• Bi aste Advance eskolak hasi nituela

    Londresko skylinearen ikuspegia, egun lainotu batean, ekialdetik ikusia. Tartean, The Shard, Tower Bridge, The Walkie Talkie eta The Gherkin.

    Ostirala. Udaberri giroa. Beste aste baten amaiera. Beste ikaskide batzuen agurra. Aurrekoan Ilenia eta Gilanirena izan zen; gaurkoan Elisa, Marian, Kristina, eta batez ere Adriana eta Yuri-rena. Parisera doaz aurrenik, Bruselara ondoren, Italiara gero, eta Brasilera itzuliko dira amaieran. Biak dira kazetariak eta bikotea ere bai —oker ez banago—.

    Yurik lana utzi eta podcasten bidez pelikulen kritika egiten duen webgune bat muntatu zuen. Ilea urdintzen ari zaio. Adrianak ere lana utzi zuen edo, zehatzago, freelance bezala dihardu eta ez zuen ezer berririk onartu Europara etortzekotan zegoelako. Bere txakurra maite du eta egunero hiru ordu ematen ditu lanera joan eta etxera itzultzen. Hori da eskola tabrtetxoetan ikasten dena.

    Kristinarena beste kontu bat da. 18 urte-edo ditu, austriarra da, eta Londres gorroto du. Ingelesa ikastera etorri zen eta eskolatik gertu dagoen erresidentzian egon da. Nazkatuta dago gaztelania eta portugesa entzuteaz. Bakarrik etorri zen, eta agian horrek eragina izan du. Klubera joan zen batean, Austrian onartuta dauden baina Londresen legez-kanpokoak diren pipermin spray bat konfiskatu zioten; poliziari dei egin behar ziotela azaldu eta deskuidu bat aprobetxatuz, ihes egin zuen. Orduz geroztik ikaratuta dago, poliziak aurkituko duen beldur. Gaur poz-pozik zegoen Londresen azken eguna izateagatik.

    Faltan sentituko ditut, Ilenia italiarra eta Gilani brasildarraren hutsunea nabaritzen dudan bezala; hobeto ezagutzen ditudanak dira beti alde egiten dutenak.

    Aste honetan ikaskideen kopurua bikoiztu da eta gela aldatu behar izan dugu. Eguzkiak goizean goizetik berotu du ikasgela eta, berogailuarekin batera, beroa handiegia izan da. Aire egokitua piztuta zegoela ez zen nabaritu ere egiten. Horrek edo eskolara garaiz iritsiko nintzen kezkak buruko mina eman didate.

    Metroko eskailera mekanikoak.

    Oraingo etxetik eskolara 30 minutu ditut Jonny aurreko irakaslearen arabera. Baina trenak beteta iristen dira geltokira, eta zain dagoen jendearen laurden edo heren bat baino ezin da igo. Gainontzekoak beste tren baten zain geratu beharko dira. Baina gauza bera gertatzen da ondoren datozen trenekin.

    Eta Jonny aipatu dudala, Meenu [/minah/] da oraingo irakaslea; ez dauka aurrekoak zuen bizitasuna. Nabarmendu behar da adin desberdintasuna: ez bakarrik irakasleen artean (Meenu oraindik gaztea dela esango nuke), baita ikasleen artean ere. Anna errusiarrak, Sha Zha iraniarrak eta hirurek euren seme-alabei buruz hitz egiten dute. Astelehenera arte itxaron beharko da ikaskide berriak ezagutzeko.

    Ostegunean espainiarrek dei egin zidaten, pubera joateko gonbita luzatuz. Lehenengo, eskolak ingelesa praktikatzeko antolatzen duen tabernara joango nintzela esan nien, eta gehituko zirela erabaki zuten. Eskola ate parean nengoela ikusi ninduten eta beraiekin pubera sar nedin eskatu zidaten, eskolatik irtengo zen taldeari zain egon barik. Ezin ezetz esan.

    Eskolako taldea, ordea, ez zen gu geunden tabernara etorri, eta arratsalde osoa gazteleraz barra-barra ibili ginen. Eskerrak Francesca eta Ciara italiarrak eta Alejandro uruguaiarra etorri ziren! Baina ez zuten luzaroan iraun; ez da harritzekoa.

    Juanek lanean dituen gorabeherak azaldu zizkigun: oraindik ireki gabe dagoen hotel bateko jatetxean lan egiten du. Sukaldari portugesak Michelin izar bat dauka eta 10 dira orotara zoroen pare janaria prestatzen ari direnak. Juanek plater eta mahai-tresnei distira atera behar die. Egunero betetzen da jantokia; astean zehar 75 lagun inguruk afaltzen dute [egunero], baina larunbatean 180 izan ziren zerbitzatu behar izan zituztenak. Langileak behar dituzte, baina hiru egunetan 40 eta koska ordu lan egin zutela entzutean… lorik egin gabe hiru egun eman zituen bekario-bankariaren historioa gogora datorkit. Badakizue, udan hil egin zena.

    Etxeko sukaldean arratoi bat ikusi zuela ere azaldu zigun Juanek. Jorgek eskolan ikasten jarraitzen du baina ez dugu topo egiten. Eta gaur da Franen laugarren froga eguna Chelseako kafetegi batean. Hilabete egon da lan bila, berak eta agentziak espero zutena baino askoz luzeago. Victor bere logela-kidea ere lana aurkitu ezin dabilela-eta agian Madrilera itzuliko dela aurreratu digu Franek. Juanek Victorren tokia hartu nahi du etxean, lanetik gertuago egongo litzatekeelako eta, batez ere, arratoiaren kontuagatik.

    Gure pisuko kide batek ere alde egingo du, hegoalderago dagoen etxe batera. Nik Juani aipatu diot, arratoirik ez dagoela nabarmenduz, baina tiraderen barruan ere lizuna dagoela entzutea ez zaio larregi gustatu.

    In other news, kontu korronte nazkagarri bat irekitzea lortu dut.

    * Izenak nik nahi bezala idatzi ditut
    ** Argazkiak ez dira gaurkoak

  • Surrey Quays-eko logela

    Rotherhithe Old Roadeko etxeko sukaldea.

    Asteazkenean, korrika eta presaka, Surrey Quays [/sarri kis/] inguruan dagoen logelara etorri nintzen, aurreko egunean ikusi nuena. Ez, ez zen perfektua, baina ezin nintzen Franen etxean denbora gehiago geratu.

    Guztia estaltzen duen moketa urdin ilun nazkagarria asteartean ikusi nuen; ez ordea moketa, horma eta zapaia ere eztaltzen duen lizun beltza. Komuneko lurraren gainean jarrita dagoen sintasol handiaz asteartean ohartu nintzen; baina asteazkenera arte ez nintzen jabetu kakalekuko argia ez zebilela. Izan ere kakalekua bainontzi eta konketatik bereizita dago, horrela «goizetan ez dago pilaketarik». Hori diote behintzat etxea erakusten dizutenean.

    Rotherhithe Old Roadeko etxeko eskailerak. Alboetan logeletako ateak daude.

    Baina has gaitezen hasieratik, sarreratik. Giltzari kontrako zentzuan eragin behar zaio atea irekitzeko. Premonitorioa? Ziurrenik. Hallak ez dauka bonbillarik. Txapuzaz jositako sukalde zahar bat eskumatara, eta antzinako egongela [egun logela bilakatuta] korridorearen amaieran. Gelara iritsi baino lehen jo ezazu eskumatara dauden eskaileretan gora eta goiko solairuan lau gela, komuna eta kakalekua ikusiko dituzu. Bidean hainbat toalla eskaileretako barandan eskegita, hori baita modu bakarra lehor daitezen.

    Rotherhithe Old Roadeko etxeko logela. Guztia da kalitate txarrekoa, hondatuta dago eta itxura zikina dauka.

    Eskumatara berriro, eta hirugarren atea nirea da: laugarren gela. Irudian ikusten duzuena da. Ziurrenik baten bat ohartuko zen flexoak ez daukala bonbilarik. Egia da, ez dauka. Eta beste azkarren batek galdetuko du ea zer egiten duen estufa batek berogailuaren parean. Bada, berogailuaren lana egiten du, ez daukagulako berogailurik. «Baina argi asko sartuko da leiho horietatik, ezta?» Bai, primeran egunez denean; arazoa da gauean ere argi gehiegi dagoela, gehiegi begiak biltzeko ere.

    Tira, 24 ordutan zehar argitasun itsugarri hori kenduta eta berogailuarena alde batera utzita, ez da arazo askorik egongo. Hori eta dutxako alkatxofarik ez dagoela. Eta ez dezagun ahaztu argindarra guk ordaindu behar dugula.

    Gela bakoitzak 10 libera ordaindu behar ditu, baina ez denok batera. Noiz? Diru gutxi dagoenean giltzan. Giltza hori giltza magiko bat da, PAYG [pay as you go edo erabili ahala ordaindu, prepago sistema bat]. Diru gutxi dagoela? Atera giltza sartuta dagoen makinatik, kiosko batera eraman eta bertan kargatu. Etxera itzuli eta makinan sartu berriro. Baina badakizu zer gertatzen den betebehar komunekin, ez ala?

    Larunbat goizean jaiki eta ez zegoen argindarrik: ez dutxarik, ez baso esne berorik, ez mugikorra kargatzerik, ez ezer. Eta bi liberako zorra. Dakizuenez, niretzat goizeko dutxa beroa jende normalaren goizeko kafesnea da. Umore txarrez alde egin nuen arratsaldera arte. Norbaitek «estuasuneko» botoia sakatu zuen eta horrekin ibili ginen hurrengo egunean ez-dakit-nork ordaindu zuen arte. Estuasuneko botoi horrek sei libera aurreratzen ditu. Suposatzen dut argindarra gauen bukatzen denerako pentsatuta dagoela, kioskoak itxita daudenerako.

    Nortzuk dira giltza kargatzen ez duten memelo horiek? Batek daki. Beheko solairuan, egongela konpartitzen, Madrildar eta Bilbotar bana daude. Goiko solairuko gelak indibidualak dira: bi frantses, euskaldun bat [ni] eta pisukideek diote espainiar bat ere badagoela, baina ez du inork ikusi.

    Bestela, betikoa: urteetan zaindu gabeko etxe zahar eta zikin bat da, higuingarria da ikusi, usaindu eta ikutu daiteken guztia, bereziki dutxako gortina. Konketak ez du ondo irensten. Sukaltarrian platerak pilatzen dira. Agentzian zera esan zidaten: «hilabetean behin norbait etorriko da etxea garbitzera». Etxea? Hozkailuan pegatuta dagoen orrialde honek dioenez, garbitzailea datorrenean gela bakar bat garbitzen du! Gela bat (eta sei daude) edo moketa, edo espazio komuna. Nire gela abenduaren 12an gabitu zen azkenekoz, hain zuzen ere. Baina metroa hiru minututara daukat; hori da behin eta berriz errepikatzen dudana nire buruan ohean etzanda nagoela lizun beltzak estaltzen nauela sentitzen hasten naizenean.

  • Asteko soinu-banda*

    Kasete baten marrazkia. "Asteko soinu banda" dio.

    2014/02/28

    Bostak entzuteko:

    Asteko soinu-banda

    Bakarra entzuteko:

    1. The letter. Europe [2012], Allo Darlin’
    2. Becoming a Jackal. Becoming a Jackal [2010]. Villagers
    3. Some people say. Europe [2012], Allo Darlin’
    4. Love love love. My head is an animal [2011]. Of Monsters and Men
    5. Not nineteen forever. St. Jude [2008]. The Courteeners

    ––––

    *Aste honetan entzun ditudan abestiak dira; ez du esan nahi astero zerrenda bat egingo dudanik.

  • Lur jota

    Fran eta Victorren logela
    Victor eta Franen logela, nire lastaira bi oheen erdian dagoela.
    Fran eta Victorren logela

    Azken egunak gogorrak izan dira oso. Whitechapel inguruan pare bat gela ikusi nituen, beste bat Hoxton aldean, eta, azkenean, larunbatean –igandean Moyraren etxetik alde egin behar nuen– King’s Crossera joan nintzen. Gela garestia zen, bai, baina komuna hiruk baino ez genuen konpartitu behar. Armairua egongelan zegoen, bai, baina gelak bi kristal zituen eta apenas entzuten zen kaleko trafikoa. Sukaldea txikia zen eta hozkailua ere egongelan zegoen, bai, baina gela beroa zen berogailuari eta eguzkiari esker.

    Baietz esan nien orduan, gela hura nahi nuela, eta hauek igandean joan nedin esan zidaten, goizeko hamarretan-edo. Primeran. Eskua eman eta alde egin nuen. City inguruan bazkaldu nuen, eta etxera bueltatu nintzen, oinez. Etxean Moyrari banindoala esan eta pisukide berriei ohea ze tamainakoa zen galdetu nien, izarak-eta nik eraman behar nituelako.

    Handik pare bat ordutara ez kezkatzeko erantzun zidaten, gela beste norbaitek hartua zuela, egunean bertan ordaindu baitzuen. Beraz, igandean, etxetik atera eta eskolatik gertu dagoen ikasle egoitzara joan nintzen. Ostiralean bertan egon nintzen ea gelak zituzten galdetzen, eta baietz. Ez indibidualak, baina bi ohekoak bazeudela, igandetik igandera, gosaria eta afaria barne, 150 liberaren truke.

    Hara iritsi eta ezetz, guztia beteta zegoela. Bayswater inguruan hostel gehiago zeudela aipatu eta bertara joan nedin gomendatu zidan harreran [errezepzioan] zegoen tipoak. Eta han bai, bazeuden gelak.

    – Zein gela mota nahi duzu: indibiduala, bikoa, hirukoa, laukoa, zortzikoa…

    – Indibiduala, mesedez.

    – Ez dago indibidualik.

    – Bikoa orduan.

    – Ezinezkoa da.

    – Emadazu hirukoa.

    – Laukoa izan beharko da.

    Eta laukoa hartu nuen. Eskaria hain handia zela ikusita baita hiru egunetarako hartu ere! Ordurako Franekin nengoen, tokiren batera joateko asmoa geneukalako maletak utzitakoan. Hosteleko gelan geundela beste bezero bat iritsi zen, gure parean biluztu zen tripatzarra agerian utziz, eta komunean sartu zen ezer esan barik. Fran eta biok zer esan/egin/begiratu ez genekiela.

    Natur zientzien museoan geundenean bere etxera gonbidatu ninduen, hain zen txarra hostelean ikusi zuena. Eta horixe egin nuen. Gonbita onartu eta arratsaldean hostelera itzuli, maletak jaso, pare bat labezomorro hil txiza egiten ari nintzela, check out egin, eta Franen etxera joan nintzen. Koltxoia bazegoen, baina mantarik ez eta jantzita lo egin behar izan nuen. Astelehenean, hots, hurrengo egunean, ingeles klaseak hasi nituen. Ze piura! Eskerrak dutxa bero bat hartzeko aukera izan nuela.

    Eskola inguruan geratu nintzen iragartzen ziren gela guztiak aztertzen eta berauek ikusteko tartea eskatzen, horietako batek erantzun zuen arte. Eta bostetan etxea ikustera joan nintzen. Kontratua begiratu gabe onartu, fiantza ordaindu, eta denda batera joan nintzen izara eta [batez ere] edredoi bila. Gaua hobea izan zen, bakerorik gabe lo egin nuelako manta sintetikoaren azpian. Oraindik ere Franen etxean.

    Portzierto, badakizue ipar-amerikako etxeetan bi ate daudela, bata kristalezkoa eta bestea egurrezkoa? Bada, etxetik irteterakoan, isilpean –etxe hartako guztiak lotan zeudelako nik alde egiten nuenerako–, bi ateen artean itxita geratu nintzen. Zorionez bizilagun bat komunera joan behar izan zen eta han aurkitu ninduen.

    Asteartean beraz, eskola ondoren, gainontzekoa ordaindu eta giltzak jaso nituen. Gela berrira sartzeko prest nengoen. Arazoa? Franen etxean obretan ari diren langileak etxearen jabeak direla, eta ni ezin nindutela ikusi gauzak jaso eta gelara eramateko. Ia gaueko hamarrak arte.

    Edredoia eta arropak hartu eta logelara etorri nintzen, gainontzekoa beste egunen baterako utziz. Beste edredoiren bat beharko ote ez dudan galdetzen diot nire buruari.

    Igandetik gutxi lo egin eta gaizki jaten egon naiz: azukre asko, aldez aurretik prestatutako janari merkea, edari karbonatatuak… Toki batetik bestera eraman behar izan dudan pisuak ere eragina izan du nire gorputzean eta oraindik nago kolpez josia edo, ingelesez, black and blue daukat gorputza, ubelduraz betea.

    Eta hemen amaitzen da logelaren bilaketaren historioa. Datorren egunean: logela bera.

  • Lehen logela

    Astebete daramat epostak eta smsak bidaltzen eta telefono deiak egiten igandea baino lehen gela bat lortzeko asmoz, egun horretan bukatzen baitzait orain nagoen gelaren alokairua. Epostek eta smsek ez dute erantzunik jasotzen; telefonoak ere ez batzuetan. Edo «dei deizadazu geroago». Bestetan «ez dakit gela libre dagoen, oraingo jabearekin hitz egin beharko zenuke» diote. Baina ez didate inoiz egungo jabearekin harremanetan jartzeko daturik ematen.

    Asteartean, azkenean, pare batek erantzun zuten. Batak atzo arratsaldeko 6:30etan joan nintzan eskatu zidan, gela erakutsiko zidala. Besteak –ileapaindegi baten izenean erregistratuta dagoen telefono zenbakia bat– helbidea sms batean bidaliko zidala. Baina ez zidan bidali. Akabo, honek bere aukera galdu du.

    Beraz, ingeles azterketa egin eta gero, etxera joan nintzen, arropaz aldatu eta telefonoa kargatzen jarri. Eta ikustera nindoan gela norbaitek hartu zuela zioen mezu bat iritsi zitzaidan! Arraioa! Tira, iragarki gehiago ikusi, mezu gehiago bidali… eta sms bat jaso nuen helbide batekin:

    – Gaur?

    – Bai. 20:30etan ahal duzu?

    – Bai.

    – Ordurarte.

    Eta iragarki gehiago ikusten eta mezu gehiago bidaltzen jarraitu nuen. Noizbehinka ileapaindegitik deitzen zidaten. Baina ez nuen hartzen. Tipo horrek bere aukera galdu zuen. Eta gela ikustera abiatu nintzen.

    Gherkin eraikina gauean.

    Citya pasa eta auzo itsusi batera iritsi nintzen (Whitechapel – Stepney ingurua); etxea, baina, ez zegoen gaizki. Bi solairuko etxe txiki bat zen eta parke bat zeukan parean. Ez zegoen trafikorik inguruan eta metro geltoki bat zeukan ez oso urrun, baita autobus geltokiren bat ere. Atea ireki eta han ikusten ditut gizona eta emakumea sukalde zahar batean eserita. Eta gizonezkoak dei egin eta telefonoa hartu ez diodala dio. «Hau al da zure zenbakia?» eta nik baietz erantzun diot. Orduan dei egiten dit, eta denbora luze ezer gertatu barik igaro ondoren, azkenean telefonoko pantaila piztu eta hara non deskubritzen dudan etxe hori ileapaintzailearena dela!

    Eskaileretan gora eraman ninduen. Korridoreko argi goibelak kandela batek baino gutxiago argitzen zuen. Gela txikia zen, hankaz gora zegoen, baina ohe nahiko handi bat zeukan, eta armairu bat. Behar nuenerako nahikoa. Guztia moketaz estalia, baina ez diezadazue galdetu zein kolorekoa, hain argi gutxirekin nik guztia zuri beltzean ikusten nuelako. Argi arraro hark guztia gris bilakatzen zuen.

    Bainontzi eta konketa alde batean, eta komuna bestean. Zein baino zein zahar eta nazkagarriago. Eta argitzen zituen hori koloreko argiak ez zuen batere laguntzen. Goiko solairuan beste bi ate zeuden: bata beraien gelarena, giltzaz itxita, eta batek daki besteak zer izkutatuko zuen. Eskailerak jaitsi eta betiko lelokeriak: zein da prezioa, zer dago barne eta zer ez, transferentzia edo cash, noiztik egongo den libre eta zenbatekoa den gutxieneko alokairuaren denbora.

    – Abisatu.

    – Bai, bai. Agur. [los cojones te voy a avisar – nire barnerako]

    Etxe eta logela guztiak izango al dira hain etsigarriak? Benetan deprimentea izan zen bisita, ez dut inoiz argi tristeagorik ikusi. Zoratzeko modukoa.

    Ohe gainean utzi zidaten oharra.

    Metroa hartu eta ordubete baino gutxiago tardatu nuen etxera iristen. Baina argiak itzalita zeuden. Orduan Moyra ez al zegoen etxean? Atea ez zegoen guztiz itxita, ordea. Gaueko 10ak ziren, ohean egongo zen? Sartu eta ohe gainean ohar hau ikusi nuen [eskutitz baten atzeko aldean]. Mezu bat bidal ziezadaken mugikorrera, ez? Nik dei egin eta berak hartu ez. Lausengatzeko erosi zizkidan donuts marokoar bat eta esne beroa hartu eta lotara joan nintzen. Ez da esan behar pisukide frantsesa ere ez zegoela. Elkarrekin ari ziren afaltzen.

    Gaur beste logela bat ikustera noa.