Kategoria: bidaiak

  • Pirinioak 2018: uztailak 21

    Amore eman dugu. Giroa apur bat freskotuko zela entzun arren gure hasierako asmoak aldatu eta gaur ez gara mendira joan, badaezpada.

    Trena hartu eta Girona bisitatzea erabaki dugu. Bidaiak 40 minutu inguru irauten du eta nahiko erosoa da, ez doalako jende larregirik. Gainera, Figuereseko tren geltokiko langileak atseginak dira.

    Gironara iritsi bezain laster turismo bulegora abiatu gara. Mapa bat eman digute toki turistikoenekin eta horiek bisitatzeari ekin diogu (kanpotik bakarrik). Niri nahiko gustatu zait.

    Campusetik gertu bazkaldu eta arratsaldean El Corte Ingelesera joan gara, hiriaren beste puntan zegoena. Espero baino askoz txikiagoa zen eta ez dugu behar genuena aurkitu.

    Trenari geltokian itxaron, Figueresera itzuli, eta Bilbotik zetozen gure beste bi kideekin egin dugu bat hotelean. Afaldu ondoren herria erakutsi diegu eta lotara joan gara.

    Bihar berriro jantziko ditugu mendiko botak eta eguraldia bortitzegia ez bada kilometroren bat egingo dugu Alta Ampurdaren inguru hauetan.

  • Pirinioak 2018: uztailak 20

    Autoa Figueresen utzi dugu gaurkoan eta trena hartu dugu Llançąra joateko. Atzokoan bezala gaur bero izugarria egin du, hogeitamar gradu baino gehiago.

    Tren geltokia utzi eta herriaren hiru turismo bulegoetako batetik irteten den ibilbide zirkularrari ekin diogu, ondo ez bagenekien ere zehazki nondik zen, ez baitago erabat egoki seinalizatuta.

    Lehenengo ordua gora eta gora ibiltzen eman dugu, sastraka eta kakti artean. Bi seinale ikusi ditugu, bakoitzak iraupen desberdin bat iragartzen, beraz, ez genekien zenbat ibili beharko ginen.

    Baina azkenean iritsi gara mendi-lepoa, eta jaisten hasi gara. La Vall de Santa Creu izeneko herri batean geldialdia egin dugu zer edo zer edateko eta ibiltzen jarraitu dugu itsasora iritsi arte.

    Ura urdin-urdina da eta ez dago nik espero beste jende. Atsegina da kostatik ibiltzea eta noizean behin itsasotik datorren haizea sentitzea. Kroaziako ibilbide hura gogorarazi dit, bertan egon zinetenok ziur badakizuela zertaz ari naizen.

    Kostako zatia hiru ordukoa omen zen eta laua izan arren niri oso gogorra iruditu zait. Ez da inolako sekretua beroa jasangaitza egiten zaidala eta egunotan izerdia orain arte irten gabe zegoen tokietatik ere irteten zait. Sabel ingurua blai eginda daramat eta bekokiko izerdia begietan sartzen zait.

    Kostata, tren geltokira iritsi eta Figueresera itzuli gara. Hotelean dutxatu eta atseden hartu, afaldu, eta erdira joan gara izozki baten bila.

    Sardanak dantzatzen ari ziren baina gehien harritu gaituena plazako horman gora eta behera zebiltzan muskerrak izan dira.

  • Pirinioak 2018: uztailak 19

    Autoa Cadaqués-eko aparkalekuan utzita Cap de Creuserako bideari ekin diogu. Berandu ez bazen ere gogor berotzen zuen eguzkiak eta herri turistikoaren hondartzak goiz bete dira jendez.

    Guk ordea, kontrako ibilbidea egin dugu: herritik kanporuntz joan gara, Dalíren etxetik pasatuz, amaierako itsasargiaren bila.

    Bidearen ohar guztiak inprimatuta, eskuan eramateagatik, eta hamaika aldiz irakurri izanagatik, galdu egin gara bidegurutze batean eta pare bat ordutan egiteko asmoa genuen 7,5 kilometroko ibilbidea luzatuz joan da. Beroak (33 graduren bueltan) ez du lagundu eta jota iritsi gara amaierara.

    Bazkaria bi Coca-Cola izan dira taberna barrukaldean, haizemailearen azpiko mahaian.

    Errepidetik itzultzea erabaki dugu orduan, oinezko ibilbideak zeharkatzen dituen hamaika kaletako batean bainu bat hartzeari uko eginez.

    Buelta ez da hain luzea izan, denbora gutxiago behar izan dugu eta autoa hartu baino lehen beste Coca-Cola bat edan dugu.

    Figueres en berriro, dutxa hartu, deskantsatu eta afaltzeko toki baten bila joan gara. Baita aurkitu ere! Atzoko egunaren ondoren nik behintzat horrelako zerbait behar nuen, bidaia gogor samarra egin baizitzaidan.

    700 Km inguru, zazpi bat ordu errepidean, gpsari so, eta bazkaltzeko onik egin ez zidan pizza bat janda. Hotelera iristerakoan deskantsatzen saiatu banintzen ere, bazkariko pizzak hor zirauen eta ezer ez afaldu gabe oheratu nintzen, gaixo.

  • Erraldoia

    Jan Bicker (1595-1653) merkatari, armadore, ontzigile, eta burgumaisuak –edo orduko alkateak– 1610 eta 1615 artean Amsterdameko portua handitzeko lanetan sortutako hiru irletako bat erosi zuen 1631. urtean: Bickerseiland. Bertan eraikiarazi zuen etxebizitza, dorre altu batekin, bere itsasontziak Amsterdamera iristen ikusi nahi zituelako.

    Izan ere Jan, Gerrit aita bezala, ontzi konpainia baten jabe zen eta Levante [Anatolia eta Egipto arteko ekialdeko Mediterraneoko kostaldea] inguruko produktuak salerosten zituen.

    Zehazki noiz jarri zen argi ez badago ere, 1647ko marrazki bati erreparatuz, Bickerren etxearen fatxadan, sarreraren gainekaldean hain zuzen ere, erraldoi (de Reus) baten irudia zegoen*. Honek, ziurrenik, Marte gudaren jainko erromatarra irudikatzen zuen, eta Bickerren aginduetara zegoen ontziolako arotz batek egina egongo zen.

    Erraldoiaren lema «ez dago egin ez dezakegun zereginik; zalantzarik gabe esku artean duguna utziko dugu laguntza behar duen gizasemeari laguntza emateko» ei zen.

    Estatua H.K. Jonker industriagileak 1850ean erosi bazuen ere, Amsterdameko Fock alkateak irudia gogoko zuen eta Jonkerrekin hitz egin zuen zaindu zezan. Hala ere, mende bat geroago, Erraldoia oso hondatuta zegoen eta Jonkerren arotz zen D. Rijnsdorp-ek erreplika bat egin zuen.

    D’Ailly-ren alkatetzapean erraldoia tokiz aldatu zuten 1951ko abuztuaren 2an.

    Irlan 150 urte eman eta gero, Jonkerrek Alicantera alde egin zuenean 1972an, berarekin eraman zuen estatua, oroigarritzat. Van Wulften Jonkerren langile ohiak, ordea, erraldoiaren irudia Amsterdamera itzultzeko eskaria egin zuen 2000. urtean eta bilatzeari ekin zion De Nieuw Amsterdam antzerki konpainiako Gerrit Wijnhoud, Rienk Hoff auzotarra, edota Ad Smit polizia komisarioa lagun zituela.

    Sei urte geroago estatua Jonkerren bilobaren etxean aurkitu zen, Kanadan, eta honek, bizilagunen eskaria betez, erraldoriaren estatua irlari itzuli zion.

    De Key auzo elkarteak bizilagunekin elkarlanean jardun zuen Erraldoia berrizteko lanetan: Egon Schrama bizilagunak oinarria diseinatu zuen eta bertan grabatu zen Jan Witte erraldoiari idatzitako poema, irlako biztanlea bera ere.

    2011ko ekainaren 29an, arratsaldeko lauretan, Eberhard van der Laan alkateak erraldoiaren estatua berriztua azaldu zuen, Touwslagerstraat-en, auzotarren desio zaharra betez.

    Orduz geroztik Jan Bickerren irla ohia zaintzen diardu egurrezko jainkoak.


    * Irudi hau ziurrenik Amsterdameko etxe askotan ikusi daitezken erliebeetako bat izango zen, etxearen jabearen ofizioa isladatzen zuena, eta geroago bilakatuko zen estatua independiente.

    Esan beharrik ez dago ahalik eta fidelen idazten ahalegindu naizen arren, informazioa nederlanderaz baino ez dudala aurkitu eta litekeena dela oso zuzena ez izatea.

    Iturria: 2011ko ekaineko OpNieuw aldizkaria & ik hou van amsterdam bloga.

  • Amsterdam, uztailak 23

    Igandea. Astearen amaiera izateaz gain gure bidaiaren amaiera ere bada. Gauza ugari bagenituen ere ikusteke, ez da guztientzat denbora nahikorik egon.

    Normalean baino apur bat beranduago jaiki gara eta goizeko orduak paseoan eman ditugu, bakoitza bere kasa. Nik Paradiso antzokia bisitatzeko aprobetxatu dut.

    Hotelera berriro, gela utzi eta bazkaltzeko. Arratsaldean, beste paseo bat eman dugu, noski. Oraingoan Prinseninland gunera joan naiz. Gauza bera ez bada ere, Londreseko Rotherhithe inguruaren antza hartu diot.

    Bidetik euriak harrapatu eta blai eginda bukatu dut, kamera non sartu ez nekiela. Zubi baten pean itxaron dut euria geldituko zelakoan baina gutxitu arren ez du guztiz atertu.
    Ingurua larregi arakatzeko paradarik ez eta hotelerako bideari ekin diot beste behin, nekatuta. Ostatuko gela utzi behar izan dugunez, traste guztiak gainean eraman ditugu.

    Bostak aldean aireportura joan gara. Hegaldia gehiago atzeratzen ez bada gaueko hamaiketan iritsiko gara Bilbora.

    Harrigarria egin zaiguna Gara eta Joseba jada etxera iritsi izana izan da. Amsterdam-Paris-Hendaia-Bilbo 12 ordu baino gutxiagotan?