Kategoria: Herbehereak (2012)

2012ko ekainean Herbeheretara egindako bidaiaren kronikak.

  • Ikus itzazu Herbeheretara egindako bidaiaren bideoak

    Guztira hamar egun eman genituen bizikletaz ibiltzen Herbeheretan, herrialdea hegoaldetik iparraldera zeharkatuz. Egunean, bataz beste, 45 Kilometro egiten genituen eta, amaiera aldera, atseden hartzeko egun bat edukitzea erabaki genuen, azkenean 50 Km baino gehiago egin genituen arren.

    Meppeletik Gierthoornera joan ginen, hots, *Venezia Berdera*. Bertan ontzi bat alokatu eta ahateei janaria eman genien, koloreztutako txitoei buruz hitz egiten genuen bitartean. Era berean, Maitek bikotekidea zergatik ez duen konturatu ginen.

    Gainontzeko bideoak hemen ikusi daitezke.

  • Amsterdam

    Amsterdamgo ubide bat eta argiz betetako zubi bat, gauean. Argiak uretan islatzen dira.

    Atzo iritsi ginen Amsterdamera. Azkenean ezin izan genituen bizikletak Groningenen saldu eta hiriburura ekarri behar izan genituen. Hori izan da gaurko zeregin nagusia: bizikletak saltzea. Momentuz gurekin ditugu oraindik, baina pare bat erosle ditugu. Ez dugu 50€ baino gehiago lortuko bizikleta bakoitzeko kasu onenean. Horrez gain, hiria bisitatu dugu baina hainbat gauza ditugu bihar egiteko, Van Goghen museoa bisitatzea besteak beste.

    Apartamentuari dagokionez, kanal bateko etxe baten sotoa da, eta oso egitura arraroa du. Atetik sartzean egongela dago, eta logela nagusia bera da, zapaira iristen ez den horma batek banatzen dituelarik. Sukalderako bidean armairu antzeko zerbait dago. Armairu honetako apalak gaineko etxera doazen eskailerak dira (hemen ikusi genuen xagua). Sukaldea zeharkatu behar da dutxara iristeko, eta komuna eta konketa hondoan daude, baina ez dago ispilurik bizarra kentzeko. Dutxak lehio bat dauka eta logelarekin konektatzen du.

    Bizikleta baten platera, kate-estalkia kendu ondoren, katea platerean destorloju batekin jarri nahian.

    Fisikoki nekatuta gaude, 475 kilometro egin ditugulako lo orduak gehiegi errespetatu gabe. Jatorduak ere ez dira aparteko ezer, oso ondo jatea garestia delako. Aitor eta bion doministikuak gelditzea lortu genituen botika batean pilulak erosiz baina ziztadek gero eta itxura txarragoa dute, bereziki Maiterenak: burbuilak ditu eta hazka eta hazka ari da.

    Igandean arratsaldeko lauak aldean iritsiko gara Loiura.

  • Bikes I need to sell [update: sold]

    Herenfietsen > Toerfietsen
    MGI Salsa
    75€

    Bizikleta bat Amsterdamgo kale batean, horma ilun baten kontra jarrita, argazkia egin eta saltzeko iragarkian txertatzeko.
    Aitorren bizikleta

    Damesfietsen > Toerfietsen
    Vistanak Country
    50€

    Bizikleta bat Amsterdamgo kale batean, horma ilun baten kontra jarrita, argazkia egin eta saltzeko iragarkian txertatzeko.
    Maiteren bizikleta

    Herenfietsen > Mountainbike en ATB
    Koga Miyata Explosion
    75€

    Bizikleta bat Amsterdamgo kale batean, horma ilun baten kontra jarrita, argazkia egin eta saltzeko iragarkian txertatzeko.
    Xabiren bizikleta

    Damenfietsen > Toerfietsen
    Koga Miyata Roadlaidy
    75€

    Bizikleta bat Amsterdamgo kale batean, horma ilun baten kontra jarrita, argazkia egin eta saltzeko iragarkian txertatzeko.
    Unairen bizikleta
  • Meppel 02

    Giethoorn herriko ubide bat, bi etxe ikus daitezke landaredia eta loreen artean.

    Gaurkoan “Venezia berdera” joan gara. Herritxo txiki bat da, Meppeletik 20 Km ingurura dagoena eta bertan pasa dugu eguna.

    Atzo garbitutako arropa lehortu bezain laster abiatu gara Venezia heze –Italiakoa baino gehiago– horretara eta iristean bizikletak utzi eta ontzi bat alokatu dugu pare bat orduz erreketan ibiltzeko asmoz.

    Atzo erositako bokatak jan ditugu eta oso egun lasaia izan da. Gainera holandar askoren laguntza jaso dugu: gizon batek Venezia Berdera joateko bidea erakutsi digu, emakume batek bueltakoa, beste emakume batek bizikletari bultza egin dio zubi bat igo nezan, eta laugarren batek afaltzeko tokiak gomendatu dizkigu (azkenean janaria ostatura eraman dugun arren).

    Giethoorn herriko ubide bat. Eskumako aldean turistoi alokatzen dizkiguten ontziak daude lotuta, etxearen aldamenean.

    Hau izan da deskantsatzeko izan dugun egun bakarra eta bihar betiko martxa berreskuratuko dugu. Nekatuta gaude baina pozik hemen guztia delako atsegina: bai herritxoak, baita jendea ere.

    Gehiago idaztea gustatuko litzaidake, baina iPad-a internetera konektatzeko erositako txartela ez dabil.

    Bihar Appelscha herrira joango gara, Amsterdamera iritsi baino lehen.

    Bideoei dagokienez, hemen ikusi daitezke [gazteleraz], baina nahiko arazo ditugu grabatzen, editatzen eta, batez ere, internetera igotzen.

  • Meppel 01

    Ubide bat. Goiko aldea zuriz margotuta duten zurtoinak daude argazkiaren lehen planoan eta ezkerreko aldean.

    Zwolleko hotelean check-out egiterakoan botika hurbilena non zegoen galdetu dugu. Maitek ziztada itsusi bat dauka hankan. Hotelekoek botikara eraman gaituzte Maite eta biok, baina zer intsektuk ziztatu duen ez genekienez, medikura joatea erabaki dugu. Ziztadak ez gaitu larritu behar eremu gorria handitzen ez bada eta erdigunea zuritzen. Nire esku atrofiatuari buruz ere galdetu dugu baina medikuak ez dio garrantzirik eman.

    Ohiko baino atzerapen handiagoz, azkenean hotela utzi, McDonalds batean bazkaldu eta egun motzenari ekin diogu: 35 Km baino ez.

    Hain bazkari txarra izanda, gauean jatetxe batera joatea erabaki dugu. Janaria italiarra zen eta oso gozoa gainera, baina ur botila bakoitzak 3€ko prezioa zutela esaten badut, gainontzekoa imajinatu daiteke.

    Ostatuan bederatzi pertsona baino ez gaude, hiru taldetan banatuta eta, beraz, talde batek ez dio besteari trabarik egiten, hots, komunak beti daude erabilgarri.