asmorik ez bagenuen ere. Tren geltoki inguruan jende pila bat zegoen gaur, inoiz baino gehiago. Eta zuten itxura desberdina ez: orain arte ikusita geneukan herri mendizalea desagertu da. Takoi altuko zapatek kendu diete mendiko botei tokia, eta luxuzko maletek metxila zikinei.

    Horrelako bidaietan egiten dugun bezala, oraingoan ere afaltzeko tokia orain arte frogatutako guztien artean onena izan da. Alex izeneko hotel baten jantokia da eta aurrekoan ez bezala, gaur ia bakarrik egon gara.

    Bihar Genevera joango gara eta goiz jaiki beharra dago horretarako. Bidaiak lau bat ordu irauten du. Maletak aireportuko kontsignan utzi ondoren, hiria ikusi nahiko genuko hegaldia irten baino lehenagoko denbora tartean.

  • Zermatt: zortzigarren eguna

    Bart ikusi genituen hodeiek eduki zezaketen eraginaren beldur jaiki gara gaurkoan. Aurreko bi egunetan ez bezala, ordea, eguzkia irten da goizean goizetik eta bederatzietan martxan jartzea erabaki dugu. Zermatten eman dugun astearen pisua nabaritzen dugu, nekatuta gaude ez bakarrik egunero mendian gora eta behera ibiltzeagatik, baita goiz jaikitzeagatik ere.

    Gaurkoan Sonnegara igo gara “bost lakuen ibilbidea” egin genuenean bezala. Harkaitzean zulatuta dagoen tunel batetik igotzen da, funikular bat eraiki dute lur azpian. Gaurko ibilbidea Sonnegan hasten zen eta Zermatten amaitu, Rifelalpetik pasatuz. Ibilbidearen lehenengo zatia ezagutzen genuen, bost lakuetako hiru pasatu behar izan ditugulako. Bigarren zatia berria zen, atsegina, pinu artean, itzaletan, aldaz behera. Baina nekagarria ere.

    Mendiak altuak dira hemen eta aldapak malkartsuak. Gora egiteak nekatzen zaitu, baina baita behera egiteak ere, beti balaztatzen ibili behar zarelako.

    Eguzkiaz gain tenperatura altua ere izan dugu. Matterhornek atzo baino elur gutxiago zeukan. Azala erre ez dadin fraka luzeak daramatzat, cortavientos bat, lepo eta belarriak estaltzen buff lodi bat, eta buruan bisera. Esan beharrik ez dago izerditan blai amaitzen dudala, ibilbidearen zailtasuna handia izan ez arren.

    Azken egunetako parkean bazkaldu dugu, eliza garrantzitsuenaren atzekaldean dagoena. Solomo ogitartekoa, patata frijituak, txokolatea… betikoa. Eta izozkia. Gero hotelera itzuli gara, dutxatu eta deskantsatzeko.

    Arratsaldean erosketak egitera irten gara. Denda asko begiratu bai, baina erosi ezer gutxi. Denda ugari dago hemen, baina ez dute ezer berezirik. Kirol-arropa dendetan dagoena etxean aurkitu dezakeguna da. Bai, eskiatzeko jantziak dituzte, eta mendira igotzeko beharrezkoak diren traste guztiak alokatu daitezke. Baina ez da aparteko ezer. Eta garestia da.

    Bitxi eta erloju-denda asko dago, baina ordaindu ezin ditugun gauzak saltzen dituzte. Ikusi dugun erloju batek 90,000 € balio zuen. Honako honek harritzen nau: Londresen, denda garesti guztien ateetan morroi indartsuak zeuden, giltzaz itxitako ateak babesten; Zermatten luxuzko erloju-denden ateak irekita daude, eta bistan behintzat ez dago gorilarik.

    Bitxia da ere bizikletak kate mehe eta merkeenarekin lotuta ikustea, eta hori lotuta daudenean! Batzuk lotu gabe ikusten dira. Baita lore-dendan ere: lorontzi, landare, eta gauza guztiak kalean uzten dituzte lotu gabe, denda itxita dagoenean ere. Lapurreta gutxi omen daude.

    Erosketak edo dena delakoa egin ondoren afaltzera joan gara. Inoiz baino lehenago afaltzen ari gara, arratsaldeko zazpietan gehienetan. Hotel bateko jatetxean afaldu dugu. Barrutik ikusgarria da, egurrezko horma eta zabai sendoak. Zerbitzua ere, gainontzeko beste toki guztietan bezala, primerakoa izan da. Eta nik janariarekin asmatu ez badut ere, onartzen dut bisitatzea merezi duen toki bat dela.

    Egunari amaiera emateko paseoan joan gara gauero bezala.

    Bihar Zermatten emango dugun azken eguna izango da. Nekatuta gaudenez ez dut uste herritik mugituko garenik. Gosaria atzeratu dugu eta eguna dendak eta kaleak ikusten pasatuko dugula uste dut. Dirudien baino herri handiagoa da Zermatt eta izkutuan dauden txoko ugari ditu aurkitzeke.

  • Zermatt: zazpigarren eguna

    Zerua goibel baina hala ere mendira joatea erabaki dugu. Ibilbidea ez zen oso luzea, baina bai aldapatsua, oso gainera. Ezerezaren erdian galdutako aterpetxe batera iritsi gara eta, euria hasi duenez, beherako bideari ekin diogu. Bertara iristeko bidea hain aldapatsua izanik, euriarekin irrist egin genezakela pentsatu dugu, eta horregatik bide luzeago bat aukeratu dugu behera joateko, aldapa hain bertikala izango ez zelakoan.

    Baina oker geunden. Bideak gora eta gora egin du eta bat-batean jaitsiera iritsi da. Igoera bezain aldapatsua zen baina beranduegi genbiltzan aterpetxeraino atzera joan eta hasierako bidea hautatzeko. Euria tarteka egin digu. Matterhorn eta inguruko mendietan elurra.

    Zermattera jaitsi orduko bazkal ordua zen. Eliza atzeko parke txukun eta gozoan banku bat aurkitu dugu eta bertan eseri gara ogitartekoa jateko. Hamarnaka txori izan ditugu lagun bazkarian zehar.

    Arratsaldean hotelera itzuli gara eta bizpahiru ordu egon gara bakoitza bere logelan, deskantsatzen, lotan edo bakoitzak nahi zuena egiten. Bostak aldean kalera irten gara, kafe bat edan eta kirol-arropa dendaren bat ikusten saiatu gara. Giroa ez da egokiena izan: euria tarteka eta tenperaturak nabarmen egin du behera.

    Afaldu kale nagusiko jatetxe batean afaldu dugu. Afal osteko paseoaren ondoren lotara joan gara.

    Pare bat egun falta zaizkigu oraindik herrian eta planik gabe gelditzen ari gara. Interesgarrienak lehenengo egunetan egin genituen eta orain soberakinak baino ez zaizkigu falta. Baina euria egiten badu, ez dago mendira joaterik. Gosarian erabakiko dugu eguna zertan eman.