Kategoria: Bristol (2024)

2014ko ekainaren 11tik 18ra bitartean egindako bidaiaren kronikak.

  • Bristol: bigarren eguna

    2024ko ekainaren 12a
    Erromatar garaietako bainuak (aire zabaleko igeritokia ikusten da), zutabe eta eskultura klasikoekin. Bisitariak ere ikusten dira bai beheko zein goiko solairuan.
    Bath

    Bath herrira joan ginen, trenez. Tren zerbitzu ugari dago, eta bizkorrena aukeratuz gero, hiru geraleku baino ez daude Bristol eta Bathen artean.

    Lehenik eta behin, erromatar garaiko termak eta bere inguruan sortutako museoa bisitatu genituen. Lehenengo orduan joan arren, jendez gainezka zegoen. Bisitari-talde asko zegoen, eta apur bat desatsegina zen: ikasle britainiarrak, turista asiarrak…

    Antzinako txanponak erakusketa batean. Errege edo agintari baten erretratuak dituzte.
    Igeritokian topatutako txanponak

    Kaleren bat edo beste ikusi ondoren autobus turistikoan eseri ginen; sekulako adar jotzea izan zen: denbora gehiago ematen zuen geldirik martxan baino. Kanal bazterretik ere ibili ginen, eta Pret batean bazkaldu genuen.

    Ibaiaren ondoan eraikin zahar eta ikusgarria, eta arkupedun zubia. Ontzi bat ere ikusgai ibaiaren ertzean. Zeruan laino batzuk ageri dira, baina ostarteak ere bai.
    Bath

    Ez zuen batere berorik egiten; euririk ere ez, zorionez.

    Bristoelra itzuli eta pub irlandar batean afaldu genuen. Kirola ikusteko pantaila handiak zituen.

    Lehenago esan bezala, Bristol ikasle-hiria da; agian ekaina izateagatik (eskolak amaituta), ez zen jende askorik ikusten.

  • Bristol: lehenengo eguna

    2024ko ekainaren 11
    Pilatutako autoak kale batean, arratsaldean, zubi batetik ikusita. Aldamenetan zuhaitz batzuk daude, eta zerua guztiz lainotuta dago, euria egitera balihoa bezala.
    Old Market biribilgunearen ingurua, arratsaldeko puntako orduan.

    Arratsaldean iritsi ginen Ingalaterra hegoaldeko hirira. Aireportua txikia da, eta kanpoaldean Bristolgo Temple Meads tren-geltokira doan autobusa hartu daiteke. Gure hotela ez zegoen tren geltokitik oso urruti, eta bien artean supermerkatu txiki bat zegoen izugarri eskertzen genuena.

    Hasieran arazoren bat izan genuen erreserbarekin, ez baizen agertzen hoteleko erreserba-sisteman. Baina arazoa konpondu eta gero, trasteak logelan utzi eta turismo bulegoaren bila abiatu ginen.

    Tren-geltokiaren eta hotelaren artean ez zegoen trafikorik, baina erdigunera joateko errepide nagusi bat igaro behar genuen.

    Bagenekien gutxi gorabehera turismo bulegoa non egon beharko litzatekeen, baina ez zegoen topatzeko modurik; antza denez, Bristolek ez du turismo bulegorik. Unibertsitateari esker ikasle ugari dituen hiria da, baina atzerriko turismoak ez du garrantzi handirik.

    Saltokigune dekadente batean gora eta behera ibili ginen, gero dendez jositako kaleetan, baina ia guztia itxita zegoen. Uste dut inpresio honek nire bidaia-lagunen iritzian hasiera-hasieratik izan zuela eragina — ez zuten hiria gogoko.

    Kai aldera jo genuen, eta afaltzeko italiar jatetxe bat aukeratu genuen, zerbitzariak behin eta berriro ea guztia ondo dagoen galdetzen duen horietakoa. Gau hartan Hizkuntza Eskolako emaitzak argitaratu ziren, eta batzuen gaua besteena baino gozoagoa izan zen.