Kategoria: bidaiak

  • Amsterdam, uztailak 17

    Bart gaueko hodeiak desagertu eta oskarbi argitu du eguna gaurkoan. Ez dugu astirik galdu eta gosaldu ondoren Rijksmuseum-era joan gara zuzenean, falta zitzaizkigun bi sarrerak inprimatu ditugun bezain laster.

    Foam argazkilaritza museo paretik pasata, Museumplein-era iritsi gara. Pare bat bista gidatu egin ditugu mugikorra lagun genuela: bata museoan dauden obra garrantzitsuenei buruzkoa eta bestea museoaren eraikinari berari buruzkoa. Espero baino laburragoak izan dira biak.

    Goiz samar joan bagara ere, jende andana zegoen eta orduak pasa ahala are gehiago egongo ziren. Turista hutsak izan gara beste milaka turistarekin lehiatzen, koadroa gertuagotik nork ikusiko.

    Pare bat gauza on ditu museoak. Batetik, mugikorrerako aplikazioa dauka bista gidatuekin. Zure kabuz joan zaitezke, azalpenak oso landuak ez badira ere. Bestetik, argazkiak egitea baimenduta dago, flasharekin ez bada.

    Museoko tabernan freskagarri bat hartu dugu ondorengo orduetan egin beharrekoak antolatu bitartean. I amsterdam ikur famatuaren aurrekaldean egin dugu egin beharreko argazkia eta Vondelpark parke bitxira joan gara.

    Bitxia da diotenez —eta baldintza batzuen barruan— parkean sexu harremanak izatea baimenduta dagoelako, baina erretzea debekatuta dagoelako.

    Bertan jan dugu bidetik erositako ogitartekoa, bizikleten trafiko kaotiko sinkronizatuak harritzen gintuen bitartean.

    Geroago De Pijp auzora gerturatu gara, eta bertan igaro dugu arratsaldea. Sarphatipark parkea eta Albert Cuypmarkt merkatua ikusi ditugu beste batzuen artean. Iritsi orduko merkatua jasotzen ari ziren. Hiriko gainontzeko tokiak bezala, zikina iruditu zaigu. Uso, kaio, eta koartzak ari ziren janari arrastoei eta zarama poltsei mokoa sartzen.

    Merkatua, harrigarria bada ere, egunero montatu eta jasotzen da.

    Eguna amaitzeko, hoteletik pasa, dutxa bat hartu, eta nahiko gertu dagoen jatetxe batean afaldu dugu. Onerako harritu gaitu janariak.

    Tenperatura 20 graduren bueltan ibili da gaur —eguzkitan bero handia egiten bazuen ere— eta apurka-apurka igoko da ondorengo egunetan, horrek ekaitz arriskua ere handituko du.

    Museumplein-era itzuliko gara bihar ere, Van Gogh-en museoa ikustera oraingoan.

  • Amsterdam, uztailak 16

    Eguna ez da batere ondo hasi. Eta ez bakarrik goizeko lauretan jaiki behar izan garelako. Aireportuan maletak fakturatzerakoan esan digute overbooking zegoela eta agian Bilbon gelditu beharko ginela beste hegaldi baten zain. Eta hala izan da.

    Gainontzeko zazpiek tokia aurkitu duten arren, neu lurrean utzi naute. Eta hasieran proposatzen zidaten hegazkinak Amsterdamera 12 ordu geroago eramango nindukeen, baina azkenean eguerdiko hegaldi batean sartu naute.

    Konpainiak eman didan 5 euroko bonoarekin, goizeko hirugarren gosaria hartu dut. Denbora egiten nenbilela hara non ikusi ditudan Jon eta Ainise! Beraiek Edinburgera zihoazen.

    Azkenean, aireportuan zazpi ordu eman ondoren, hegazkina hartu eta Amsterdamera iritsi naiz. Kostata. Izerditan. Gosez. Akituta.

    Berandu nenbilen arratsaldeko bisita gidatua ikusteko eta, beraz, hotelean geratzea erabaki dut gainontzeko zazpirak noiz iritsiko zain. Ez dirudi bisitak merezi zuenik. Iritsi eta berehala afaltzera joan gara eta oso goiz bazen ere (7 t’erdietarako amaitu dugu) guztiok eskertu dugu apur batez eserita egotea eta sabela betetzea.

    Euria egiten hasi da jatetxetik irten orduko, girorik ez beraz pasiatzeko. Ea biharko eguraldia lehorragoa den.

  • Amsterdam: igandea

    Astearteko lan-elkarrizketa aitzaki, Amsterdamera etorri naiz.
    Hegaldia ez da ziteken bezain txarra izan, noizbehinka zetorren kiratsa eta pitido agudo bat kenduta.

    Kostata aurkitu dut hotela. Ate txiki bat baino ez dauka, eta sartzeko txirrina jo behar da. Ahots batek eskailerak igo behar direla esaten dizu, eta hor zoaz gora. 40 mailak igota, itxaron-gela txiki eta arraro bat dago. Freskagarri bat eskaini eta informazio ugari ematen dizu harreragileak, tartean gela uzten duzun bakoitzean giltza utzi behar duzula. Hiriko mapa bat ere ematen dizu.

    Esan beharrik ez dago izerditan blai iritsi naizela, jaka eta guzti. Izerdi tantak paperezko mukizapiekin lehortu behar izan ditut aireportutik ostatura bidean (ez nuen gogoratzen transbordo egin behar zenik). Ezin itxaron dutxa hartzeko.

    Gela non eta laugarren solairuan, eskailera gehiago. Teilatutik ezin gertuago. Logela benetan txikia da: armairuari atea kendu diote, ezin baita ireki bestela. Mahai luze bat dauka, apal baten zabalera izango duena. Eta sinestezina badirudi ere, aulki bat sartzea lortu dute. Mahaiaren eta ohearen gainekaldean apal gehiago daude: espazio bertikala baino ezin da aprobetxatu gela nimiño horretan.

    Komuna… gogoratzen aurreko urtean Zermatteko komunari buruz esandakoa? Bada, bainontzi hartan hemengo komun osoa sartuko litzateke. Txiza egiteko tira…, baina libratzeko ezin komuneko atea itxi, belaunetan emango zizukelako. Ingelesez wetroom deitzen den horietakoa da: ez dago dutxa platerik, komun osoa da platera.

    Hori bai, telebista, kutxa-gogorra, eta hozkailu txiki bat badaude gelan, baita haizegailu bat ere egun osoa piztuta ematen duena.

    Laugarren pisua izanda, berdin dio leihoak patio batera ematea, eguzkiak bete-betean ematen dio gelari.

    Apur bat deskantsatu ondoren paseo bat ematea erabaki dut, supermerkatu bat aurkitzeko aitzakiarekin. Ahaztu zait, ordea, hemengo supermerkatuetara bakoitzak bere poltsa eraman behar duela.

    Ura eta galletak erosita, hoteleko labera itzuli naiz. Bidetik ikusi ditudan taberna guztiak jendez lepo zeuden.

    Afaltzeko pizzategi bat aukeratuta neukan. Ospea dauka eta egurrezko labe batean prestatzen dituzte pizzak baina arraro samarra da. Barruan mahai bat baino ez dago, eta kanpoko mahaiak beteta daude.

    Barruan eseri nahi izanez gero, mahaia konpartitzen da. Eta ez dago kartarik: zerrenda bat hamaika pizzarekin eta bakoitzean osagaiak.

    Ez jantokirik, ez postrerik, ez komunik, ez ezer. Ura? 25cl-ko botilatxo bat. Kolonia muestra handiagoak ere ikusi izan ditut.

    Euli astuna plateretik uxatzeaz nekatu naizenean bukatutzat eman dut afaria. Ur gehiago erosi eta gelara, ea lo apurren bat egin dezakedan.

  • Zermatt: Geneva

    Astearte gogorra benetan. Aurreko gauen maleta prestatzen orduek ihes egin didate eta nahi baino beranduago oheratu naiz. Nahi baino goizago jaiki ere. Ziztu bizian gosaldu eta bederatzietako trena hartu dugu. Trenak nahiko erosoak dira eta komun eta guzti daukate, baina 3,5 orduko bidaiak beti dira desoroso. Vispen txiza azkar egiteko geldialditxo baten ondoren, Genevarako trena hartu dugu. Lainoek ez digute Matterhorn menditzarrari agurrik egiten utzi.

    Maletak tren geltokian utzi ditugu eta hiria ikustera joan gara. Bost ordu izan ditugu horretarako baina ez ditugu hainbeste behar izan. Beroa izugarria izan da, 34°C markatzen zuten termometroek baina galipotezko eta porlanezko oihanetan sentsazioa beti da handiagoa. Horixe da harritu nauen gauzetako bat: zuhaitz eta berdegune falta, ziur asko Zermattetik etorri izanak areagotu duena.

    Guk ikusi dugun Geneva autoz josita zegoen, zuhaitzik eta itzalik ez, zarata eta zalaparta nonahi. Gehien gustatu zaidana alde zaharra izan da. Bertatik ez oso urrun bazkaldu dugu, Starbucks nazkagarri batean, goseak eta egarriak jota. Azkenean, bero jasangaitzak behartuta, maletak jaso eta aireportura joan gara, freskoago egongo ginelakoan.

    Beti bezala, fakturazioa eta segurtasun kontrola amaigabea iruditu zait. Eta berehala hegazkinean geunden Bilborako bidean. Luxuzko erlojurik ikusteko paradarik ere ez dugu izan. Lastima…!

    3,5 ordu trenean, 1,5 hegazkinean, eta beste hainbeste autoan eman ondoren, Gasteizera iritsi gara gaueko hamaikak aldean. Matterhornera igo bagina ere ez ginateke hain nekatuta egongo. Dutxa eta ohera.

  • Zermatt: bederatzigarren eguna

    Bidaiaren amaiera iritsi da. Eguzkiaren laguntzaz Zermatt goitik behera aztertzen eman dugu eguna: eliza nagusira sartu gara, errekaren ibilbidea jarraitu dugu, eskola aurkitu dugu… hilterria ere berriro bisitatu dugu, oraingoan patxada handiagoz. Hunkigarria da benetan.

    Konturatu orduko parkean geunden ogitartekoa jaten. Arratsaldean azkenengo dendak ikusi ditugu, ezer ere erosteko asmorik ez bagenuen ere. Tren geltoki inguruan jende pila bat zegoen gaur, inoiz baino gehiago. Eta zuten itxura desberdina ez: orain arte ikusita geneukan herri mendizalea desagertu da. Takoi altuko zapatek kendu diete mendiko botei tokia, eta luxuzko maletek metxila zikinei.

    Horrelako bidaietan egiten dugun bezala, oraingoan ere afaltzeko tokia orain arte frogatutako guztien artean onena izan da. Alex izeneko hotel baten jantokia da eta aurrekoan ez bezala, gaur ia bakarrik egon gara.

    Bihar Genevera joango gara eta goiz jaiki beharra dago horretarako. Bidaiak lau bat ordu irauten du. Maletak aireportuko kontsignan utzi ondoren, hiria ikusi nahiko genuko hegaldia irten baino lehenagoko denbora tartean.