• Bristol: seigarren eguna

    2024ko ekainaren 16a
    Bi arraunlari errekan. Atzeko planoan burdinezko zubi bat eta eraikinak ikusten dira (hirzpalau solairuko eraikinak), eta ikuspegia zuhaitzek eta landareriak enmarkatzen du.
    Arraunean

    Trena Oxfordera. Turistek bisitatzen dutena bisitatu, merkatalgune batean bazkaldu, unibertsitateen lorategiak eta erreka ingurua ikusi, eta trena Bristolera.

    Larunbata zen, eta trenak gainezka zihoazen astebururo bezala. Jende asko eta asko zutik gindoazen, lehen klasean jarleku dezente hutsik bazeuden ere. Hainbeste jende zegoen, txartel-zulatzaileak ezin zuela aurrera egin. Treneko arduradunek eserleku horiek erabiltzeko baimena eman zuten, horrek lehen klaseko bidaiari batzuen haserrea eragin bazuen ere.

    Itxura garestiko hotel baten jatetxean afaldu genuen. Zerbitzaria emakume Brasildarra zen.

  • Bristol: bosgarren eguna

    2024ko ekainaren 15a
    Dendez jositako kale estu bat. Bihurgunea egiten du, eta kristalez estalita dago.

    Galesen eman genuen eguna, Cardiff hiriburuan hain zuzen ere. Trenez joan ginen, beti bezala. Erdigunea jendez gainezka zegoen, ziur asko asteburua zelako. Bizitasun handiko ingurua, zalantzarik gabe. Erdigunea autoei itxita egoteak ere asko lagunduko duela suposatzen dut.

    Tren geltokitik gaztelura abiatu ginen, oraindik eguzkia egiten zuelarik. Gaztelua, baina, itxita zegoen ospakizunen bat tarteko. Denda baino ezin izan genuen ikusi.

    Alexandra lorategira mugitu ginen orduan. Han AEBko marine batzuk ikusi genituen kanoi bat jasotzen — badirudi omenaldiren bat egin zutela.

    Tea askaltzeko lokal baten barruko ikuspegia. Aurreko planoan arrosak eta kandela dituen egurrezko mahai bat ikusten da, eta atzeko planoan mahai gehiago, larruzko besaulkiak, eta hormak, zeinak egurrez eta margotutako paperez estaliak dauden.

    Zonalde komertzialean murgildu ginen segidan. Kale askok estalkia dute, eta galeria batzuk sortzen dira. Oso bitxiak dira, eta merezi du bisitatzea. Galeria horietako batean zegoen Barker tea house-en bazkaldu genuen ogitartekoren bat.

    Arratsaldean eguraldiak okerrera egin zuen, eta Bristolera itzuli ginen berandu baino lehen. Erreka ondoan zegoen jatetxe italiar batean afaldu genuen, jendez gainezka zegoen, eta zarata burrunbatsua zegoen.

  • Bristol: laugarren eguna

    2024ko ekainaren 14a
    Esekitako zubi baten argazkia. Zubiaren beste aldean parke bat dago. Zeruan hodei grisak dira nagusi.
    Clifton esekitako zubia

    Laugarren eguna Bristolen bertan eman genuen. Goizean autobusa hartu eta Clifton zubi eseki ezaguna ikustera gerturatu ginen, Avon arroilaren gainean. Handik apurka-apurka erdialdera itzuli ginen. Noizbehinka euria egiten zuen. Zaparrada handi batek katedralean harrapatu gintuen.

    Hotelean bertan bazkaldu genuen, eta afaria ere bertan izan zen. Bidaia osoan izan genuen afari txarrena izan zen, hotz egiten zuelako eta janaria ez zelako oso ona.

    Bristol agortutzat eman zuten nire bidaia-kideek (lehenengo egunetik emana zutela esango nuke).

  • Bristol: hirugarren eguna

    2024ko ekainaren 13a
    Stonehengeko harri megalitikoak landa berde batean. Ikusle talde handi bat ageri da atzealdean, ilaran edo prozesio moduan, egiturari buelta emateko zain. Zerua lainotuta dago.
    Stonehenge

    Stonehenge monumentu megalitikoa ikustera joan ginen. Trenez abiatu ginen, ondoren autobusa hartu, eta bertan eman genuen goiza.

    Autobusaren geralekutik monumentura oinez joan daiteke edo “barruko” autobus bati itxaron dakioke. Euririk egiten ez badu oinez joatea ez da ideia txarra.

    Egiturari buelta bat eman. Harreragunera itzuli. Bertan erakusketa bat daukate, eta mugikorrean audiogida bat instalatu daiteke. Ikasleentzat ere jarduerak dituzte.

    Stonehengetik gertuen dagoen herrira bueltatzeko, hots, Salisburyra, autobusak orduro zirenez, museoko kafetegian bazkaldu genuen. Inguruko turista tranparik garrantzitsuena da, eta jende asko dago; bertatik atera eta ez dago ia inor.

    Arratsaldean Salisbury ikusi genuen, katedrala batez ere.

    Euria egin zigun, baita hotza ere. Eguzki gutxi. Hori dela eta, Primarken bospasei kamiseta erosi nituen (bi jartzen nituen egunero + sudadera + jaka). Eskularruei ere ez nieke muzin egingo.

    Afaria Bristoleko kai aldean izan zen. Pizza eta browniea. Gaur jende gehiago zegoen.

  • Bristol: bigarren eguna

    2024ko ekainaren 12a
    Erromatar garaietako bainuak (aire zabaleko igeritokia ikusten da), zutabe eta eskultura klasikoekin. Bisitariak ere ikusten dira bai beheko zein goiko solairuan.
    Bath

    Bath herrira joan ginen, trenez. Tren zerbitzu ugari dago, eta bizkorrena aukeratuz gero, hiru geraleku baino ez daude Bristol eta Bathen artean.

    Lehenik eta behin, erromatar garaiko termak eta bere inguruan sortutako museoa bisitatu genituen. Lehenengo orduan joan arren, jendez gainezka zegoen. Bisitari-talde asko zegoen, eta apur bat desatsegina zen: ikasle britainiarrak, turista asiarrak…

    Antzinako txanponak erakusketa batean. Errege edo agintari baten erretratuak dituzte.
    Igeritokian topatutako txanponak

    Kaleren bat edo beste ikusi ondoren autobus turistikoan eseri ginen; sekulako adar jotzea izan zen: denbora gehiago ematen zuen geldirik martxan baino. Kanal bazterretik ere ibili ginen, eta Pret batean bazkaldu genuen.

    Ibaiaren ondoan eraikin zahar eta ikusgarria, eta arkupedun zubia. Ontzi bat ere ikusgai ibaiaren ertzean. Zeruan laino batzuk ageri dira, baina ostarteak ere bai.
    Bath

    Ez zuen batere berorik egiten; euririk ere ez, zorionez.

    Bristoelra itzuli eta pub irlandar batean afaldu genuen. Kirola ikusteko pantaila handiak zituen.

    Lehenago esan bezala, Bristol ikasle-hiria da; agian ekaina izateagatik (eskolak amaituta), ez zen jende askorik ikusten.