Kategoria: Brusela (2025)

2025eko urtarrilaren 1tik 6ra egindako bidaiaren kronikak.

  • Brusela: urtarrilak 5

    Igandea

    Oso egun motela izan zen. Le Pain Quotidienen gosaldu ondoren, trena hamarretan hartu eta Lovainara joan ginen.

    Euria etenik gabe egin zigun. Ez dakit eguraldiagatik edo igandea izateagatik zen, baina kaleak huts-hutsik zeuden. Lovaina hiri unibertsitarioa izanik, ziur asko gabon ostean ez da jende askorik ibiliko, hori egia da.

    Udaletxea, katedrala eta beginen ingurua (oker ez banago ikasleen egoitzak dira egun) bisitatu genituen. Eta gehiegi pentsatu gabe, Bruselara itzuli ginen, blai eginda.

    Hotel pareko Exkin bazkaldu genuen, eta arratsaldean erdiguneko kaleetan ibili ginen. Maison Dandoy gozotegiko gurinezko galleta ezagunak erosi (baita jan ere) eta, euriak jarraitzen zuenez, Laurent Gerbaud txokolategilearen lokalera joan ginen txokolate beroa dastatzeko asmoz.

    Ravenstein galerietan duen lokalera joan ginen, Bozar inguruan. Zoritxarrez, jende guztiak ideia bera izan zuela dirudi, eta tokirik ez egoteaz gain, esnea ere amaitu zitzaien.

    Zerbait hartu genuen nola edo hala eserita, eta, ixteko ordua iritsi zenean, paseo txiki bat eman eta faltzera abiatu ginen, egiteko besterik ez genuela.

    Bidaia ondo amaitzeko Manhattan jatetxera joan ginen berriro ere.

    Iragarritako haizete bortitzek hegazkina aireratzea ahalbidetuko ote zuten zalantzaz oheratu ginen.

  • Brusela: urtarrilak 4

    Larunbata

    Gosaldu baino lehen, gida turistiko guztietan gomendatuta datorren jatetxe bat ikustera joan ginen. Jatetxeak Chez Léon du izena (Rue des Bouchers 18), eta moules-frites zerbitzatzeagatik da ezaguna, hau da, muskuilu egosiak eta patata frijituak.

    Egun honetako plana, asteburua izanik, Cambre basoa bisitatzea zen. Astegunetan trafiko handia badu ere, asteburuetan barruko errepideak autoei itxi eta jende ugari doa bertara kirola egitera.

    Parkera iritsi baino lehen, Freedom Quarter delakoan, Louvain kaleko Leopold kafean gosaldu genuen. Brusela parkea gurutzatu, eta, Ixelles galtzadan barna, Flageyko lakuetara iritsi ginen. Merkatua zegoen inguruan.

    Cambre abadia inguratu, eta gertu duen basoan murgildu ginen. Eguraldia dela-eta, lokaztuta ez zegoena izoztuta zegoen. Negua ez da urtaro egokiena parkeaz gozatzeko.

    Waterloo galtzadako Inno bisitatu (oraindik batamantaren bat erostea aztertzen, hotz ginelako bai kalean bai hotelean), eta gabon-txartel batzuk erosita, erdigunera bueltatu ginen.

    Place Stéphanieko Exkin bazkaldu ondoren, Wittamer gozotegian bonboi batzuk erosi genituen, Sablonen duten egoitzan. Geroago, amarentzat ipuninen bat aurkitzeko asmoz atera ginen kalera, baina dende guztiak itxita zeuden. Jakingo duzuenez, amak ipuinen bilduma egiten du.

    Afaltzeko Chez Léonera joan ginen. Erreserba-sistema txatxu bat zuten, eta erreserbarik ez genuenok, kalean itxaron behar genuen. Ordubete luze egon ginen kalean, zutik, izoztuta, azkenean sartu ahal izan genuen arte.

    Turistentzako tranpa bat zen. Niri ez zitzaidan gustatu (egia da ere nik oilaskoa eskatu nuela).

    Eta ohera.

  • Brusela: urtarrilak 3

    Ostirala

    Eguraldiaren iragarpenari kasu eginez gero, egunik atseginena.

    Goizeko zortzi t’erdietan gosaldu aurreko tokian, eta Brujasera zihoan trena hartu genuen, 9:21ean.

    Brujasean 2018an egin genuen ibilbide berbera egin genuen oraingoan.

    Ez dago azalpen handirik ematerik: Brujas herri polit eta turistifikatu bat da. Merezi du ikusteak, baina hartu harnasa sakon jende mordoa dagoelako.

    Bazkariaren oroipen ona nuenez, jatetxe hartara joatea erabaki genuen, baina itxita zegoen. Ez genuen gogo handirik beste tokiren bat bilatzeko, eta erabaki genuen txokolate beroa hartzea bazkaritzat, eta Brujasetik alde egitea.

    Nahi gabe, 2018ko gozotegian sartu ginen. Breton eta gazta-tarta eskatu genituen txokolate beroarekin jateko, eta sutondoan egon ginen, beroaz disfrutatzen.

    Tren geltokirako bidean beginen ingurua bisitatu genuen.

    Bruselan, bidaiakideak Magritte artistaren museora abiatu ziren. Esan zidatenez, museoa jendez gainezka zegoen, baina okerrena da koadro esanguratsuenak ez zeudela ikusgai.

    Udaletxe ondoan dagoen jatetxe italiar batean afaldu genuen (A l’Angolo, Rue du Marché aux Poulets 2), ez ardo ez ur.

  • Brusela: urtarrilak 2

    Osteguna

    Aurrekoa amaitu bezala hasi genuen eguna: hoteleko mostradorean. Lehenengo solairuko gelako dutxa ez zebilela ondo, eta konpondu zezatela eskatzeko. Teknikaria bidaliko zutela esan ziguten, eta gosaltzera abiatu ginen.

    Erreginaren galerietan kokatuta dagoen Le Pain Quotidien sasi-okindegian gosaldu genuen. Oraindik aurreko eguneko gertakariekin haserre, Bruselatik alde egiteko zalantza izan genuen, horrela ezin baikenituen antolatutako egunak eman; jasangaitza zen.

    Galeriak alderik alde zeharkatu genituen, Erregearen atalera iritsi ere, eta ondoren, Neuve (Nieuwstraat) kalera egin genuen Inno saltokira iritsi arte, Decathlon eta Primarketik pasaz.

    Inno El Corte Inglés dekadente bat da. Beheko solairuan batamantak begiratzen geundela, hoteletik deitu ziguten, eta hamabiak baino lehen gela hustu behar genuela azaldu ziguten, aldatuko zigutelako.

    Oraindik goiz samar zenez, Adolphe Max boulevarretik hasi ginen apurka-apurka itzultzen.

    2018an ikusitako lanek aurrera jarraitzen zutela ikusi genuen, eta inguru batzuetan (De Brouckère aldean, adibidez) oraindik lan handia zutela; beste batzuk, aldiz, amaituta zeuden: autoen aparkalekua bota eta udaletxea erabat amaituta zegoen. Azkenean!

    Hotelean, maleta egin, beste gela batean utzi, eta kalera atera ginen berriro, goizean baino gogo handiagoarekin. Hala ere, gela berrian bero handirik ez zegoela baieztatu genuen.

    Sablon plazan gora egin genuen, eta Taschen argitaletxeak duen dendan liburuak ikusten egon ginen.

    2018an, azken gauean, toki bitxi batean afaldu genuen. Kanpoko itxura El Portalón jatetxearen tankerakoa zen, hau da, ehundaka urte dituen eraikin tradizional bat. Toki horren bila joan ginen Sablonetik, justizia auzitegia utzi, eta Marolles auzuneko kaleetan gora eta behera, eraikin askotan marraztuta dauden komiki-binetak ikusi bitartean.

    Txiripaz topatu genuen. Vertigo (Rue de Rollebeek 7), ezkutatutako patio batean dago kokatuta, baina ordutegi berezitxoa zuenez, beste baterako uztea erabaki genuen.

    Burtsara iritsi ginen, eta parean dagoen Exkin bazkaldu genuen bokata bat. Komuna erabiltzeko ordaindu beharra dago.

    Hotz handia egiten bazuen ere, zerua oskarbi zegoen. Kaleetan paseatzeko aprobetxatu genuen, jakin bagenekielako egun guztiak ez zirela hain eguzkitsuak izango.

    Arratsaldean Grand-Place-eko soinu- eta argi-ikuskizuna ikusi genuen, eta, hotelean deskantsatu ondoren, Saint Géry eta Dansaert inguruan ibili ginen, ibaira iritsi arte. D’Ypres boulevarrean barna, Marguerite Duras parkea zeharkatu eta Saint Catherine aldera itzuli ginen. Eremu hauek guztiak gabonetako merkatuarekin hartuak ziren, eta jende andana zegoen.

    Erabat ilunduta egon arren, oraindik goiz zenez, Bozar aretoraino joan ginen. Paseoa ahal beste luzatuta, Burtsako Manhattan jatetxean afaldu genuen.

    Bruselan eman nituen hilabeteetan, ostiraletan Manhattaneko hanburgerra erosten nuen afaltzeko; asteko poztasun bakarra nuen.

  • Brusela: urtarrilak 1

    Asteazkena

    Ez geunden oso konbentzituta nora joan gabonetako oporraldian, baina Brusela aukera erosoenetarikoa zela iruditu zitzaigun.

    Bilbon eguzkia ari zuen hegazkina aireratu zenean. Orokorrean hegaldi lasaia izan genuen, baina lurreratzea hasi zenean hodei artean sartu eta hegazkina bortizki mugitzen hasi zen haizearengatik. Azken hamar minutuak luze egin zitzaizkidan, eta erabat zorabiatuta iritsi nintzen Bruselara.

    Hotelaren erreserba webgune aski ezagun batean egin genuen, eta taxi bidaia bat oparitzen ari ziren. Guk ez genuen taxirik hartzeko asmorik, Bruselako aireportuak tren geltokia duelako eta hotela erdialdeko geltokitik gertu zegoelako, baina nola esan ezetz horrelako eskaintza bati?

    40 minutu luzez egon ginen gidariaren zain aireportuan. Larruzko aulkiak zituen Mercedes beltz bat gidatzen zuen, baina tipo arrunta zen, ez gidari profesional bat. Eguberri eguna izanda, familia-bazkaritik alde egin ote zuen galdetzen nion buruari, ziur asko behar baino ardo gehiago edan eta gero. “Ez, musulmana izango da”, errepikatzen nion nire buruari, konbentzitu nahian.

    Maletak autoan sartu eta aparkalekuko tiketa ordaintzera abiatu ginen. Hesia irekitzeko garaian, ordea, ezin ordaindu berri zuen tiketa topatu. Autoa goitik behera miatu zuen, baina tiketa ez zen azaltzen. Barrera ea zabalduko zion galdegin zuen interfonoa aktibatuta, eta ezetz, tiketik gabe ez zegoela irteterik.

    Atzera bueltatu behar izan genuen eta han zegoen tiketa, ordainlekuan, makinatik jaso gabe! Ardoa edan izanaren susmoa indartu baino ez zidan egin.

    Bidea oso luzea iruditu zitzaigun, eta debalde izanagatik gogotik ordaindu genuela uste dut. Aukeran trena askoz azkarragoa eta erosoagoa da, betiere hotela tren geltokitik gertu badago, ulertzen dut ostatua urrutiago badago taxia nahaigo izatea.


    Hotela ezaguna genuen — 2018an gurasoak bertan egonak ziren. Marché aux Herbes kalean kokatuta dagoen NH kateko hotela da, hain zuzen ere.

    Harrerako langile espainiarrak zera esan zigun, berriztuta zegoela eta orain askoz hobeto zegoela, askoz. Bada, bi logela genituen eta zein baino zein okerrago!

    Hasteko, lehen solairuan zeuden, denetan okerrena, pasabidea ere estuagoa eta ilunagoa zen; geletako bat oso arrunta zen; nirea, pasabide osoa zeharkatu eta zerbitzuaren gunean zegoen.

    Aspiragailua, erratzak eta izkina batean pilatutako batek daki nongo izara zikinak saihestu ondorengo, zerbitzuaren karga-jasogailua eta haratago, han zegoen nire logela. 115. Suhesi-atearen bestaldean. Ez zuen tamaina txarrik, baina komuna txikia zen, dutxan zeharka sartu behar nintzen. Eta arazo larriena: hotz handia egiten zuen, bi geletan.

    Kexatu ginen, eta nire logelarako beste edredoi bat eman zidan; beste gelarako berogailu elektriko bat eskaini zigun. Gogo txarrez onartu genuen.

    Berandu zenez, apur bat garbitu eta kalera irten ginen afaltzeko tokiren baten bila.

    Kale batzuetan gora eta behera eginda, Çeli’s jatetxean sartu ginen afaltzeko asmoz (Rue des Chapeliers 30, italiarra). Oso motelak izan ziren, janaria ez zen aparteko ezer, mahaiak txikiak, giro hotza (kolore eta materialengatik) eta arazoren bat izan genuen, ogia kobratu bai baina ekarri ez. Ez dugu gomendatzen.

    Eta hotelera itzuli ginen.

    Logeletara joan eta hotz. Hotz handia. Eta orduan konturatu ginen gelako leihoak bere kasa irekitzen zirela. Berriro jaitsi ginen harrerara. Tipak bazekien gela horiek kaka bat zirela, baina, noski, ezin zuen zuzenean esan. Azkenean, gelaz aldatu ninduten. Bidaiakideak, ordea, ez.

    Bidaia ez zen modurik onenean hasi.