Kategoria: bidaiak

  • Meppel 02

    Giethoorn herriko ubide bat, bi etxe ikus daitezke landaredia eta loreen artean.

    Gaurkoan “Venezia berdera” joan gara. Herritxo txiki bat da, Meppeletik 20 Km ingurura dagoena eta bertan pasa dugu eguna.

    Atzo garbitutako arropa lehortu bezain laster abiatu gara Venezia heze –Italiakoa baino gehiago– horretara eta iristean bizikletak utzi eta ontzi bat alokatu dugu pare bat orduz erreketan ibiltzeko asmoz.

    Atzo erositako bokatak jan ditugu eta oso egun lasaia izan da. Gainera holandar askoren laguntza jaso dugu: gizon batek Venezia Berdera joateko bidea erakutsi digu, emakume batek bueltakoa, beste emakume batek bizikletari bultza egin dio zubi bat igo nezan, eta laugarren batek afaltzeko tokiak gomendatu dizkigu (azkenean janaria ostatura eraman dugun arren).

    Giethoorn herriko ubide bat. Eskumako aldean turistoi alokatzen dizkiguten ontziak daude lotuta, etxearen aldamenean.

    Hau izan da deskantsatzeko izan dugun egun bakarra eta bihar betiko martxa berreskuratuko dugu. Nekatuta gaude baina pozik hemen guztia delako atsegina: bai herritxoak, baita jendea ere.

    Gehiago idaztea gustatuko litzaidake, baina iPad-a internetera konektatzeko erositako txartela ez dabil.

    Bihar Appelscha herrira joango gara, Amsterdamera iritsi baino lehen.

    Bideoei dagokienez, hemen ikusi daitezke [gazteleraz], baina nahiko arazo ditugu grabatzen, editatzen eta, batez ere, internetera igotzen.

  • Meppel 01

    Ubide bat. Goiko aldea zuriz margotuta duten zurtoinak daude argazkiaren lehen planoan eta ezkerreko aldean.

    Zwolleko hotelean check-out egiterakoan botika hurbilena non zegoen galdetu dugu. Maitek ziztada itsusi bat dauka hankan. Hotelekoek botikara eraman gaituzte Maite eta biok, baina zer intsektuk ziztatu duen ez genekienez, medikura joatea erabaki dugu. Ziztadak ez gaitu larritu behar eremu gorria handitzen ez bada eta erdigunea zuritzen. Nire esku atrofiatuari buruz ere galdetu dugu baina medikuak ez dio garrantzirik eman.

    Ohiko baino atzerapen handiagoz, azkenean hotela utzi, McDonalds batean bazkaldu eta egun motzenari ekin diogu: 35 Km baino ez.

    Hain bazkari txarra izanda, gauean jatetxe batera joatea erabaki dugu. Janaria italiarra zen eta oso gozoa gainera, baina ur botila bakoitzak 3€ko prezioa zutela esaten badut, gainontzekoa imajinatu daiteke.

    Ostatuan bederatzi pertsona baino ez gaude, hiru taldetan banatuta eta, beraz, talde batek ez dio besteari trabarik egiten, hots, komunak beti daude erabilgarri.

  • Zwolle

    Koartza hauskara ubide baten bazterreko belarretan.

    Atzo abiadura marka hautsi genuen. Ibilbidean ferry bat arratsaldeko seiak baino lehen hartu behar genuela-eta. Hasieran haizea baino ez zena, euri tanta bilakatu ziren, eta bidea amaitzen ari ginenerako euri zaparradak izan genituen.

    Pozik iritsi ginen Zwollera, arratsaldea aprobetxatuko genuelakoan, baina hotela aurkitzea ez zen batere erraza izan eta azkenen betiko orduan afaldu genuen; hori bai, partidua ikusteko aukera izan genuen. Hotela herriaren kanpoaldean dago eta inguruan ez du gauza askorik, beraz, bertan izan zen afaria.

    Orain Meppeleruntz goaz, ea bidean supermerkatu bat aurkitzen dugun.

  • Utrecht

    Nederlanderaz "bidegorri" eta "duna bidea" dioen bide-seinalea, atzean zuhaitz batzuk dituela.

    Ez zenukete sinistuko non lo egin dugun bart. Tokia hain da kutrea janaria oparitzen dutela.

    Hasteko, check in egiterakoan, bi botila ardo. Gosari, bazkari eta afariak prezioaren barruan daude, baina norberak prestatu behar ditu. Lehengaiak patatak, arrautzak, kipulak, makarroiak eta haragi apur bat, «nahi izatekotan patioan barbakoa bat egiteko». Ez hori bakarrik, lagunak ere gonbidatu ditzazkegu hemen jateko!

    Bizikleta bat zokutoekin piknikeko mahai baten kontra. Bizikleten bidea dikearen goikaldetik dihoa, argazkiaren eskumako aldean. Ezkerreko aldean ubidea ikus daiteke. Zerua urdin dago baina ekaitz hodeiak daude.

    Esan beharrik ez dago ahalik eta gauza gutxien ikutzea dela gomendiorik onena. Ez dut zehaztasun gehiegirik eman nahi, sukaldean xagu bat ikusi genuela baino ez.

    Gaur hirugarren eguna da, 134 Km egin ditugu dagoeneko eta gaur beste 60 egingo ditugu. Bizikletekin arazo txikiak ditugu baina nabarmentzeko ezer ez. Fisikoki ere nahiko ondo gaude baina nire ezkerreko eskuak sentikortasun eta mugikortasuna galdu du eta gauerako hobetu ez bada zerbait egin beharko dut.

  • Arrivederci

    Veneziako Canal Grande edo Ubide Handia, gauean. Alde batean etxe dotoreak ikusten dira eta bestean gondolak.

    Etxera itzultzeko hegaldia joatekoa baino askoz hobea izan zen, turbulentziarik gabea;  goizeko 4etan izara zahar eta urratuen artetik jaikitzea, ordea, nahiko desatsegina iruditu zitzaidan. Bueltako bidaia azkar egin nuela uste dut, hegazkina 7etan irten zen eta eguerdiko ordubietan etxean nengoen jada. Gasteizko inauteri zoragarriek tranbia eta autobus zerbitzurik gabe utzi nindutela ere kontutan hartu behar da.

    Etxean nagoela, aurreko asteko balorazio positiboa egiten dut. Etorkizunekoak are hobeak izateko, baina, bi gai konpondu beharko nituzke: bata beste norbaiten konpainia aurkitzea, eta bestea, herrialde horretako hizkuntza ahalik eta hoberen menperatzea.

    Azkenengo honekin hasiz, hizkuntzaren aldetik ez dut inolako arazorik izan; dakidan italiar apurra nahikoa izan ez zaidanean, ingelesez aritu naiz eta, pertsona bakar batek izan ezik,  gainontzeko guztiek primeran ulertu naute. Baina ingelesa larrialdi hizkuntza izan behar da goazen tokira goazela, eta ez tokiko hizkuntzen ordezkaria.

    Jendea orokorrean zuzena iruditu zait, agian nire –italiar– itxurak horretara bultzatzen zituen. Bereziki lagungarriak izan dira BurgerKing-eko saltzailea (oilasko hamburgesa guztien arteko desberdintasunak azaldu zizkidana) eta tren geltokian billetea erosten lagundu zidan morroi hura (ez da nik ez nekiela; bera presaka zebilela baizik). Baita Veneziako tren geltokiko langileak ere.

    Gustatu ez zaizkidanak jatetxeetako zerbitzari itsaskor batzuk izan dira, euren terrazetan eser nedin eskatuz; Venezian aurpegia margotu nahi zidaten tipo astun horiek; eskuan oparia jartzen dizutenak eta gero euro bat askatu arte bakean uzten ez zaituztenak.

    Bakarrik joateak askatasuna eman didan arren, beste norbait izan banu gutxiago kezkatuko nintzateke argazki bat egiten ari naizela badakidalako maleta eta gainerakoa lapurtuko ez didatela. Edo trenean eman ditudan orduetan norbaitekin hitz egiteko aukera izango nuelako. Espero dut udakorako hau konponduta izatea.

    Eta Bilbo-Venezia hegaldia aprobetxatuko duten horientzat, bi gozotegi gomendatu zizkidaten: pasticceria Tonolo (San Pantalon kalea, 30123 Venezia) campo Santa Margheritatik gertu eta VizioVirtu (Sestiere San Polo, 2898, 30125 Venezia), campo San Toman. Ez nuen denborarik izan eta hurrengoan bisitatu beharko ditut.

    Honekin «Italiako bidaia» post-saila amaitutzat emango dut. Argazkiak hemen.